Sagardoaren lurraldea

"Ilusiorik haundiena", seme-alabek erreleboa hartzea

Descripción

Erreleborik gabe geratzen ari dira hainbat sagardotegi, eta «sektoreko arazo haundi bat» ari da bilakatzen. Baina beste kasu batzuetan, belaunaldi aldaketa polita gertatu da, gurasoetatik seme-alabetara, ilusioz eta gogotsu, familiako negozioari segida emateko. Sagardotegi horietako bi dira Lizeaga eta Zelaia, eta etxeko ateak zabaldu dizkigute, beraien esperientzia kontatzeko.

astigarraga hernani sidrería lizeaga sidra sidrero sidrería sidrería zelaia

Ficha

  • Fuente: Kronika.eus
  • Fecha: 2022-01-22
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-014680

Texto completo

Erreleborik gabe geratzen ari dira hainbat sagardotegi, eta «sektoreko arazo haundi bat» ari da bilakatzen. Baina beste kasu batzuetan, belaunaldi aldaketa polita gertatu da, gurasoetatik seme-alabetara, ilusioz eta gogotsu, familiako negozioari segida emateko. Sagardotegi horietako bi dira Lizeaga eta Zelaia, eta etxeko ateak zabaldu dizkigute, beraien esperientzia kontatzeko.

«Badaude une honetan bost edo sei sagardotegi, belaunaldi aldaketa egiteko momentuan edo gertu daudenak, eta ez daukatenak zeinek hartu. Sektoreko arazo haundi bat ari da bilakatzen». Axier Lizeagak jarri die ahotsa hitzei, baina kezka konpartitua da sektorean; eta Oihana Gaincerainek ere garbi dauka, bultzada bat behar dela arlo horretan: «ez da momentu erakargarriena erreleboa hartzeko, eta sektoretik eta administraziotik laguntza eman behar da, errelebo hori gertatzeko. Bestela, lehenengo sektorean gertatzen ari den bezala, hutsuneak sortuko dira gurean ere».

Kezka iturri da erreleboaren kontua, hainbat sagardotegitan; baina beste zenbaitetan, belaunaldi aldaketa polita gertatu da azkeneko urteotan. Eta horren bi adibide dira, hain justu, Lizeaga eta Zelaia sagardotegiak.

Zelaian, Oihana, Jaione eta Maialen Gaincerain ahizpek daramakite sagardotegia orain, Joxean Gaincerain eta Nati San­cho gurasoei erreleboa hartuta. Eta Lizeagan, hiru lehengusu dira, Axier, Unai eta Aitzol Lizeaga, sagardotegi­aren ardura hartu dutenak. Gabriel eta Joxe Mari Lizeaga anaiek martxan jarritako sagardotegiari, gustura eta zalantzarik gabe eman diote jarraipena haien semeek.

Ezberdina izan da belaunaldi aldaketa egiteko modua, batean zein bestean; baina oso antzekoa gurasoek sentitu duten poza, ikusita etxekoek segida emango ziotela negozio familiarrari; eta oso antzekoa belaunaldi berriak erakutsi duen konpromisoa, sagardotegiarekin aurrera egiteko.

«Hainbat gizaldi» dira, Lizeagatarren senideak sagardoa egiten hasi zirela, egungo kokalekuan bertan. XVI. mendekoa da tolare-sagardotegia, eta hasieran maiz­ter zeuden, baina Gabrielen eta Joxe Mariren birbirraitonak izan zuen gaitasun ekonomi­koa, baserria erosteko. «Gu izango ginateke, seigarren edo zazpigarren belaunaldia hemen, sagardoa egiten», diote.

Gartziategi izan da familiaren sagardotegia, betidanik. Eta horrela ezagutu zuten Gabrielek eta Joxe Marik ere. Haien aitona hil zenean, aitak eta osabak hartu zuten sagardotegiaren ardura, baina gazte zirela hil zitzaien aita: «16 urte geneuzkan guk, anai-arreba zaharrenak ginen; eta eskolan genbiltzan. Baina aita hiltzean, osabarekin batera egin genion aurre sagardotegiari». Pentsaera eta izaera aldetik bat ez zetozela eta, bakoitzak bere bidea erabaki zuten, duela 35 bat urte; eta ondasunak banatu zituzten: Gartziategi denarekin geratu zen osaba, eta Lizeaga sortu zuten Gabrielek eta Joxe Marik, baserrian bertan.

