Emakumeak sagardogintzan: Ana Beroiz y Fagola (3/4)
Descripción
Lourdes Odriozola, Historian Doktorea Ana Beroiz y Fagola dugu sagardogintzaren negozioari lotutako emakumeen inguruko artikulo sorta honetan ezagutuko dugun hirugarrena. Bere historia ere XVII. mendekoa da eta Donostian gertatu zen, baina landa-eremuan, artoaren laborantzak sagarrondoak ordezkatu zituen garaian, eta, beraz, sagardogintzaren garai okerrenetako baten hasieran.
donostia emakume ekintzaileak sagardogintzan mujer exposiciones historia sidra
Ficha
- Autor: Lourdes Odriozola
- Fuente: Elkano Fundazioa
- Fecha: 2021-04-07
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Blogs
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-015614
Texto completo
Ana Beroiz y Fagola dugu sagardogintzaren negozioari lotutako emakumeen inguruko artikulo sorta honetan ezagutuko dugun hirugarrena. Bere historia ere XVII. mendekoa da eta Donostian gertatu zen, baina landa-eremuan, artoaren laborantzak sagarrondoak ordezkatu zituen garaian, eta, beraz, sagardogintzaren garai okerrenetako baten hasieran. Berriz ere, garai hartako kanonei aurre egin zien emakume bat ezagutuko dugu, tratu txarrak ematen zituen senar bat abandonatzeko ausardia izan zuena eta justiziatik bere interesen oso aldeko epaia lortu zuena.
Ana Beroiz donostiarra zen, erdi-mailako klasekoa, eta 1683an Miguel Maizekin ezkondu zen, hura ere donostiarra. Senar-emazteak Fagola oinetxean jarri ziren bizitzen, Donostiako jurisdikzioan. Historia honetako protagonista bera eta haren anaia Jacinto ziren etxearen jabeak, herentzian jaso baitzuten gurasoengandik, 450 dukateko hipoteka eta guzti. Senarrak, berriz, diru-kantitate baten ekarpena egin zuen ezkontza hartara, botika batetik lortua; eta garai hartan ohikoa zenez, gizona bihurtu zen emaztearen ondasun guztien administratzaile. Antza denez, adostutako ezkontza izan zen: Ana Beroizek ezkontzea onartu zuen, gurasoek utzitako zorrak neurri batean behintzat kitatu ahal izateko eta, hala, bere ondarea familian gera zedin.
Miguel Maiz ez zen senar ona izan. Aldarte txarreko gizona zen, biolentoa eta oldarkorra. Emazteari etengabe eman zizkion tratu txarrak, “hitzez eta egitez”: judu luteranoa eta sorgina izatea leporatzen zion, herio-mehatxuak egiten zizkion, eta behin baino gehiagotan jipoitu zuen. Denborarekin, erasoak areagotu egin ziren; are gehiago, pozoiturik hiltzeko beldurra izatera iritsi zen emaztea. 1691ko egun batean, Ana Beroizek etxetik alde egiteko erabakia hartu zuen.
Tratu txarrak ematen zizkion senarra utzi ondoren, Anak abokatu bat bilatu zuen eta bi sagardo upel atera zituen etxetik, bere zorrei aurre egiteko
Garai hartan, emakume gutxi ausartu ziren halako urrats garrantzitsu bat ematera; izan ere, batetik, orduko gizarteak ikuskera patriarkala zuen ezkontzari buruz, eta emakumeak gizonen menpe egoteak indartu egiten zuen senarraren jabetza-sentimendua, eta, bestetik, ohitura onak eta morala babestea zen orduko lehentasuna. Genero-indarkeria ezkutatuz, emakumeen lotsa ona eta gizonen ohorea babesten zituzten, hain zuzen ere horiek baitziren garai hartako moralitatearen zutabeetako bi. Ana Beroizen erabakiaren ondorioz, senarra izugarri haserretu zen eta ez zen besoak gurutzaturik gelditu. Emazteari errebelde izatea leporatu zion, eta salaketa jarri zion Iruñeko Eliz Auzitegian, berarekin itzultzera behartzeko; are gehiago, sorgin izateaz akusatu eta kasua Inkisiziora eramaten saiatu zen.
