Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko, herri galdeketa
Descripción
15garren urteurrena ospatu zuen Astigarragako Sagardoetxeak, joan den urtean. Baina iraganera begira baino gehiago, etorkizunera begira jarri zen. "15 urtetako ibilbideak bilakaera haundia izan du, eta museoaren etorkizunari buruzko hausnarketa egiteko beharra eragin du", azaldu dute Sagardoetxeatik.
astigarraga consulta museo proyecto sagardoetxea
Ficha
- Fuente: Kronika.eus
- Fecha: 2022-01-22
- Clasificación: 3.0. Museo de la Sidra Vasca
- Tipo documento: Revistas
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-014681
Texto completo
Sagardoetxearen inguruan. Eta proposamen horrekin ados dauden galdetuko die Astigarragako Udalak herritarrei, otsailaren 6an egingo duen herri galdeketan.
15garren urteurrena ospatu zuen Astigarragako Sagardoetxeak, joan den urtean. Baina iraganera begira baino gehiago, etorkizunera begira jarri zen. «15 urtetako ibilbideak bilakaera haundia izan du, eta museoaren etorkizunari buruzko hausnarketa egiteko beharra eragin du», azaldu dute Sagardoetxeatik.
Aurreko urteetan ere hainbat proposamen landu izan dituzten arren, iazko udaberrian osatu zuten hausnarketa taldea, Sagardoetxearen etorkizunaren norabideari buruzko proposamena lantzeko, Astigarragako hainbat eragile, elkartetako ordezkari, Udal ordezkari eta norbanakoren partehartzearekin. Zehazki, honakoek hartu zuten parte: Astigar Elkartea, Astigarragako Udala, Astiko Elkartea, Baratz Elkartea, Bereziartua sagardotegia, Gartziategi sagardotegia, Goldea Elkartea, Sagardun Partzuergoa, Zapiain sagardotegia, Zipotza Elkartea, Astigarragako Emakumeon Etxea, Astigarragako Gazte Asanblada, eta EAJ-PNV eta EH Bildu alderdiak. Prozesuko talde eragilea, berriz, osatu dute Astigarragako Udalak, Sagardun Partzuergoak eta Elhuyar Aholkularitzak.
Lau hilabetetako lan prozesua burutu zuen hausnarketa taldeak, hainbat bilera eta lan saio eginda. Eta horiez gain, kontraste saioak ere egin zituzten herritarrekin, hausnarketa talde horretan landutako proiektuaren nondik norakoak azaldu eta beraien ekarpenak jasotzeko.
Eta funtsean, kokaleku, eraikin eta erronka berriak izango lituzkeen Sagardoetxea da mahai gainean jarri dutena. Proposamenak aurrera egitekotan, egungo egoitza utzi, eta eraikin berria izango luke Sagardoetxeak, Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean, lurpean. Baina kokalekua bakarrik ez, beste hainbat arlo eta kontu ere eztabaidatu eta landu zituzten, hausnarketa taldearen bilera eta saioetan.
Sei ondorio nagusi, etorkizuneko Sagardoetxeak kontuan hartu beharrekoak
Lan prozesu horretatik, hainbat ideia eta ondorio atera zituen talde eragileak; eta sei izan ziren, bereziki nabarmendu zituztenak: sei ondorio nagusi, etorkizuneko Sagardoetxeak kontuan hartu beharko lituzkeenak:
Sagardoetxea herriaren dinamikan errotua egotea, Astigarragaren identitatearekin bat eginez.
Sagarraren kultura sustatzeko askotariko ekarpen eta ekimenen bilgunea eta lankidetzarako eremua izatea.
Gaur egun Sagardoetxeak biltegian dituen pieza etnografikoak erakusteko eta tresnak berritzeko lekua izatea: Erbitegi Etxeberri baserriko dolarea, kupelak egiteko Gartziategiko tresnak, matxakak...
Dokumentazio Zentroari eskainitako gune bat egotea.
Gaur egungo sagastian aterpe bat eta azalpen didaktikoak jartzea.
Sagarraren eratorriekin produktuak egiteko gune bat izatea.
Oinarri horietatik abiatuko litzateke, hausnarketa taldeak irudikatu duen etorkizuneko Sagardoetxea. Eta orain, Astigarragako herritarrei dagokie, beraien iritzia plazaratzea. Izan ere, herri galdeketa prestatu dute, astigartarrei kontsulta egiteko.
Herri galdeketa otsailaren 6an, Erribera kulturgunean
Bi aste barru egingo dute Sagardoetxearen etorkizunari buruzko herri galdeketa, otsailaren 6an, igandearekin. Erribera kulturgunean egingo dute, eta egun osoan zehar izango da bozkatzeko aukera, goizeko 09:00etatik iluntzeko 20:00etara. 16 urtetik gorakoen artean, Astigarragan erroldatuta dauden guztiek hartu dezakete parte galdeketan. Gainera, aurretik ere izango da bozka emateko aukera, udaletxeko idazkaritzan, urtarrilaren 19tik otsailaren 1era bitartean: egunero 09:00etatik 13:30etara, eta astearte eta ostegunetan arratsaldez ere bai, 16:00etatik 19:00etara bitartean.