Ofizioa etxean ikasita zeukaten: «kupelak ere, gure aitonak egiten zituen, eta berari lagunduz, ikasi genuen horiek egiten, tolarean, sagar biltzen... Etxekoen inguruan ibilita, ikusi eta ikasi egin genuen. Baina lanean buru-belarri, aita hil zenean ha­si ginen biak», kontatu dute.

Hiru hamarkada luze hauetan zehar indartu eta sendotu dute, baserriko sotoan martxan jarri zuten sagardotegia. Eta bertan aritu dira, saltseatzen aurrena, laguntzen eta ikasten gero, eta ardura haundiagoa hartuta azkenik, haien hiru ondorengo­ak: Axier, Gabrielen semea; eta Unai eta Aitzol, Joxe Marirenak.

«Nahiz eta orain egin aldaketa, gazte-gaztetatik aritu gara sagardotegian laguntzen», kontatu du Axierrek. Hirurek zeukaten buruan, gainera, gurasoei erreleboa hartuko zietela etorkizunean. «Betidanik izan dugu garbi, sagardotegia izango zela gure etorkizuna. Eskolan galdetzen zigutenean, zer izan nahi genuen haunditan, horixe erantzuten genuen, sagardotegian ari­tuko ginela lanean», nabarmendu du Unaik.

Eta hori berretsi du Aitzolek: «bakoitzak dauzkagu gure ikasketak, baina oso modu naturalean aritu gara hemen laguntzen, lan batzuk egiten; gero eta gehiago. Horregatik, guretzako oso naturala izan da sagardotegiaren ardura hartzea».

Eta hiru lehengusuek bezala, buruhauste haundirik gabe bizitu dute belaunaldi aldaketa, Gabrielek eta Joxe Marik ere: «guk nahiko garbi ikusi genuen, adina iristean utzi egin beharko genuela, sagardotegiak martxa hartua zeukala; eta gazteek ausardia bazuten, beraiek hartuko zutela ardura. Eta horretan nahiko gertu eta animoso aritu dira. Ikusita zein joera zituzten, ez geneukan zalantzarik, honekin jarraitzeko asmoa izango zutela. Eta guretzako ilusiorik haundiena horixe da, guk sortutako enpresa bati semeek ematea jarraipena».

Errelebo hori ez zen egun batetik bestera gertatu, kolpean. «Lehendik ere hemen lanean arituta, bezeroek eta sagardoaren munduko jendeak ezagutzen gintuen, eta naturala izan da aldaketa», azaldu du Unaik. Bera eta Aitzol izan ziren sagardotegian buru-belarri murgiltzen aurrenekoak, ikasketak bukatzean. Axierrek, berriz, enpresa batean egin zuen lan 15 urtez, eta sagardotegiko lanarekin uztartzen zuen: «baina ezin nuen horrela segi, eta duela bi-hiru urte, aita eta osaba jubilatzean, erabaki nuen hona etortzea. Kanpoan lan egin­da, ordutegi aldetik beste lasaitasun bat daukazu. Goizeko 07:00etatik 15:00etara egiten nuen lan, nire soldata neukan, eta asteburuetan jai. Eta hau lotuagoa da, baina zure kaxa antolatzen duzu lana, gustura egiten duzu; eta ez naiz damutzen. Gainera, familiako negozio bat izateak, eta Aitzolekin eta Unairekin batera eramateak, asko laguntzen du».

Maialen, Jaione eta Oihana Gaincerain ahizpek hartu dute, Zelaia sagardotegian, Joxean eta Nati gurasoen erreleboa.

«Aldaketarako prest ikusten genituen, baina izan dira kako batzuk, kosta zaizkigunak...»

