Sagardoaren lurraldea

"Gure sagardo berria!"

Descripción

Euskal Sagardoa jatorri izenak eta Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, Sagardo Berriaren Eguna egin dute Astigarragan. En Tol Sarmiento taldeko abeslari Iñigo Etxezarretak abiatu du txotx garaia. Uzta "handia" izan da, eta sagardoa, "lurrintsua".

sidrería alorrenea astigarraga euskal sagardoa iñigo etxezarreta marca protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx

Ficha

  • Autor: Enekoitz Telleria Sarriegi
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2024-01-16
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016053

Texto completo

Ez dago sagardo bakar bat, sagardoak daude: 106 sagar barietate Euskal Sagardoa jatorri izenaren barruan. Eta sagardogile bakoitzak egiten du berea. Eta geroz eta sagardo mota gehiago daude. Eta horregatik egiten zaie geroz eta zailagoa jatorri izeneko arduradunei eta adituei sagardoari adjektiboak jartzea, baina jarri dizkiote 2024koari ere: «Alkohol graduazio eta gorputz txikiagokoak, eta oso lurrintsuak».

Jar diezaiola bakoitzak bereari gustua eta aroma. Dastagai dago. Hasi da txotx garaia. Astigarragan (Gipuzkoa) aurkeztu dute, eta eszenatoki berrian aurten: Erribera kulturgunean. Sagardo Berriaren Egunak 31 urte egin ditu, eta jendetza bildu da aurkezpenean. Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko eta Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariak, Xabier Urdangarin Astigarragako alkatearekin batera, eta aurtengo gonbidatu nagusiarekin: Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmiento taldeko abeslariarekin. Aloña Beraza kazetariak aurkeztu du ekitaldia, Agin Laburu eta Sustrai Colina aritu dira bertsotan, eta Antton Telleria umoristak sartu dio txotxari ziria: «Onena beti amaierako uzten omen denez, eta sagardotegiko menuarekin konparazioa eginda: esan liteke ni naizela menbrilloa».

Haiekin batera, dozenaka sagardogile eta sagar ekoizle. Erruz egin dute oraingoan ere lana. Eman dituzte datuak: 2023ko uztarekin, 12.000.000 litro inguru sagardo ekoitzi dira Euskal Herrian. Euskal Sagardoa jatorri izenarekin, berriz, 4.000.000 litro sagardo ekoitzi dituzte 50 sagardotegik: Arabako bik, Bizkaiko hiruk eta Gipuzkoako 45ek. Euskal Sagardorako sagarra ekoizten duten sagar ekoizleak 250 dira, eta guztira ia 500 hektarea erabiltzen dira horretarako. 2023 uztan 6.000.000 kilo sagar bildu dira Euskal Sagardorako. «2023ko uzta aurrekoa baino handiagoa izan da kopuruz. Aurreko urtean uzta txikia izan zen, eta espero zen 2023an gehiago jasotzea. Uzta handia izan da, baina urriko beroek zerbait gutxitu dute sagar kopurua», azaldu du Oihana Gainzerainek, Euskal Sagardoa jatorri izeneko presidenteak —aurten utziko du kargua—.

«Aurreko urtean uzta txikia izan zen, eta espero zen 2023an gehiago jasotzea. Uzta handia izan da, baina urriko beroek zerbait gutxitu dute sagar kopurua».

OIHANA GAINZERAIN
Euskal Sagardoa jatorri izeneko presidentea
Errituala da sagardotegira joatea hein handi batean, eta baita txotx garaia aurkeztea ere. Sagarrondo bat landatzea dagokio gonbidatuari, eta euria hasi duen une berean aritu da Iñigo Etxezarreta lan horretan, Erribera kulturguneko plazan. Lokaztu ditu majo oinetako zuriak. «Abisatu zidaten, eta ekarri ditut aldagarriak», azaldu dio BERRIAri. Ohituta dagoenaren trazan aritu baita Etxezarreta aitzurrean. «Aitak landatu zituen bere garaian 16-20 sagarrondo. Gogoratzen dut 8 bat urte nituela orduan, eta sagarrondoren bat landatu nuela. Ni gasteiztarra naiz izatez, Ekoran asteburuak-eta pasatzen ditut, eta han beti egiten didaten txantxa da hiritarra naizela, eta ez dakidala aitzur bat ere hartzen... Eta, gero, hirian, berriz, herritarra naiz! Badakizu: ez batekoa eta ez bestekoa».
Arabako Errioxan dago Ekora. Ez dago han tradizio handirik sagardoaren eta sagardotegien jiran. Etxezarretak azaldu du 2009-2010 inguruan ezagutu zuela berak mundu hori, Frantzian Erasmus ikasketak egin zituen garaian: «Frantziako, Kataluniako eta Andorrako lagun kuadrilla bat nuen han, eta Aste Santuan etorri ginen Astigarragara. Geroztik, urtero-urtero elkartzen gara sagardotegian. Horregatik dauka esanahi berezi bat honek niretzat».

Antton Telleriak zirikatu zuen Etxezarreta, Arabako Errioxakoa izan eta ez ote zuen deskuiduan sagarrondoaren bueltan mahatsen bat landatuko. Onartu du Etxezarretak ardoa dela haienean nagusi, baina horregatik iruditu zaiola «oso keinu polita» paraje hartako talde bat aukeratu izana txotx denboraldiari ekiteko. «Kultura eta tradizio ezberdinen uztarketa gisa ikusten dut hori. Gainera, badago halako alderatze bat: sagardotegiek ospakizunen inguruan batzen dute jendea, eta ETSk ere hori egiten du. Zoriontasun pilula horiek banatzen ditugu».

«Badago halako alderatze bat: sagardotegiek ospakizunen inguruan batzen dute jendea, eta ETSk ere hori egiten du. Zoriontasun pilula horiek banatzen ditugu».

IÑIGO ETXEZARRETA
En Tol Sarmiento taldeko abeslaria
Hori bai: Etxezarretak ere ez du gainditu sagardoaren inguruan iaz BERRIAk Aitziber Garmendiarekin eta Jon Plazaolarekin abiatutako testa. Zer da patsa? «Patsa? Patxadarekin ez dugu lotu behar, ezta?». Sagardoa jotakoan gelditzen diren sagar zatiei deitzen zaie horrela. Zer da ziria? «Ziria deitzen zaio adarrari?». Kupelaren zulotxoa estaltzen duen makilatxoari deitzen zaio horrela. «Suspendituko dut, seguru». Zer da manttoni? «Joder, entzuten dudan lehen aldia da». Sagar mota bat da manttoni. Eta 106 barietate ezberdin daudenez, zer da mozolua? «Beste sagar mota bat da, ezta?». Bai, hala da, bakarra asmatu du. Eta bai, Etxezarretak ere suspenditu egin du.

Amaitu da herriguneko ekitaldia, eta harrera beroa egin diote En Tol Sarmiento taldeko abeslariari Alorrenea sagardotegian. Aterrunea baliatuz, sagar dantzarekin agurra, eta sokadantzan parte hartzeko gonbidapena. Elkarrekin sartu dira denak sagardotegian. Dozenaka kamera eta fokuren aurrean bete du Etxezarretak edalontzia. Esan zezakeen: «Sagardotegian, Zurekin batera» edo «Sagardotegian, Aukera berriak». Baina zintzo demonio eta hutsik egin gabe esan du: «Gure sagardo berria!».