Galdera bakarra egingo diete herritarrei, Sagardoetxearen etorkizunari buruz iritzia emateko; eta galdera zehatza izango da. Honakoa, hain justu:
Ados zaude Sagardoetxearen etorkizuneko proposamenarekin?
Erantzun posibleak, berriz, BAI eta EZ, bakoitza bere esanahiarekin. Izan ere, boto bat edo beste emateak zer esan nahiko lukeen ere zehaztu du hausnarketa taldeak, herri galdeketaren aurretik.
Baiezkoa bozkatzen duenak, beraz, hausnarketa taldearen proposamenari oniritzia emango dio, eta honakoa adierazi eta defendatuko du:
Sagardoetxearen proiektu berriak Astigarraga sagardogintzaren eta sagarraren kulturaren erdigunean jarriko du, eta herri eta eskualde izaera eta proiekzioa gaindituko du.
Bertako ekonomia, merkataritza eta turismoa sustatuko ditu, eta askotariko bisitariak erakarriko ditu (bertako nahiz atzerriko bisitariak, ikastetxeak...).
Sagardoetxearen proiektua landuko da sagardogile eta sagarraren sektorearekin, beste administrazio publikoekin, herritarrekin eta eragileekin.
Egoitza berria Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean kokatuko da. Egoitza hori lurpean egingo da hein haundi batean eta, beraz, lorategiak herritarrentzako berdegune eta aisialdirako eremu izaten jarraituko du. Sagardoetxe berriak ez du Kultur Etxe Zaharraren eraikina erabiliko.
Sagardoetxe berriaren finantzaketan Astigarragako Udalak eta beste administrazioek parte hartuko dute. Sagardoetxe berriaren proiektuak ez ditu inola ere baldintzatuko eta ezerezean utziko bestelako udal inbertsio eta zerbitzuak.
Sagardoetxe berriaren proiektua estrategikoa da Astigarragarentzat. Sagardoetxeak, sagardoaren kultura sustatuz eta hedatuz, gure ondarea balioan jarriko du.
Aldiz, hausnarketa taldearen proposamenaren kontra egin eta ezezkoa bozkatzen duenak, honakoa esan nahiko du, beste sei puntutan azalduta:
Sagardoetxeak, orain bezala, herri eta eskualde proiekzioa izango du, eta sagardoaren kultura sustatzen lanean jarraituko du.
Proiektu berriak ekar ditzakeen bisitari kopuruak herrian eragin negatibo batzuk izango ditu, turismoak berekin dakartzanak.
Oraingo egiturarekin jarraituko du lanean, herriko eragileekin, sagardogileekin eta Udalarekin lankidetzan.
Sagardoetxeak Kultur Etxe Zaharrean okupatzen duen espazioa nahikoa du. Dastaleku eta dendaren kasetan bertan mantenduko da. Beharren arabera, gerta liteke Kultur Etxe Zaharreko espazioren bat Sagardoetxearako erabiltzea. Berdegunea eta lorategia bere horretan geratuko dira.
Finantziazioaren aldetik, orain bezalatsu jarraituko du, aparteko ahalegin ekonomikorik egin gabe. Ez da aparteko inbertsioak egiteko unea, ordainketa Udalak edo beste administrazio publiko batek eginda ere.
Sagardoetxe berriaren proiektua ez da estrategikoa Astigarragarentzat, eta herriak baditu beste lehentasun batzuk.
Bisita gidatuak urtarrilaren 27an eta 29an, Sagardoetxearen «beharrak ezagutzeko»
Joan den asteartean aurkeztu zuen herri galdeketa, prozesuaren talde eragileak: «gaur egun ezagutzen dugun Sagardoetxeak 15 urte bete ditu; hamaika dira bertatik egiten diren lan eta jarduerak. Hasi sagarren kulturaren ezagutza bildu eta zabaltzeko jardueretatik, eta herri mailan ospatzen diren eta herriko eragileekin batera antolatzen diren ekimenetara arte. Baina Sagardoetxea txiki geratu da. Gaur egun egiten diren jarduera eta ekimenak aurrera eramateko eta sagar kulturaren inguruan bildutako dokumentu eta pieza etnografikoak bildu eta herritarren eskura jartzeko leku nahikorik ez dago. Halaber, sagar eta sagardo kulturaren alorrean, gaur egungo lan ildoak sendotu eta berriak zabaldu nahi dira, beti ere lankidetza oinarri», nabarmendu zuten. Eta hori guztia oinarri hartuta, osatu dute etorkizuneko Sagardoetxearen proposamena, galdeketako baiezko botoaren sei puntuetan definitu dutena.
Gainera, doako bisita gidatuak ere antolatu dituzte, datorren asterako, Sagardoetxearen «behar eta nahiak bertatik bertara ezagutzeko». Urtarrilaren 27an egingo dute aurrenekoa, arratsaldeko 18:00etan; eta 29an bigarrena, eguerdiko 12:00etan. Bertan, Sagardoetxearen 15 urteko bilakaera azalduko diete Sagarduneko kideek bertaratuei, eta gaur egun egiten diren jardueren berri eman.