Sagardoaren lurraldea

Sagardotegiko barre librea

Descripción

Txinparta ez da soilik sagardo onenen ezaugarria. Eta barrea ere ez soilik umore onarena. Baina egin dezakete biek bat, libre, sagardotegian. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek oholtza bihurtzen dute edozein zoru, eta irribarre edozein keinu. Txotx garaia abiatu zuten atzo Astigarragan (Gipuzkoa), eta soilik eurek dakiten erara egin zuten: txotxari ziriak sartuz.

aitziber garmendia sidrería alorrenea astigarraga jon plazaola protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx cosecha

Ficha

  • Autor: Enekoitz Telleria Sarriegi
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2023-01-12
  • Clasificación: 5.0. Actividades Exposiciones Ferias
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P40-12
  • »
  • Código: NA-015451

Texto completo

Txinparta ez da soilik sagardo onenen ezaugarria. Eta barrea ere ez soilik umore onarena. Baina egin dezakete biek bat, libre, sagardotegian. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek oholtza bihurtzen dute edozein zoru, eta irribarre edozein keinu. Txotx garaia abiatu zuten atzo Astigarragan (Gipuzkoa), eta soilik eurek dakiten erara egin zuten: txotxari ziriak sartuz.

«Aitzur bat eman behar didazue niri? Zuek ez dakizue oso ongi zertan zabiltzaten», hasi zuen bere jarduna Garmendiak, Sagardoetxean egindako ekitaldi nagusian. «Badaezpada, eta aurrekariren bat badagoenez, guk garbi utzi nahi dugu: sagardoa asko gustatzen zaigu. Eta horixe da sagardoari buruz dakigun bakarra», segitu zion Plazaolak.

Izan ere, urteurren biribila izan zuten atzo Astigarragan: 30 urte egin zituen Sagardo Berriaren Egunak. Jendetza bildu zen Sagardoetxeko areto nagusian: Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko eta Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariak, Xabier Urdangarin Astigarragako alkatearekin eta bi aktore gonbidatuekin batera, Nerea Alias aurkezlearen gidaritzapean.

Tradizioari eta antolatzaileei segika, eraikinaren atzeko belazera handik. Sagarrondoa prest eta zuloa eginda. «Barkatu, aitona!», Garmendiaren erregua aitzurrari heldu dionean. «Nahikoa da, Aitzi. Ez daukagu inor lurperatu beharrik!», Plazaolaren erregua zuloaren tamaina ikusi duenean. Bukatu dute, eta Alaia Martin eta Agin Laburu hasi dira bertsotan.

Sagardoaren test azkarra

Txanda dago hartu beharra bi gonbidatuak elkarrizketatzeko. Azaldu dute Madrilgo euren ordezkariak jaso zuela haiek Astigarragara gonbidatzeko deia. «Ez zuen ezer ulertzen. Gu sekulako emozioarekin, eta hura galdezka: 'Baina hori zer da? Freixenet etxeak egiten duen iragarkiaren pareko zerbait?'», esplikatu du Garmendiak. «Eta horixe esan genion guk: 'Bai, eta gu izango gara iragarkiko txinpartak», errematatu du Plazaolak.

Sagardoari buruzko lehen oroitzapenei buruz galdetuta, Ordiziako (Gipuzkoa) Tximista sagardotegia aipatu dute biek —Zaldibiakoa baita Garmendia eta Urretxukoa Plazaola—. «Gurasoekin Donostiara-eta joaten ginenean, han afaltzen genuen bueltan, eta txikitan txunditu egiten ninduten upel handi horiek, eta liturgia horrek guztiak», gogoratu du Plazaolak.

BERRIAk egindako testa erantzun behar izan dute hurrena, eta aurrerapena: ez dute gainditu. Zer da patsa? Garmendia: «Patsa palabra». Plazaola: «Ez dakizu? Eivissako diskoteka bat!». Sagardoa jotakoan gelditzen diren sagar zatiei deitzen zaie horrela. Zer da ziria? Plazaola: «Guk sartzen duguna askotan». Garmendia: «Badakit! Zuloan sartzen den txotxa. Zer-nolako plazera asmatzea!».

Eta zer da manttoni? Elkarri begira, harriduraz. Plazaola: «Izeba Manttoni dirudi!». Garmendia: «Ostras, ez dugu bakar bat ere asmatuko!». Manttoni sagar mota bat da. Potzolua ere bai. Eta zer da mozolua? Plazaola: «Ni neu!». Garmendia: «Beste sagar mota bat?». Bai, hala da. Eta hauxe da haien azken nota: suspentsoa. Plazaola: «Hala ere, eskerrik asko, zeren eman diguzue txotx garairako halako jakinduria puntu bat jendearen aurrean aurkezteko: 'Esango nuke sagardo hau potzoluarena dela!'».

Eta jakinduria hori soinean dutela joan dira Alorrenea sagardotegira. Txistulariek eta dantzariek egin diete han harrera, eta sagar dantza dantzatu dute elkarrekin. Iritsi da ordua, eta urduri jarri dira upelaren aurrean. Edalontzien ipurdia bete eta elkarri galdetu diote zer zen esan behar zutena: «Gure sagardo berria!», oihukatu dute. Eta nolakoa dago? «Freskoa, gu geu bezalakoa».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.