Ana Beroiz ez zen ikaratu salaketa horren aurrean. Aitzitik, abokatu bat bilatu zuen –batere erraza ez zena– bera defendatzeko, egia argitara ateratzeko eta “dibertzioa” eskatzeko. Garai hartan, ezkontzako ondasun-erkidegoa desegitea izaten zen dibortzioa, eta Justiziak dibortzioa onar zezan, ezinbestekoa zen biktimak indarkeria fisikoa jasan zuela eta bizitza arriskuan zuela frogatzea. A priori, Anak ez zuen irabazteko aukerarik, gizarte hartan justifikatuta baitzegoen ezkontideen arteko indarkeria, gizonak bere emaztea “hein batean” zuzentzeko eskubidea zuelako.
Iruñeko Eliz Auzitegiaren epaia iritsi bitartean, beldurrak alde batera utzita, Ana Beroizek bi sagardo-upel atera zituen Fagola etxetik senarraren baimenik gabe. Merkatuan salduko zituen upelak, eta irabazitako diruarekin mantenua lortu eta bere jabetzari zegozkion zorrak kitatuko zituen. Agustina Ugarteri saldu zion sagardo-upeletako bat. Senarrak, ordea, berriz salatu zuen, oraingoan Gipuzkoako Korrejidorearen aurrean, bigarren auzialdian. Magistratuak erabaki zuen Anak irabazitako kapitala zati berdinetan banatu behar zela beraren eta senarraren artean.
Dirudienez, Anak lortu zuen Eliz Auzitegiaren “dibertzioa”. Izan ere, 1691ko abenduan, Miguel Maiz Fagola baserrian ez zegoela aprobetxatuz, etxeko hornidura guztia atera zuen bertatik: oheak, gainerako altzariak, arropa eta hainbat sagardo-upel, guztira ia 45 karga.
Anak ez zuen soilik "dibertzioa" lortu; senarrak salaketak jarri zizkion behin eta berriz, baina garai harta jurisprudentzia ezarriko zuen epaia lortuko zuen.
Donostiarrak hainbat partikularri saldu zien sagardoa, eta senarrak berriz ere salaketa jarri zion Korrejidorearen aurrean. Argudiatu zuen bera zela Fagola baserriaren administratzaile legitimoa eta arras pobrea zela, ez baitzeukan ez lo egiteko oherik, ez eta etxeko tresnarik ere. Epaileak epaia eman aurretik, Ana Beroiz deklaratzera deitu zuen, eta alde bakoitzaren lekukoei ere dei egin zien Donostiako plaza publikora, 1692ko otsailaren 14an. Prozesuan aurkeztutako testigantzak eta frogak aztertu ostean, Juan Torresek erabaki zuen Fagola baserriko errenten eta usufruktuaren erdia Miguel Maizi zegokiola; horrez gain, emazteak Iturriandia baserrira eramandako sagardo-upelen erdia saltzeko baimena eman zion senarrari. Halaber, emaztearen baserriko baratzean gizonak landatutako sagarrondoen erdiari probetxu ateratzeko eskubidea aitortu zion. Hortaz, aurrerantzean, baserriaren usufruktua eta bertatik lortutako errenta ekonomiko guztia erdibana partitu beharko zuten Miguelek eta haren biktimak.
Gertakari deitoragarri haiek nola amaitu ziren kontuan hartuta, esan dezakegu Ana Beroizek bere interesen aldeko epaia lortu zuela. Alde batetik, ez zuten derrigortu ezkon-etxera itzultzera, eta bestetik, Miguel Maiz ez zen izango jada emakumearen ondasun guztien administratzailea. Beharbada –eta ez da astakeria izango hau esatea– epai horrek jurisprudentzia ezarriko zuen garai hartan.
Iturria: Sagardoetxea Museoak antolatutako erakusketa “Emakume ekintzaileak sagardogintzan”;
Ilustrazioak: Jokin Mitxelena
Partekatu