Etxe barruan ia konturatu gabe ematen ari zen errelebo hori, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak antolatu zuen ikastaro batean berretsi zuen boskoteak: «formakuntza bat jarri zuten martxan, ikusita arazo haundi bat zegoela belaunaldi aldaketarekin, jendeak ez dituelako hartu nahi hain lotuak diren lanbideak; nahiago duelako izan funtzionario, irakasle, suhiltzaile... Ikastaro moduko bat izan zen, coach batzuekin, belaunaldi aldaketan laguntzeko. Gu horretan murgilduta geunden, puri-purian, eta ikastaroan parte hartu genuen. Urte eta erdi inguru izan zen, eta noizean behin egiten genituen saioak. Helburua zen, gazteak kontzientziatzea aurrerapauso bat eman behar genuela, eta orain arte ari zirenek ikustea atzerapausoa eman behar zutela, nolabait. Etxean dagoeneko ari ginen horretan, eta lagungarri izan zen ikastaroa», azaldu dute.

Lau sagardotegitako bi belaunaldik hartu zuten parte ikastaro horretan: sagardotegia utzi behar zutenak, eta erreleboa hartzekotan zirenak. «Baina besteen aldean, esango nuke gu sinetsita joan ginela, errelebo hori eman behar zela», kontatu du Gabrielek: «eta ikastaro horrek gure sinismena indartuko bazuen, primeran. Beste hiru sagardotegiek, aldiz, bazekiten aldaketa hori emango zela beraienean, bai; baina orain artekoek hor jarraituko zutela oraindik ere».

«Klaseak ematen zizkigunak berak ere esan zigun, guk oso aurreratuta geneukala prozesua, eta beste sagardotegiek ere hala ikusten zuten», gaineratu du Aitzolek. Saio horietan, ariketa batzuk bere aldetik lantzen zituen sagardotegi bakoitzak, baina beste asko taldean egiten zituzten, «sagardotegi batzuetakoak eta besteetakoak nahastuta, hemengo gazteak hango zaharrekin... Eta oso aberasgarria izan zen, asko lagundu zigun», nabarmendu du Axierrek.

Ordurako, Gabrielek eta Joxe Marik «aldaketarako eta ardura hartzeko prest» ikusten zituzten hiru semeak: «oso oso prestatuta ere ez dakit esango nuken... Izan dira kako batzuk, kosta zaizkigunak! Ezin atera eta ezin atera, eta ez genituen presionatu nahi, pazientzia izan nahi genuen. Eta azkenean, pixkanaka lortu ditugu horiek ere», kontatu du Gabrielek.

Beste lauen barreak eragin ditu bere esanak, eta semeak erantzun dio: «prest ikusten ote gintuzten, galdera potoloa egin diezu! Baina guk ere erakutsi dizkiegu beste gauza batzuk. Etengabe ari zara ikasten. Oraintxe bertan, adibidez, trazabilitatea dela, TicketBAIren eta Silicieren kontua dela... Urte eta erdi daramakigu horretan murgilduta, programa horiek martxan jartzeko. Eguneratuta egon beharra dago».

Eta horrekin bai, aitortu du Gabrielek, ezagutza gutxiago du­­­­tela: «horrelako konturik ez zegoen gure garaian. Eskura kobratzen genuen dena, eta buruan edo paperean apuntatzen genituen egitekoak». Edonola ere, jubilatu bai, baina ez dira sagardotegitik aldendu, Gabriel eta Joxe Mari: «hemen jarraitzen dugu, laguntzen edo enbarazu pixka bat egiten. Kontrola beraiek daramakite, eta oraingo teknologiarekin eta aurrerapenekin, gu ez gara abilak. Baina enbarazu pixka bat egitea gustatzen zaigu, eta bronka batzuk jasotzen ditugu tarteka», diote barrez.

Belaunaldi aldaketatik sagardotegiak hartu duen martxarekin pozik agertu dira: «beraiek hartu dutenetik, maila mantendu bakarrik ez, hobetu egin dute, bezeroarekiko, instalazioekiko, laneko moduetan, jarreran... Gu­re sistema gainditu dute».

