"Baserriaren jardueraren jarraipena, epe ertain luzean, arriskuan dago"
Descripción
Astigarragako Udalak, Goldea Elkartearekin batera, 2014an sortu zuen izeneko batzordea. 2015etik bilkurarik egin gabe egon ostean, 2019an berriz aktibatu zen mahaia. Bertan, Astigarragako Udalaz gain, herriko baserritarrak, Goldea eta Baratze elkarteak eta hainbat eragile elkartzen dira lehen sektoreari eta baserritarrei bultzada emateko asmoz.
astigarraga caserío goldea elkartea agricultura
Ficha
- Fuente: Kronika.eus
- Fecha: 2022-02-16
- Clasificación: 1.5. Agricultura
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-014954
Texto completo
Gaizka Irigoien Nekazaritza ingeniariak baserritarren inguruko azterketa sozioekonomikoa eguneratu du eta lur berriak lehen sektorera bideratu eta belaunaldi arteko erreleboa suspertu behar direla dio.
Astigarragako Udalak, Goldea Elkartearekin batera, 2014an sortu zuen Baserritarren Mahaia izeneko batzordea. 2015etik bilkurarik egin gabe egon ostean, 2019an berriz aktibatu zen mahaia. Bertan, Astigarragako Udalaz gain, herriko baserritarrak, Goldea eta Baratze elkarteak eta hainbat eragile elkartzen dira lehen sektoreari eta baserritarrei bultzada emateko asmoz.
Mahaiak erabakita, 2014an egindako baserritarren inguruko azterketa sozioekonomikoa eguneratu du Gaizka Irigoien Nekazaritza Ingeniariak. Azterketa horretan aipagarriena da, baserritarren jardueraren jarraipena arriskuan dagoela. «Batazbesteko adina 52 urtekoa da eta erreleboa ez dago ziurtatuta. Horregatik lur berriak lehen sektorera bideratzeko neurriak hartu behar dira, biziraun nahi bada», nabarmentzen du Irigoienek.
Eguneraketak jasoko ditu egun baserri jarduera dutenak eta historikoki baserri izan direnak. 109 baserri aztertu dira, bertan bizi direnei inkestak eta bisitak eginda. Bertan, 346 pertsona bizi dira (174 gizonezko eta 172 emakumezko). Biztanle kopuru horrek herriaren %5a ordezkatzen du eta aldiz, lurraldearen %85ean eragiten du. Batazbesteko adina, berriz, 52 urtekoa da.
Eta aztertu diren baserrietatik, baserri jardueran 61 daude eta 48 landaetxeak dira. Baserri jardueraren barruan 35 baserrik dute baratza jarduera; 33 baserrik sagastiak dituzte; 20 sagardotegiak dira; eta 26k abeltzantza jarduera dute.
«Jarduera anitza dute baserrien %70ak eta %96a jabetzan bizi dira»
Azterketak, baserrien inguruko zenbait ezaugarri jaso ditu: jarduera anitza, hau da jarduera bat baino gehiago dutenak %70 dira, batzuek 5 jarduera izateraino. Baserriaren jabetzari dagokionez, %96 jabetzan bizi dira eta %4 maizterrak dira. Lurraren jabetzari dagokionez, %83 lurjabeak dira eta %4 maizterrak.
Baserrien egoera ere aztertu da eta hauetatik %74 zaharrak dira. Hala ere, zaharrak izanagatik ere bizitzeko egoera onean daude eta bertakoen ongizatea bermatzen dute. Errenta mailari dagokionez, %85ak errenta-maila ertaina du, %7ak baxua eta %8ak altua.
Salmenta bideei buruz nabarmentzekoa, batetik, %44ak ez duela ekoiztutako produkturik saltzen eta bestetik %31k salmenta zuzena egiten duela. Aipatzekoa, kontsumo taldeen bilakaera ere, batetik egun bi baserritar ari baitira kontsumo taldeetan beraien produktuak saltzen; eta bestetik bere produktuak Donostiako San Martin merkatuan saltzen zituen Taula baserriak, orain Astigarragara salto egin du, bere produktuak Erribera Kulturguneko aterpeetan salduz.
Lanpostuen aldetik, inkestek erakutsi dute baserri jarduerak ez duela lanpostu berririk sortzen. Izan ere, egun 69 langile ari dira lanean, baina hauetatik 63 sagardotegietan, hau da ostalaritza lanetan.
Baserriko lanei jarraipena emateari eta oinordekotzari buruzko datuak, kezkagarriak dira. Izan ere, aztertutako 109 baserrietatik %62ak jarduerarekin jarraitzeko asmoa badu ere, oinerdekotza %37ak bakarrik du bermatua. Gazte kopuru baxuak, belaunaldi arteko erreleboa zailtzen du.
«Erakunde publikoen eskuhartzea beharrezkoa da»
Lur berriak lehen sektorera bideratzeko, erakunde publikoen eskuhartzea beharrezkoa dela ikusten dute, lurren poltsa bat sortu eta lurrari etekin haundiagoa ateratzeko.
Belaunaldi arteko errelebo edo ondorengotza suspertu behar dela diote. Kooperatiba edo elkarte ereduak bilatzea, aholkularitza, kudeaketa eta salmenta kanalak sendotzeko. Teknologia berriak landa eremura zabaldu nahi dituzte, batez ere, salmenta eta sustapena bilatzen duten ustiapen edo baserrietan.
Laguntza programak zabaltzea eskatzen dute, besteak beste etxebizitzak konpontzeko, errenta osagarri modura, elkarte edo kooperatibak sortzeko… Herritarrak ustiapenetara hurbiltzeko ekimen eta baliabideen sustapena (azokak, bisita gidatuak, promozio bereziak…) behar dela ikusten dute. Informazio eta sentsibilizazio kanpainak baserria, baserritarak eta orokorrean lehen sektorea ezagutarazteko egin behar dira.
Irigoienen hitzetan: «ez dezagun ahaztu baserriak bestelako balioak ere badituela, paisaiaren antolakuntzan, ekologian, ondare kultural etnografiko eta kulturalean eta baita hizkuntzaren kontserbazioan ere».
«Hainbat eskaerari erantzuna ematen ari gara», dio Udalak
Andoni Gartzia zinegotzia, Xabier Urdangarin alkatea eta Izasku Txintxurreta ingurumen teknikaria ere izan ziren aurkezpenean. Udala ari dela baserritarren mahaian agertu diren hainbat eskaerari erantzuna ematen azaldu zuten: «Astigarragako baserrien seinalizazioa jarriko da». Udalak 88.330 euro bideratu ditu horretarako. Landa eremuko bideak berritu eta hobetuko dira. «Hala nola, baserri atarietan argiteria instalatuz eta bideen asfaltatzea areagotuz. Santio Zeharreko bi bihurguneak malgutuko dira 156.263 euroko inbertsioaren bidez».
Ilarraren eta San Isidro egunean antolatzen diren sentsibilizazio eta sustapen ekintzak indartuko dira aurten. «Umakoko azoka-gunea sortzeko proiektua idazten ari gara bertan baserritarren salmenta puntuak egokitzeko». Baserriz baserriko erregistro-fitxa egingo da, bakoitzarekiko eskuartze eta sustapen plana gauzatzeko. Baserriari buruzko unitate didaktikoa prestatuko da Herri eskolarekin batera. Baserri-jarduerei eutsi eta sustatzeko laguntza programa ere diseinatuko da.
Ondorengo bideoan daude entzungai, Gaizka Irigoien nekazaritza ingeniariak egindako adierazpenak, Astigarraga Aldizkariari: