Sagardoaren lurraldea

Lekuari lotutako eskaintza Norvegian

noruega sidra manzana

Ficha

  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2024-01-17
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016171

Texto completo

Asbjorn Borsheimek,
Norvegiako Hardanger eskualdeko Ulvik
hiriko Ulvik Frukt &
Cideri sagardotegiko arduradunak, V. Sagardo Forumeko jardunaldi teknikoetan azaldu zuen
sagardoak Norvegian egindako
ibilbidea.
Historia luzea bezain gorabeheratsua du sagardogintzak
Norvegian. Sagarrak lehenagotik
ere baziren, baina XIII. mendean
Ingalaterratik iritsitako monjeek
sagastiak landatzen eta fruta
hartzitzen irakatsi zieten bertakoei, sagarrak sagardo bilakatzeko. Goia jo zuen XIX. mendean,
eta industria garrantzitsua izan
zen duela 130 urte inguru, baina
etena izan zuen 1920an, hain zuzen, garagardo, ardo eta likoreen
estatuaren monopolioa ezarri
zenean: Vinmonopolet. Nahiz
eta sagardogile gehienek behea
jo zuten, nekazariek etxean sagardoa egiten eta edaten jarraitu
zuten. 1990eko hamarkadaren
bukaeran eta 2000ko hasieran,
sagardoaren inguruko interesa
suspertu egin zen, legea aldatu
zuten, eta sagardo industria martxan jarri zen berriro.
2003an, Hardanger Cider
Organization sagardogile sarea
sortu zuten, eta 2009tik jatorri
izen babestua du. Aldaketa garrantzitsuena, ordea, urte batzuk geroago heldu zen. «2016an
baserrietan saltzeko baimena
lortu genuen. Gazte asko baserrira bueltatu ziren, eta, saltzeko
aukera zutenez, sagardoa egiten
hasi ziren. Ondorioz, garatu egin
da sektorea», Borsheimen hitzetan. Aldaketak bultzatuta, eta
ekoizle kopuruarekin batera, sagastien azalera ere handituz joan
da, nahiz eta landetxeen lursailak
txikiak izan ohi diren: bi eta zazpi
hektarea artekoak.
LEHENGAI BEREZIA
Norvegiako bigarren hiririk garrantzitsuena da Bergen, eta hiri
horretatik 150 kilometrora dago
Hardanger eskualdea, artisau
sagardoaren erdigunea. Izen bereko fiordoak ingurune naturala
baldintzatzeaz gain, bertako sagarrak ezaugarritzen ditu: argiaren
islak mendi magal malkartsuetan hazten diren frutek jasotzen
duten argi kopurua handitzen
du, eta, era berean, udako beroa
freskatzen du. Mikroklima horri
lurraren mineralizazioa gehituta, emaitza askotariko sagarrak
dira: gogorrak, lehorrak, gozoak,
aromatikoak, mikatzak... Hardanger eskualdeko sagarrez egindako
zukuak eta sagardoak munduko
onenen artean daude. Jateko
sagarrak dira, «azidotasun eta
aroma handia dute, klima epelaren, lurraren eta fiordoaren
SAGASTIAN. Asbjorn Borsheim sagardogilea, Norvegiako Ulvik Frukt & Cideri sagardotegiko sagastian.
SAGARDOAREN LURRALDEA
ondorioz». Izan ere, lehengaia
oinarrizkoa bada ere, urteak, uztak eta prentsatze denborak ere
zaporeari eragiten die.
Norvegiako sagardogintzaren
iraultzan zeresan berezia izan
duten sagardogileetako bat da
Borsheim, eta urteetan ekoizleen elkarteko presidentea izan
da. Profesionalki duela hamabost
urte hasi zen sagardoa ekoizten,
etxean lehenagotik egiten bazuen
ere. «Aurretik beste bizitza bat
nuen. 2004an baserri bat erosi nuen, eta Norvegian sagardo
ekoizle aitzindarietako bat izan
nintzen».
Hakastad etxaldeak hiru hektarea inguruko lursaila du, eta sagarra besterik ez du hazten bertan.
Hori bai, askotarikoak. «Fruta
ekoizle batek sei mota-edo ditu,
eta nik 24 ditut». Uztaren zati
txiki bat saldu egiten du, eta gainerakoa eta erositako batzuk, 15
tona inguru orotara, zukutarako
eta sagardotarako baliatzen ditu,
erdibana. Zortzi sagardo mota
ekoizten ditu, eta Norvegiako estatuaren monopolioari, jatetxeei
edo baserrira doazen bisitariei
saltzen dizkie.
Kalitatea zaintzen dute, eta
ikerketak egin dituzte, probatzeko. Horrekin batera, sagardoaren
hizkuntza landu dute, eta zapore
txarrak eta onak atzematen ikasi
dute, biak ezagutzea «garrantzitsua» baita. Ahaleginaren adierazgarri da Norvegiako sagardoek
sari ugari jaso izana azken urteotan, Frankfurteko World Cider
Awards lehiaketan edo Sagardo Forum Nazioarteko Sagardo
Lehiaketan, kasurako. Edonola
ere, ez dute esportatzen, baina
bisita egiten dieten atzerriko turistei saltzen diete.
NATURA, TURISMO
ERAKARGARRI
Borsheimek lan handia egiten du
bisitariekin. Izan ere, Ulvikeko
sagardoaren eta sagarraren ibilbidearen parte da Ulvik Frukt
& Cideri sagardotegia, Hardanger Saft-og Siderfabrikk eta
Syse Farm landetxeekin batera.
2010ean abiarazi zuten elkartzea
onuragarria izan dela dio: «Nahiz
eta lehiakideak izan, turistentzat
eta turismo agentzientzat gu bat
gara. Hori oso garrantzitsua da.
Horrenbeste hazi izanaren arrazoietako bat irekita gaudela da,
elkarrekin lan egiten dugu. Normalean, Handargereko gizon
zaharrek erregeen modura jokatzen zuten: bakoitza bere lekuan
mantentzen zen, norberarentzat
gordeaz berea. Gu irekita gaude,
eta hori garrantzitsua da arrakasta izateko».
Sagastietara joan, baserriak bisitatu, dolarean sagardoak dastatu, produktuak erosi eta beste jarduera batzuk egiteko aukera du
bisitariak Ulvikeko sagardoaren
eta sagarraren ibilbidean. Ulvik
hiriaren erdigunetik gertu daude
hiru landetxeak, eta, bakoitzak
bere berezitasunak dituenez,
zerbait desberdina eskaintzen dio
bisitariari, bere sagardoaz gain.
Adibidez, Syse Gared hirian
museo lantegi bat dago, eskulangintza tradizioak ezagutzeko. Horrez gain, urtean bi jaialdi egiten
dituzte: Sidersleppet, maiatzean,
sagardoak ospatzeko, eta Fruktsleppet sagar uztaren festa, urrian.
«Sagardo jaialdian txartela erosi
eta hiru baserrietara joan zaitezke, esperientzia bizi, ekoizpena
ikusi, eta sagardoak edo zukuak
dastatu. Udazkenean, berriz, sagarren eta beste fruten dastaketa
egiten dugu».
Turistekin jardutean, «diskurtso on bat izatea, istorio on bat»
funtsezkoa dela uste du Borsheimek. Asmatu dutela dirudi:
«Abuztuko aste bakarrean hogei
herrialdetako pertsonak izan ditut nire baserrian». Horrez gain,
eskualdeko naturaz gozatzeko jarduerak egin, eta ondoren sagardogileen etxeetara joateko aukera ere lantzen ari dira. «Inguruan
dugun natura aprobetxatzea da
helburua».