Zentzu horretan, hiru lehengusuek garbi daukate, «Lizeaga sagardotegiaren esentzia» man­tendu nahi dutela: «ez dugu bi­hurtu nahi turistentzako jatetxe bat. Mantendu nahi ditugu gure bezeroak, bertakoak zaindu. Izan garenari heldu nahi diogu, eta uste dugu hori eskertzen dutela Gabrielek eta Joxe Marik».

Hala baieztatu dute haiek: «zalantzarik gabe. Esentzia hori mantentzea nahi genuen, garai bateko ohiturak eta garai bateko instalazioak; eta ez bat-batean dena altzairuzkoa jarri, pabiloia egin eta dena kolorez margotu. Baserriko sotoa mantendu behar da, hor dago aberastasuna. Bezeroak hori nahi du ikusi, eta ez pabiloi bat kupelez josita».

«Bakoitzak bere alderdia daramaki, eta oso ondo moldatzen gara»

Erreleboa bera bezala, norberaren ardurak ere modu naturalean hartu dituzte hiru lehengusuek. Axierrek daramazki «jatetxeko martxa eta bulegoko burokrazia guztia». Eta Aitzol eta Unai arduratzen dira sagardotegiko aldeaz. Aitzolek enologia ikasi zuen, eta bera arduratzen da alderdi horretaz; eta Unai arduratzen da sagardoa egiteko prozesuaz, botilaratzeaz, bezeroekiko harremanaz... «Oso ondo moldatzen gara, eta bakoitzak bere zatia daramaki, oso modu naturalean».

Gabrielek eta Joxe Marik ere, ondo bereizita zeuzkaten bakoitzaren ardurak. «Joxe Mari zen sagardoa egiteko gaur egungo enologoa dena, baina hitz hori erabili gabe. Bera arduratzen zen sagardoa egiteaz, bodegako lanaz... Nirea gehiago izan da bulegoko lana eta bezeroekiko harremana», dio Gabrielek.

Lan bakoitzak izan du arduradun berria, baina guztiak etxe barruan. Eta hainbat sagardotegi erreleborik gabe geratzen ari diren honetan, «30 bat urterako ziurtatuta» dauka sagardotegiaren etorkizuna, Lizeagak.

Oihana, Jaione eta Maialen Gaincerain ahizpak, Zelaia sagardotegiko bodegan, txotx egiten.

Laugarren sagardogile belaunal­dia dira Oihana, Jaione eta Ma­ialen Gaincerain ahizpak, Zelaia sagardotegiko arduradun. Joxe­an Gaincerain eta Nati Sancho gurasoei hartu diete erreleboa, azkeneko urteetan.

Joxeanen aitonak hartu zuen baserria bertan, Idiazabaletik etorrita: «berak etxerako egiten zuen sagardoa. Eta ondoren, ni haurra nintzela, aitak egiten zituen garai bateko bukoi horiek, 600 litrokoak, sagardoarekin. Lauzpabost egiten zituen, eta sal­tzen zizkien ezagunei. Izan zen urte bat, 1958a uste dut, sagar sobrante haundia zegoela. Eta auzoan bazegoen bat, Evaristo Gelbentzu, zeukana kupel haundi bat, aspaldikoa. Hura garbitu zuten, eta egin zuten sagardoz bete, Evaristoren sagarrekin eta guri sobratutakoekin. Txotxean jarri zuten Aste Santuan, eta ika­ragarrizko arrakasta izan zu­en. Eta hurrengo urtean, aita hasi zen kupelak erosi eta sagardoa egiten», kontatu du Joxeanek. Eta hori indartzeko hautua egin zuen berak: «soldaduskatik buelt­atu nintzenean, esan nion base­rritik ez zegoela bizitzerik hemen, eta sagardoarekin hasi nahi nuela. Utzi zidan, eta pixkanaka hasi nintzen nire kontura, sagardotegia puskaka egiten. Eta horrela iritsi gara gaurkora».

Orain, Joxean eta Nati jubilatuta, hiru alabek daramakite sagardotegia. Hala behar zuenik, ordea, ez diete inoiz esan: «kontrakoa, esaten ziguten gure bidea egiteko, ikasteko gustatzen zitzaiguna, ikusteko zertan egin nahi genuen lan, eta orduan erabakiko genuela», azaldu du Oihanak. «Familia honetakoa zaren momentutik, beti izango duzu lotura sagardotegiarekin; eta beti erakutsi digute etxeko jarduna dela, eta guztiok lagundu eta inplikatzea beharrezkoa zela. Baina gure etorkizunak ez zuen zertan hemen egon, eta ez digute inoiz esan sagardotegiari jarraipena eman behar genionik».

