Sagardoaren lurraldea

Emakumeak sagardogintzan: Maria Josefa Orobio (4/4)

Descripción

Lourdes Odriozola, Historian Doktorea Sagardogintzarekin harremana izan zuten emakumeen inguruko artikulo sorta honen laugarren eta azken protagonista Maria Josefa Orobio da, XVIII. mendearen erdialdeko emakumea, errenteriarra eta erosahalmen handikoa. Bere historioa artoa iritsi eta hedatu zen unean gertatu zen; honek aldaketa sakonak ekarri zituen nekazaritza-antolamenduan eta landatzeko sistemetan, artoak sagarrondo-sailak alboratu eta ordezkatu zituen, etekin hobea ematen zuela-eta.

donostia emakume ekintzaileak sagardogintzan mujer exposiciones historia sidra

Ficha

  • Autor: Lourdes Odriozola
  • Fuente: Elkano Fundazioa
  • Fecha: 2021-05-05
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Blogs
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-015616

Texto completo

Sagardogintzarekin harremana izan zuten emakumeen inguruko artikulo sorta honen laugarren eta azken protagonista Maria Josefa Orobio da, XVIII. mendearen erdialdeko emakumea, errenteriarra eta erosahalmen handikoa. Bere historioa artoa iritsi eta hedatu zen unean gertatu zen; honek aldaketa sakonak ekarri zituen nekazaritza-antolamenduan eta landatzeko sistemetan, artoak sagarrondo-sailak alboratu eta ordezkatu zituen, etekin hobea ematen zuela-eta.

Maria Josefa, Errenteriako Etxeberria baserriaren jabea, Juan Bautista Arizabalorekin ezkondu zen herriko parrokian 1712ko irailaren 19an. Zazpi seme-alaba izan zituzten. Ezkontzean Pasai Donibanera joan ziren bizitzera, senarraren etxeetako batera; handik kudeatu zituen bere ondasunak, eta bertan hil zen 1774ko irailaren 2an. Azpimarratu behar da nahiko kasu berezi eta ezohiko baten aurrean gaudela; izan ere, emakumea izan arren, Maria Josefak berak zuzenean gobernatu zituen bere ondasun batzuk, eta bere kabuz salaketa bat jarri zuen, bere izenean, nahiz eta oraindik alargundu gabea izan.

Artoa iritsi eta hedatu izanak aldaketa sakonak ekarri zituen nekazaritza-antolamenduan eta landatzeko sistemetan. Artoak sagarrondo-sailak alboratu eta ordezkatu zituen, etekin hobea ematen zuela-eta; landare guztia erabil zitekeen, eta berehala egokitu zen Euskal Herriko lur eta orografiara. XVIII. mendean sagarrondoaren egoera oso larria zenez, probintziako eta udaletako agintariak saiatu ziren, kosta ahala kosta, hura babesten, sagar-aldaera preziatuak mantentzen, sagardoaren kalitatea bermatzen, herritarren hornidura ziurtatzen eta prezioak neurriz kanpo igotzea eragozten.

Maria Josefak berak zuzenean gobernatu zituen bere ondasun batzuk, eta bere kabuz salaketa bat jarri zuen, bere izenean, nahiz eta oraindik alargundu gabea izan.

Hain zuzen ere, udalek sagardoa saltzeko sistema bat ezarri zuten: zozketa bidez erabakitzen zen saltzeko “txanda”. “Txanden” iragarpena elizako pulpitutik egiten zen, mezako ofertorioan, eta herri-hizkeran, hau da, euskaraz, mundu guztiak uler zezan. Aukeratuak zirenek zozketan zehaztutako prezioan eta ordenan saldu behar zuten beren sagardoa; hala egin ezean, zigortu eta sagardoa konfiskatu egiten zieten. Kasuren batean, gainera, bestelako neurri batzuk ere hartu ziren. Gauzak horrela, Errenteriako Kontzejuak 1747ko abuztuaren 23an agindu zuen urte horretan ezingo zela atera ez sagardorik ez sagarrik herriko jurisdikziotik, eta batelarien bidez garraiatzea ere debekatu zuen. Inork hori betetzen ez bazuen, 10 dukateko isuna jarriko zitzaion.

