Zagardoa markesak pikaroa lau hankatan jarri zuenekoa
Descripción
'Vida y hechos de Estebanillo González, hombre de buen humor, compuesta por él mismo'. Vida y hechos de Estebanillo González, hombre de buen humor, compuesta por él mismo (Estebanillo González gizon umoretsuaren bizitza eta gertaerak, berak idatzita) Hori da aipatu eleberriaren izenburua.
astigarraga centro de documentación euskara historia museo sidra sagardoetxea
Ficha
- Autor: Jon Torner zabala
- Fuente: Argia
- Fecha: 2023-01-22
- Clasificación: 3.0. Museo de la Sidra Vasca
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-015635
Texto completo
Vida y hechos de Estebanillo González, hombre de buen humor, compuesta por él mismo (Estebanillo González gizon umoretsuaren bizitza eta gertaerak, berak idatzita) Hori da aipatu eleberriaren izenburua. Autorea nor den ez dakigu, ezta obra biografikoa den ala, aitzitik, benetako pikaro baten ibilerak inspiraziotzat hartuta beste pertsona batek idatzi zuen. Edonola ere, egileak erabiltzen ditu zagardoa eta sidra grafiak, Estebanillok Guipúscoa-n zeharreko bidaian bizi izandakoak kontatzen dituen pasartean. Markesak ez zion onik egin...
“Salí de la ciudad de Pamplona con una mula y un criado y, después de haber pasado los confines del reino de Navarra, entré en la provincia de Guipúscoa, que, aunque es paísno barato, es muy regalado y ameno de variedad de arboledas. El segundo día y postrero de mi viaje, a persuasión del criado, quizá por ir él a caballo, bebí una poca de cidra por hacer gran calor y decirme que era buena para refrescar; pero apenas la había envasado por mi daño y ignorancia en la cueva de mi barriga, cuando empezó a tener alborotos con el vino que estaba adentro y andar a puñadas el uno con el otro, sintiendo yo, bien contra mi gusto, la batalla y el combate; pero ¿qué menos me podía suceder con bebida cuyo propio nombre es zagardoa, que mal azagaya le tiren al ladrón que tal me hizo beber? Alfin, como en muchos reinos y señoríos me han dado emperatrices, reinas y damas de calidad muchas ayudas de costa, en esta provincia la señora doña Zagardoa, marquesa del Real de Manzanares, me honró con hacerme ayuda de cámara y escudero de a pie, puestodo el camino fui a pata con los calzones sueltos y en las manos, y haciendo a cada veinte pasos una parada (...)”.
Astigarragako Sagardoetxea museoaren dokumentazio zentroaren webgunean topatu dugu eleberri pikareskoari erreferentzia egiten dion artikulua, Sagardoa, Iñaki Berriok idatzia El Diario Vasco egunkariaren 1999ko urtarrilaren 28ko zenbakian. Hemerotekaren atalean dago jasoa, dozenaka egunkari eta aldizkaritako –ARGIAkoak tartean– artikuluekin batera. Halaber, dokumentazio zentro birtualak biltzen ditu argazkiak, bideoak, Sagardoetxearen fondoan dauden liburuen erreferentziak eta dokumentuak, zientoka dokumentu, duela mendeetakoak asko, sagastiekin lotutako auzien ingurukoak (salerosketak, kontratuak, zergak, epaiketak...) besteak beste. Sagardoaren kulturak erakartzen dituen ikertzaile, sagardozale, ikasle eta hiritarren eskura dago material hori guztia, ondarea bildu eta antolatzeaz gain, hura gizarteratzea baitu helburu museoak.
Idatzizko lehen aipuak
Orotara dokumentazio zentroak ditu 46.956 argazki, 188 liburu, 431 bideo, 14.250 prentsa-artikulu eta 3.070 dokumentu, Sagardoetxea museoko komunikazio arduradun Leire Alkortak azaldu digunez.
