"Herritarrek eta sagardogileek egiten dugu bat Sagar Uztan, eta oso polita da hori"
Descripción
Gaurtik aurrera ospatuko dute, Astigarragan, Sagar Uzta festaren 22garren edizioa, Udazken zaporez lelopean. Datozen lau egunetan izango dira ekintza gehienak, baina urriaren 31ra arte luzatuko da egitaraua, atzo eguerdian Foru Plazan aurkeztu zutena. "Sagarraren uzta garaia da, eta tolareko lanekin hasiak dira sagardogileak", azaldu zuen Aintzane Barandiaran alkateordeak, aurtengo egitaraua aurkeztu aurretik.
ocio astigarraga programa fiestas de la manzana sagar uzta fiesta de la manzana y la sidra
Ficha
- Fuente: Kronika.eus
- Fecha: 2022-09-22
- Clasificación: 5.3. Fiestas de la manzana
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa
- Signatura: P39-30 »
- Código: NA-015097
Texto completo
22garren edizioa izango du Sagar Uzta festak, gaur hasita; eta igandean ospatuko dute egun haundia, Sagarraren Jaiarekin.
Gaurtik aurrera ospatuko dute, Astigarragan, Sagar Uzta festaren 22garren edizioa, Udazken zaporez lelopean. Datozen lau egunetan izango dira ekintza gehienak, baina urriaren 31ra arte luzatuko da egitaraua, atzo eguerdian Foru Plazan aurkeztu zutena.
«Sagarraren uzta garaia da, eta tolareko lanekin hasiak dira sagardogileak», azaldu zuen Aintzane Barandiaran alkateordeak, aurtengo egitaraua aurkeztu aurretik. Eta eskerrak eman zizkien, «jaialdi hau antolatzen lagundu duten talde, eragile eta bolondres guztiei. Urtetik urtera, gero eta garrantzi haundiagoa hartzen ari da festa».
2022ko uzta aurkeztu zuen Unai Agirrek, Euskal Sagardoaren koordinatzaileak, segidan: «aurten uzta apalagoko urtea tokatzen zen, eta gainera, hainbat faktorek, udako beroak eta euri eskasiak esaterako, eragin dute uzta are txikiagoa izatea. Iaz sei milioi kilo sagar bildu bagenituen, aurten ez dakigu bi milioi kilora iritsiko garen. Izaera haundiko sagarra izango da, azukre eta tanino askorekin, tamaina txikiagokoa delako. Beraz, aurreratu dezakegu gorputz haundiko eta graduazio gehiagoko sagardoa izango dugula datorren urtean».
Aritz Sanchezek hartu zuen hitza ondoren, Astiko elkartearen izenean; eta azaldu zuen, biharko pintxopotean 14 tabernak hartuko dutela parte. Gainera, musika emanaldiak ere antolatu ditu, eta photocalla jarri du herriko hiru puntutan, egun hauetan. «Eskaintza gastronomikoak ere izango dira, Kaizoku, Bukoi, Zipotza eta Ikatza tabernetan. Ostiral honetan izango da Kaizokun, iluntzean: sagar erakusketa eta dastaketa, hanburgesa pintxoa San Juan sagar dultzearekin, eta sagardoen dastaketa», aurreratu zuen.
Eta azkenik, igandeko egun haundira gerturatzeko gonbitea luzatu zuen Goldea elkarteko Antton Arkak: «Zita garrantzitsua daukagu Sagar Uztan, eragile desberdinen topaketa egiten dugulako bertan; bakoitza bere izaerarekin, baina bat eginda. Ibilbide luzea daramakigu honetan, eta horrela sendotzen dugu Astigarraga, suspertzen dugu herriko ekonomia, eta herritarrek ere preziatzen dute sagarra eta sagardoa. Hori islatzeko, igandean daukagu topa herrikoia. Sagarra zanpatu eta muztioa plazan bertan egin ondoren, herritarrek eta sagardogileek bat egingo dugu, eta oso polita da hori».
Egun hauetako ekintzez gain, tailerrak, ikastaroak eta jarduerak ere izango dira, datorren astean zein urrian zehar. Informazio guztia, sagardoetxea.eus webgunean eskuragarri.
XXII. SAGAR UZTA
GAUR, osteguna
19:00-21:00, Pintxopotea Astigarragako tabernetan, sagarraren eratorriekin egindako pintxoekin. Matraka Elektrotxarangak alaituko ditu kaleak.
BIHAR, ostirala
17:00-19:00, Txalaparta tailerrak, Herri Eskolako patioan, Joseba Barandiaran plazan eta Kontxa Etxeberria plazan.*
19:00, Sagar kata, Kontxa Etxeberria plazan.
20:00-21:00, Oreka TX taldearen kontzertua, Kontxa Etxeberria plazan.
ETZI, larunbata
09:30, Sagar-Bira, Santiomendiko Sagardo Bidean mendi-buelta familian.*
IRAILAK 25, igandea
Sagarraren Jaia, Foru Plazan
09:30, Txirrisklako txistularien diana.
10:00, Sagar biltzea familiekin, Sagardoetxeako sagastian.*
11:00, Sagarraren kalejira, herriko kaleetatik plazara.
11:30-13:00, XIII. Sagar Uzta Argazki Rally Digitaleko izenematea.*
11:30-14:00, Sagarraren azoka: sagarren erakusketa eta dastaketa; sagardo eta muztio dastaketa; txertaketa eta abarren erakustaldiak; herriko baserritarren produktuen salmenta; eta trikitilariak.
11:30, Sagardogintzako lanak baserri-dolarean: sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea, bertako familien laguntzarekin.*
12:30, Sagar dantza eta
kirikoketa.
13:00, Txalaparta eta 2022ko uztako lehen muztioarekin topa herrikoia.
14:30, Herri bazkaria.
17:30, Pelota partiduak: Iturbe-Orbegozo/Arrieta-Mujika (neska profesionalak); eta Lizeaga-Lizeaga/Apezetxea-Apezetxea (mutil afizionatuak).
*Izenemateak: 943 55 05 75, info@sagardoetxea.eus edota sagardoetxea.eus.