Txikitatik ibili dira hiru ahizpak sagardotegian, gora eta behera: «etxeko aktibitatean oso sartuta zegoen sagardogintza, eta guztiak zeuden inplikatuta. Denak biltzen ginen sagarraren inguruan, eta guk ez genuen ikusten aitaren lanbidea bezala; etxeko egunerokotasuna zen». Gero, pixkanaka, gehiago hasi ziren hurbiltzen txotxera, «otorduak ematen zirenean. Sukaldean eta garbiketan laguntzen hasi ginen, eta oso gaztetatik, baita zerbitzatzen ere», azaldu du Oihanak.

Baina sagardotegiari segida emateko erabakia beranduago etorri zen: «garai hartan ez genuen pentsatzen, etorkizune­an guk hartuko ote genuen sagardotegia». Gurasoen esanari kasu egin, eta ikasketak burutu zituzten hiru alabek. Baina iritsi zen erabakia hartzeko eguna, eta Oihanak eman zuen aurreneko pausoa: «aitak adin bat zeukan, eta sagardotegiak berrikuntza potente bat behar zuen. Eta orduan bai, esan zuen erabaki beharra zegoela. Sagardotegiarekin aurrera jarraituko bagenuen, berrikuntza egingo genuen; baina bestela, beraiekin bukatuko bazen sagardotegiaren ibilbidea, ez zuen merezi berrikuntza bat planteatzea. Eta momentu horretan, erabaki genuen aurrera egitean. Orduan ni sartu nintzen, adinez hiruetan nagusiena naizelako, eta unibertsitateko ikasketak bukatuta neuzkalako», kontatu du Oihanak. 2005 inguruan izan zen hori, eta bost urte beranduago batu zitzaion Jaione, berak ere ikasketak bukatuta, eta kanpoan lanean bi urtez aritu ondoren. Eta azkenik, Maialenek egin zuen sagardotegirako bidea, urte batzuk beranduago, aita jubilatu zenean eta ikusi zuenean hirugarren bat ere behar zuela sagardotegiak.

Bakoitzak bere bidea egin ondoren, hirurak bueltatu ziren familiako negoziora, horri jarraipena ematera lotuta ez egon arren. «Kontua da, bertan bizita eta txikitatik hemen ibilita, nolabait identifikazio eta nortasun bat daukazula, sagardotegiari lotutakoa. Sentitzen zara Zelaiaren parte, eta txikitatik sartzen zaizu hori. Eta pentsatzen duzunean, hemen lanean aritu beharrean kanpora joatea, sentitzen duzu zure parte bat galduko zenukeela. Zaila da haustura hori egitea. Barrutik sortzen den zerbait da, eta ez kanpotik datorrena», azaldu dute.

Hala nahi zuen Joxeanek ere: «garbi neukan, sagardotegira gogoz kontra etortzea alperrik zela. Baina hirurek erabaki dute bertan aritzea, eta polita da hiru alabek sagardotegiaren martxa daramakitela ikustea, ilusioa egiten du. Zuk borrokatu duzu sagardotegiarengatik, baina ez badaukazu segidarik, beste batzuen eskuetan utzi behar duzu, edo itxi. Beste sagardotegi batzuetan gertatzen ari da, eta tristea da. Hau ez da etxetik 10 kilometrora enpresa bat edukitzea bezala. Etxearen parez pare daukazu, eta egunero ikusten duzu. Eta ikustea aurrera dijoala, eta etxekoak bere borondatez datozela lanera, pozgarria da. Zerbait ondo egingo genuen...».

