Pitxerreko azken zurrutak
Descripción
Ez da ohitura bereziki zaharra, baina bai oso errotua eta estimatua, "txotx!" oihukatu, eta sagardoa dagoen upeletik zuzenean edatea. Izan ere, duela 50 urte inguru hasi ziren sagardoa modu horretan edaten elkarte gastronomikoetako kideak, elkarterako zein sagardo erosi aukeratzeko, inguruko baserrietara joaten zirenean. Zutik dastatzen zuten urteko uzta, eta, azkenerako, erritu bihurtu zen.
ocio gastronomía jarra sidra sidrería txotx
Ficha
- Fuente: Berria
- Fecha: 2022-02-13
- Clasificación: 2.0. Sidrería
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-014939
Texto completo
Ez da ohitura bereziki zaharra, baina bai oso errotua eta estimatua, «txotx!» oihukatu, eta sagardoa dagoen upeletik zuzenean edatea. Izan ere, duela 50 urte inguru hasi ziren sagardoa modu horretan edaten elkarte gastronomikoetako kideak, elkarterako zein sagardo erosi aukeratzeko, inguruko baserrietara joaten zirenean. Zutik dastatzen zuten urteko uzta, eta, azkenerako, erritu bihurtu zen.
Txotxaren aurretik, pitxerretik edaten zen sagardoa, ordea. Esate baterako, oso ezaguna da Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita zenaren sagardotegiko argazkia, lagun batzuekin agertzen dena. Bertan, pitxerra dute sagardotegiko mahai gainean. Halabeharrez heldu diote azken bi urteetan sagardotegiek ohitura zahar horri, pandemiaren eraginez. Baina horrek ere badu iraungitze data: bihar, neurri murriztaileak bukatzearekin batera, txotxa itzuliko da sagardotegietara.
Larunbat eguerdia da Astigarragako (Gipuzkoa) Oialume Zar sagardotegian, eta jendea hasi da mahaian esertzen. Ez da beste hizpiderik jendearen artean: datorren astetik aurrera giroa erabat desberdina izango da, txotxari esker.
Neurriak neurri, «sekulako ilusioarekin» hasi dute aurtengo denboraldia, Ander Barrenetxea sagardotegiko arduradunaren arabera: «Denboraldia pitxerrarekin hasi genuen, baina aurten txotxa izango den esperantzarekin». Bi garairen ostean, pozik hartu dute txotxaren itzuleraren berria.
Barrenetxearen hitzetan, «jendea ere gogoz etorri da hasieratik, ondo», baina guztiek dute sagardotegian ohiko moduan egoteko gogoa. Ate joka daukate txotxa, eta zerbitzariek ere bezperako afarietan igartzen zela diote, giro oso ona egon zelako: «Ez dakigu nork pasa zuen hobeto, haiek edo guk», diote. Ohiko modura itzultzeko gogotsu baitira, bezeroak bezala, langileak ere.
Iragarpenarekin batera hasi zen telefonoa ere hotsa ateratzen: «Albistea eman zutenetik telefonoa berriz ere dantzan hasi da. Orain arte %60ko edukiera izan dugu, eta itxaron zerrendan jartzen genuen jendea».
Edukiera handitu arren, ordea, ez daukate mahai kopurua asko aldatzeko asmorik. «Pentsatzen ari gara mahai askoz ere gehiago ez jartzea. Lehen beti topera ibiltzen ginen, gainezka, eta orain erritmo onean ari gara. Gainera, gero apirila iritsi eta berriro jaisten badute edukiera, zer?».
Atetik sartu eta lehenengo mahaian daude, iritsi berri, Donibane Azkarate eta Ibai Uriarte, «estreinatzeko zain». Txotxa edo pitxerra, pitxerra edo txotxa; zalantza horrekin joan dira sagardotegira: «Anderri hori galdetu diogu lehenengo: gaur nola joango da kontua? Azaldu digu, eta, espero bezala, pitxerretik edango dugu».
Haien ondoan sei upel daude, errenkadan jarrita. Upel bakoitzak kartel bat dauka, sagardoa egiteko zer herri eta baserritako sagarrak erabili dituzten dioena: Altuna, Aierdi, Elione, Sansonategi... irakur daiteke horietan: «Aurten bertako sagarra soilik erabili dugu. Hurrengo urtean, ziur aski, ezingo dugu, baina aurten bai», azaldu du Barrenetxeak.
Upelei, berriz, metalezko pieza bat gehitu diete, txotxaren muturrari itsatsita, pitxerrak hobeto betetzeko. Datorren astean kenduko dituzte, eta ohiko muturra soilik utziko dute, jendeak bere kabuz erabil dezan.
Itzultzeko aitzakia
Hainbat lagun talde pitxerra bete eta kanpora atera dira, aire zabalean eta eguzkipean sagardoa edatera. Hogei lagun inguru daude bertan sagardoa dastatzen. Ana Zabaltza, Roi Campus eta Jordi Sellares dira horietako batzuk, eta Bartzelonakoak dira. «Donostiako lagun bat daukagu, Mikel, [hatzarekin seinalatuz] eta urtero etortzen gara harekin sagardotegira. Duela zazpi urte ere, antza denez, hona etorri ginen».
Bartzelonarrak ez ziren datorren astetik aurrera txotxa egongo denaren jakitun, eta penaz hartu dute berria. Baina konforme daude pitxerrekin ere: «Bueno, pitxerrak ditugu guretzat», diote. Gustura daude, baita ere, egun euritsua egokitu ez zaielako: «Gainera, agian datorren astean hemengo eguraldia egingo du!», diote txantxetan.
Asko direnez, aspaldi aukeratu zuten atzoko data. «Aurrerapen handiz hartu behar izan dugu tokia, asko garelako. Hurrengo urtean itzuli beharko gara, txotx egitera!»
Haiek bezala, badute errepikatzeko aitzakia Uriartek eta Azkaratek ere, lagun batek huts egin baitie azken orduan: «Hiru ginen etortzekoak, baina duela ordu erdi positibo eman du hirugarren lagunak, eta ezin izan da etorri», adierazi du Uriartek.
Azkaratek, berriz, ironiaz dio: «Ikusten duzu zer triste gauden hura gabe. Pena da aurrerapen handiz hartu behar dela tokia, larunbat eguerdietarako batez ere. Ez da erraza izango». Saiatuko dira, ordea: «Ea aukerarik daukagun!».