Udal-erabakia sagardoaz ari zen, ez zizarraz. Zizarra, uztaro hasieran zuhaitzetik eroritako sagar heldugabeekin egiten zenez, “akastuna eta sasikotzat” jotzen zen. Horregatik, denbora gutxian kontserbatu zitekeen: hilabete bat eta hilabete eta erdi bitarteko denboran; hortik aurrera, ozpindu egiten zen. Batzuetan, herrian aurreko urteko uztako “zozketetako” sagardo guztia amaitzean saltzen zen zizarra. Ez zen hori izan, ordea, 1747ko irailean gertatutakoa, eta hor hasi zen Maria Josefa Orobioren arazoa Errenteriako errejidoreekin.

Orobio andreak, azken 24 urteetan egin zuen moduan, Etxeberria baserria zaintzen zuen pertsonari agindu zion, bere dontzeilaren bitartez, eraman ziezazkiola hiru karga zizarra Pasaiako etxera, etxean kontsumitzeko. Horrez gainera, Francisca Vertiz eta Bautista Echeverria batelarien zerbitzua kontratatzeko ere agindu zion; gehienbat emakumeek betetzen zuten lan hori Pasaiako portuan. Jakitun zenez zer erabaki hartu zuen Errenteriako udalbatzak eta zer ohitura zegoen herrian kasu horietarako, hau da, hura ateratzeko gutxienez bi errejidoreren baimena behar zela, bere langileei agindu zien lortzeko aldez aurretik udal-agintarien lizentzia. Eta lortu zuten, bai, baina hitzez, ez idatziz.

Etxeberria baserrian egindako zizarraren hiru kargak irailaren hasieran garraiatu zituzten. Jaiegun eguerdia zen, eta herritar gehienak Kaputxinoen komentura joanak ziren, emanaldi publiko bat ikustera. Manuel Arbide langileak zaldi bat kargatu zuen hiru zizarra zahagiz. Francisca Vertiz eta Bautista Echeverriak Errenteriako Alaberga kaian lotuta zeukaten batelean ontziratzera zihoazela, ordea, alkatearen aginduz edaria konfiskatu eta baserriko maizterra atxilotu egin zuten. 10 dukateko isuna ordaindu ostean askatu zuten.

Maria Josefa Orobiok salatu egin zuen gertakari hori, batetik, ez zuelako irizten legezkoa zenik, eta, bestetik, handik egun batzuetara Errenteriako Udalak Maria Agustina Larramendiri utzi egin ziolako benetako sagardoa eramaten Errenteriako sagastitik Pasai Donibanen zuen etxeraino. Korrejidoreak arrazoia eman zion Orobio andreari, eta Errenteriako sindikoaren erabakia baliogabetu zuen. Konfiskatutako zizarren balioa ordaintzera kondenatu zuen Udala, bai eta ezarritako isuneko 10 dukatak itzultzera ere. Halere, ez zen hor amaitu kontua, Kontzejuak epaiaren aurkako apelazioa egin baitzuen Valladolideko Errege Kantzelaritzan.

Ikus daitekeenez, gure lau protagonisten historiak desberdinak dira erabat, baina denek dute zerbait berdina: zailtasunei eta bidegabekeriei aurre egiteko emakume horiek erakutsitako ausardia. Aldi berean, historia horiek erakusten dute aurreko mendeetan zenbait emakume gai izan zirela oso gai delikatuak salatzeko, hala nola udal-agintarien gehiegikeria nahiz larderia, bai eta genero-indarkeria ere, legeak gizonek egiten zituzten gizarte batean.

Iturria: Sagardoetxea Museoak antolatutako erakusketa “Emakume ekintzaileak sagardogintzan”

Ilustrazioak: Jokin Mitxelena

Partekatu