«Batzuetan pentsatzen dugu, asko konplikatu garela; baina hemen gaude gustatzen zaigun lana eta proiektua delako»

Edonola ere, aitortu dute ez zaizkiela «garai errazenak» tokatu, behin erreleboa emanda: «asko sufritzen ari gara momentu honetan, negozio bezala. Gauzak asko kostata ateratzen ditugu aurrera. Eta une batzuetan pentsatzen duzu, beste bizitza mota bat errazagoa izango litzatekeela, asko konplikatu garela honekin. Baina, bestetik, hemen gaude gustatzen zaigun lana eta proiektua delako. Eta zaila egiten zait, nire burua ikustea hemendik kanpo», dio Oihanak.

Ezagutzaren transmisioa eta ikasketa, modu naturalean egin dute sagardotegian. Joxeanek aitarengandik ikasi zuen zerbait: «berak minimo batzuk zekizkien sagardoa egiteari buruz, baina lau-bost kupel zeneuzkan arte, ez zenekien gauza askorik sagardoaren inguruan. Gero, ondorenean, joan nintzen ahal nuen guztia ikusten, batetik eta bestetik. Sagardogileen artean hasi ginen hitz egiten, enologoak azaldu ziren... Eboluzioa izan du, eta sagardogintzan ez diozu sekula uzten ikasteari».

Berarengandik ikasi dute as­ko, Oihanak, Jaionek eta Maialenek. «Beti hemen inguruan ibilita, asko ikasten duzu modu naturalean. Oso jarraipen estua egiten diozu guztiari». Eta berrikuntzaren kontuarekin erabakia nahiko goiz hartu beharrak, trantsizio fasea luzatu eta ikasketa erraztu zuen: «oso gutxinaka egin dugu trantsizioa, eta behin sagardotegira etortzea erabaki nuenean, hasi nintzen formazioa jasotzen, Haziren edo Fraisororen bitartez, inguruko aukera guztiekin. Eta hasieran, lan egin baino gehiago, izan zen formazio hori jaso eta barneratzea, sektorea ezagutzea, sagardogileak... Mundu honetan sartzea, azken batean. Izan ere, sektorea bera nahiko konplexua da, eta ezin duzu zuzenean iritsi eta dena kontrolatu. Poliki-poliki murgildu behar duzu. Eta horretarako, momentu onean egin genuen trantsizioa, ez zelako izan egun batetik besterako kontua. Urte askotan egon gara aita eta biok elkarrekin», kontatu du Oihanak.

Nekazaritza-teknikari izateko ikasi zuen unibertsitatean; hasiera batean, ez sagardotegiari begira. Baina azkeneko pro­iektua sagardoaren kalitate prozesuei buruz egin, eta sagardotegira bideratu zuen. Praktikak ere, sagardogintzari lotutakoak egin zi­tuen, beste enpresa batean.

Antzeko gertatu zitzaion Ja­ioneri ere. Administrazio ikasketak hasi zituen, hori gustatzen zitzaiolako; baina horretan ari zela, deskubritu zuen komunikazioaren eta marketinaren mundua, eta masterra egin zuen horri begira. Administraritzarekin lotutako enpresa batean aritu zen lanean, baina ikusi zuen sagardotegian ere bazeukala zeregina, eta berari gustatzen zitzaion guzti hori Zelaian ere erabili zezakeela. «Hona etortzeak ez zion eskatuko berak ikasitakoa alde batera uztea; alderantziz, aukera pila bat zeuzkan hemen, guzti hori lantzeko. Eta oso argi ikusi zuen zein zen bere tokia hemen. Bulegoko lan guztiak, komunikazioa eta marka-iru­dia lantzea, bere gain hartu zituen; eta aurretik landu gabe zegoen arlo bat sortu zuen. Hutsune hori geneukan, eta berak bete zuen. Primerakoa izan zen negozioarentzat», dio Oihanak.

Maialenek urte gehiago egin zituen kanpoan lanean, ingeniaritza agronomoa ikasi ondoren, eraikuntza enpresetan. «Berak sa­gardotegiari begiratzen zion, etortzeko asmoarekin; baina bere momentuaren zain. Hasieratik zeukan argi hona etorriko zela noizbait, baina nahi zuen bere momentua topatu. Aitaren tokia hartzea zen Maialenen egitekoa, eta hala izan zen; aita jubilatzeko zegoenean sartu zen, eta bere lekua hartu zuen».

