"Euskal Sagardoaren barruan uzta historikoa izan da"
Descripción
Historikotzat jo dute ondoko irudian duzuen sagardogileen sektoreak azken urte hau, "Euskal Sagardoaren barruan uzta historikoa izan da", adierazi dute goizean Donostiako San Telmon egin duten agerraldian. Euskal Sagardoa jatorri deiturako ordezkariak, nahiz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogileen elkartekoak bildu ditu hitzorduak; hitz gutxitan sagardogileen sektorea.
botella euskal sagardoa coronavirus marca sidra cosecha
Ficha
- Fuente: Noaua.eus
- Fecha: 2022-01-11
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-014661
Texto completo
Euskal Sagardoaren baitan ekoiztutako litro kopurua hirukoiztu da aurtengoan. Sagardo arinagoak, lurrintsuagoak... "ekoizpen interesgarria" aurkituko du kontsumitzaileak aurtengoan, sektoreak gaur egin duen agerraldian aurreikusi duenez.
Historikotzat jo dute ondoko irudian duzuen sagardogileen sektoreak azken urte hau, "Euskal Sagardoaren barruan uzta historikoa izan da", adierazi dute goizean Donostiako San Telmon egin duten agerraldian. Euskal Sagardoa jatorri deiturako ordezkariak, nahiz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogileen elkartekoak bildu ditu hitzorduak; hitz gutxitan sagardogileen sektorea. Helburu argia zuen prentsaurrekoak: garen urte garaian egonda, estreinatu berri dugun 2022ko sagardotegien denboraldia aurkeztea. Datorren hau, "merezi dugulako" aldarripean. "Merezi dugulako sagardo berria dastatzea, merezi duzuelako ekingo diogu 2022ko sagardotegi denboraldi berriari", adierazi dute.
Uzta historikotzat jo dute, Euskal Sagardoa jatorri deiturako egitasmoko ordezkari Unai Agirrek zioenez, "orain arteko handiena izan delako eta oso sagar osasuntsua eta ona jaso dugulako". Zenbakitan, 5 milioi kilo sagar jaso dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagastietan eta hiru milioi eta erdi litro sagardo ekoitzi dira "Euskal Sagardoaren barruan". Iaz baino hiru aldiz gehiago.
Hazkuntza nabarmen horren atzean bi faktore daudela nabarmendu du Agirrek gaurko agerraldian; bi urtez behin egokitzen den sagar urtea izatea batetik eta "administrazioen laguntzaz eta sektorearen iniziatibaz aldatzen ari diren sagasti berriak ere ekoizpenean sartzen hasi direla". Aurrerantzean ez omen dira ekoizpen txikiagoak izango, "halako uztak edo handiagoak ikusiko ditugu".
Arinagoak, lurrintsuagoak
Aurtengo ekoizpenera itzulita, eta iazko kanpainarekin alderatuta, "uzta oso interesgarria" dastatu ahalko du kontsumitzaileak. "Sagardo arintxeagoak ditugu aurten, beharbada usaintsuago edo lurrintsuagoak ere bai, eta alkohol graduazioa txikiagoa dutenak pixka bat". Halere ezaugarriok ezin dira orokortu, kupeletik kupelera, sagardotegitik sagardotegira, edota zonaldetik zonaldera "alde handiak" ikusiko baititugu. Eta horixe sustatu nahi du sektoreak gainera. "Sagardotegi bakoitzak bere gustuko sagastiak eta sagar motak jartzen ditu eta asko ari da hazten dibertsifikazioa". Hala sagardotegi batera heldu eta sagar mota bakarreko edo gehiagoko sagardoak dastatu ahalko ditugu. "Honek joko handia ematen du, halakoak gehiago azaltzen hasiko dira sektorean", zioen Agirrek; "izen abizenak dituzten euskal sagardoak".
Ezinbesteko igoera
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogileen sektoreak ohartarazi duenez, %10-20ko prezio igoera izango dute sagardo botilek. Prezio igoera "ez da kapritxo bat" argitu nahi izan dute, igoera hau "beharrezkoa du sektoreak aurrera egin ahal izateko". Sagardoaren errentagarritasuna bilatzen dute Euskal Sagardoa jatorrizko deitura sortu zutenetik eta baita lehendik ere, eta orain ezinbestekoa bilakatu zaie, inflazioaren eta materialen prezioen gorakadagatik.