Sagardoaren lurraldea

Jendez beteta, Santa Ana egunarekin eman zieten amaiera atzo, Astigarragako Santio jaiei - Astigarraga - Kronika.eus

Descripción

Egun osoko egitarauarekin eman zieten amaiera herriko jaiei atzokoan; Foru plaza bete zuten besteak beste, Idi demak, herri kirolek eta sagardo dastaketak.

ocio astigarraga degustación fiestas sagardo egunak sidra santa ana

Ficha

  • Fuente: Kronika.eus
  • Fecha: 2023-07-27
  • Clasificación: 5.2. Días de la sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016235

Texto completo

Egun osoko egitarauarekin eman zieten amaiera herriko jaiei atzokoan; Foru plaza bete zuten besteak beste, Idi demak, herri kirolek eta sagardo dastaketak.

Modu ederrean agurtu zituzten atzo herriko jaiak astigartarrek. Santio jaien azken egunean, Santa Ana eguna ospatu zuten eta jendetza hurbildu zen, jai giroa nagusituz. Goizean Zubietako joaldunek herria esnatu zuten, kalejira bat osatuz. Aurrena Foru plazan zehar zenbait buelta eman zituzten eta segidan, Astigarragako kaleetan barrena jardun zuten, joareak astintzen. Jarraian, Izer eta Alabier trikitilariek giro ederra jarri zuten eta udaletxeko arkupeetan, baserrigintza arloko artisauen azokan jardun zuten herritarrek, erosketak egiten. Sagardotegi ezberdinen sagardoaz gozatzeko aukera ere izan zuten atzo eguerdi partean, eta 12:00etan, idi demak hartu zuen plaza. Harria alde batetik bestera mugitu bitartean, Iker Zubeldia eta Joanes Illarregi bertsolariak aritu ziren bertsoan. Etxeko txikientzat, apar festa antolatu zuten 12:00etarako, eta apar artean une dibertigarriez gozatu zuten, Erriberan.

Arratsaldean, herri kirolen desafioak hartu zuen nagusitasuna: Beñat Telleria eta Paulo Azpiazu aritu ziren harria jasotzen, eta Julen Gabirondo eta Xabier Zaldua aizkoran. Eta herriko zenbait gazte trontzan eta belar altxatzean.

Helduentzako ez ezik, haurrentzako eta gaztetxoentzako ekintzak ere izan ziren atzo arratsaldean; magia ikuskizun berezia eskaini zuen Iago Magoak, eta Magma Mia bakarrizketak sekulako arrakasta izan zuen txosnan. Musikarekin girotu zuten gaua Santiotako azken egunean eta zezen suzkoak eman zien amaiera herriko festa kuttunei.