Horrela, bakoitzak bere lekua eta bere ardurak hartu ditu Zelaian, Lizeagan bezala. «Alabek orain daramakiten bezala, egungo ereduarekin, nik frakasatu egingo nuke. Administrazioko kontuak, kalitate kontrolak, laginak... Bakoitzak ezagutzen du­enarekin eta bere ikuspegiare­kin, ondo moldatzen dira, eta hori pozgarria da guretzat», nabarmendu du Joxeanek.

Aita ez da guztiz aldendu, edonola ere. «Ikuskaritzan dabil orain», dio Oihanak barrez: «bera oso lotuta dago honekin, bere bizitza da; eta oso gertutik jarraitzen du gure jarduna. Zalantzak dauzkagunean ere, beregana jotzen dugu. Eta askotan, ikusten duzu berak ez dakiela azaltzen, zerbait zergatik egiten duen horrela; baina gero konturatzen zara zentzu asko daukala, egiten duen horrek badaukala zergati bat».

Joxeanek berak aitortu du, jubilatuta egon arren, «gustura» joaten dela sagardotegira, «ikusita beraiek ondo dabiltzala».

Bakoitzak bere arloa lantzen du Lizeaga sagardotegian, eta «oso ondo» moldatzen dira horrela.

Hurrengo belaunaldiarekin, erreleboa «gero eta zailagoa»

Lizeaga sagardotegiak bezala, Zelaiak ere ziurtatuta dauka etorkizuna, urte batzuetarako. Hurrengo belaunaldian? «Nik bi seme-alaba dauzkat, eta Jaionek seme bat; baina txikiak dira oraindik. Hala ere, gero eta zailagoa ikusten dut hurrengo belaunaldiak sagardotegiari jarraipena ematea», dio Oihanak. «Ez dakit baloreak eta bizimodua aldatzen doazen, baina seme-alabek esan izan didate: Ama, zuk zein ordutegi arraroa daukazun, edo Zergatik zaude beti lanean? Ikusten dute beste guraso batzuen ordutegiak konpatibleagoak direla beraien bizitzarekin, eta oso ondo bizi direla. Eta zaila iruditzen zait beraiek honi segida ematea. Ezagutzen dute, ibiltzen dira sa­gardotegian, eta batzuetan baloratzen dute, gustatzen zaie. Baina besteetan, iruditzen zaie ez dagoela konpentsatua, esfortzua eta ikusten duten emaitza. Eta ulertzen dut hori. Alabarekin ikasketen inguruan ari nintzela, galdetu zidan unibertsitatean ikasi ote nuen. Eta zergatik ez zenuen jarraitu, lan postu on bat edukitzeko? Oposaketak gogorrak direlako izan zen, ezta? Eta esan nion ezetz, nire lanpostua ona dela, eta daukadana nire proiektua dela; nire aukera izan zela. Baina ez zuen ulertzen erabaki hori. Bizi baldintzak beste modu batera baloratzen dituzte. Denbora edukitzea, segurtasuna izatea... Beraz, gero eta zailagoa iruditzen zait grin hori sortzea beraiei. Lehenengo sektorean ikusten ari gara, belaunaldi aldaketan arazo haundia dagoela; eta sagardogintzan ere badator arazoa».

Zentzu horretan, garbi dauka Oihana Gaincerainek, «guztiz libre» izango direla haien seme-alabak, hiru ahizpak izan ziren bezala, beraien etorkizuna erabakitzeko. «Hau izan da gure proiektua, eta gurekin amaitu daiteke; eta ez da ezer gertatuko. Gustatuko litzaiguke jarraitzea, baldin eta beraien erabakia hori bada, baina ez beste aukerarik ez dutelako. Tristea izango litzateke, hemen sartzea beraien gustuko lanbideetan tokirik aur­kitu ez dutelako. Hori ez nuke nahi. Nahiko nuke izatea beraiek benetan horrela sentitzen dutelako». Barru-barruan grina sortu zaielako, hain justu, Zelaiako hiru ahizpei eta Lizeagako hiru lehengusuei gertatu zitzaien bezalaxe.

GIZARTEA