Astigarragako Sagardoetxea museoa eta dokumentazio zentroa jasotzen duen eraikina. / Wikimedia
Aspaldikoak dira Vasconia-ko sagastien inguruko idatzizko lehenbiziko aipuak, baita phitarra deitzen zitzaion sagardoaren antzeko edariari (egositako sagar zatiak ur eta eztitan diluituta egindakoari) buruzkoak ere. Koldo Mitxelena hizkuntzalariak jaso zuen moduan 1964an plazaratutako Textos arcaicos vascos (Euskal testu arkaikoak) liburuan, sagardo produkzioari erreferentzia egiten dioten lehenengo idatziak XI. mendekoak dira. Zaharrena 1014ko apirilaren 17koa da, latinez idatzitakoa, zeinak aipatzen duen Iruñeko errege Antso Nagusiak Leireko monasterioari egindako lurren dohaintza bat. Testuak zerrendatzen ditu besteak beste Gipuzkoako lursail horretako sagastiak.
Idatzi horren transkripzioa da, hain justu, museoaren dokumentazio zentroan dagoen zaharrena. Vianako Printzea erakundearen argitalpen batean jasoa. Dokumentuez gain, hemeroteka eta fototeka ere “balio handikoak” direla esan digu Alkortak. Hemeroteka, 1874tik aurrerako berriek lehen mailako informazioa ematen dutelako sektoreak izan duen bilakaeraz. Eta Fototeka, argazkien artean balio historiko handiko batzuk daudelako; adibidez, Astigarragan desagertutako baserri batzuenak edo lehen Sagardo Egunekoak, Sagardo Berriaren Egunekoak, Sagar Uzta, esperientzia turistikoak... Bideoen artean, Erbitegi-Etxeberri baserria eraitsi aurretik egin zena eta XIX. mende hasierako sagardotegiak birsortu zirenekoa nabarmendu dizkigu.
Sagardoa, deabruaren elixirra
XI. mendetik aurrera, geroz eta dokumentu gehiagotan aipatuko dira sagasti, sagardo eta dolareak, Donejakue bidea egiten ari ziren erromesen eskutik sarri. Ibañeta mendatean barna, Luzaidetik Orreagara eta handik Iruñerantz zuzentzen ziren, Aymeric Picaud monje beneditarrak egin zuen moduan XII. mendean. 1134an Codex Calixtinus edo Liber Sancti Jacobi latinezko eskuizkribua idatzi zuen, Donejakue bideari buruzko oharrak jasotzen zituen gida moduko bat. Liburuan Basclus (gaurko Ipar Euskal Herriko biztanleak) eta Nauarrus (Hego Euskal Herrikoak) aipatzen ditu. Pasarte batean dio Landetako lurrak pobreak zirela; ez ordea hizkuntza ulertezin batean mintzo ziren Bascli-ak bizi ziren eskualdea, bertako baso eta mendateekin, non ez zegoen ardorik baina bai sagar ugari, eta sagardoa.
Aymeric Picaud monjeak euskaldunen “ohitura basatiez” mintzo zen eskuizkribuan, eta mendeen joan-etorriak ez zuen hainbaten begietara irudi hori goxatu. 1609an Pierre de Lancre inkisidore frantziarra Lapurdira bidali zuten. Bertako herritarrak sorgindurik zeudela idatzi zuen, Jainkoaren existentzia ezagutzen ez zuten bekatariak zirela. Harentzat, sagarra zen bekatuaren fruitua, Adan galbidera eraman zuena; eta sagardoa, deabruaren elixirra. Hura zenez euskaldunek edaten zutena, sorgin-ehiztaria sinetsia zegoen pertsona erook deabruak hartuak zituela eta eskarmentua jaso beharra zutela.
Hamaika idatzi gehiagotan aipatuko ziren sagarrondo eta sagardoa, fantasiazko testuetan batzuetan, askoz ere formalagoak ziren tramite burokratikoetan besteetan. “Euskarazko grafia duen ‘sagardoa’ hitza oso modernoa da”, esan digu Alkortak. “Ez dugu ahaztu behar dokumentu horien %99,9 gaztelaniaz idatzita daudela”. Dokumentazio zentroan halere euskarazko material mordoa dute; merezi du webgunean saltsatzea, pieza politak gordetzen ditu-eta.