Sagardoetxea museoaren etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa Astigarragan, otsailaren 6an
Descripción
Udalaren proposamenari adostasuna edo desadostasuna agertzeko aukera izango dute Astigarragako herritarrek. Besteak beste, Sagardoetxeak herri eta eskualde izaera gainditzea jasotzen du Udalaren proposamenak.
astigarraga consulta museo proyecto sagardoetxea
Ficha
- Autor: Naiz
- Fecha: 2022-01-18
- Clasificación: 3.0. Museo de la Sidra Vasca
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-014511
Texto completo
Udalaren proposamenari adostasuna edo desadostasuna agertzeko aukera izango dute Astigarragako herritarrek. Besteak beste, Sagardoetxeak herri eta eskualde izaera gainditzea jasotzen du Udalaren proposamenak.
Astigarragako Sagardoetxea museoaren etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa egingo da otsailaren 6an. «Ados al zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?» izango da Astigarragako bizilagunek erantzun beharko duten galdera.
Sagardoaren museoak 15 urte egin dituen honetan, «txiki» geratu dela iritzi dute Astigarragako Udaleko arduradunek. «Gaur egun egiten diren jarduera eta ekimenak aurrera eramateko eta sagar kulturaren inguruan bildutako dokumentu eta pieza etnografikoak bildu eta herritarren eskura jartzeko leku nahikorik ez dago», agertu dute Xabier Urdangarin alkateak eta Aintzane Barandiaran alkateordeak astearte honetan emandako prentsaurrekoan.
Horregatik, sei puntu biltzen dituen proposamena ondu du Udalak, eta horri baiezkoa edo ezezkoa esateko aukera izango du Astigarragan erroldatutako 16 urtetik gorako herritar orok datorren otsailaren 6an.
Ondoko puntuak jasotzen ditu Udalaren proposamenak: Sagardoetxearen proiektu berriak Astigarraga sagardogintzaren eta sagarraren kulturaren erdigunean jarriko du eta herri eta eskualde izaera eta proiekzioa gaindituko ditu; bertako ekonomia, merkataritza eta turismoa sustatuko ditu, eta askotariko bisitariak erakarriko ditu; Sagardoetxearen proiektua landuko da sagardogile eta sagarraren sektorearekin, beste administrazio publikoekin, herritarrekin eta eragileekin; egoitza berria Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean kokatuko da, hein handi batean, lurpean; Sagardoetxe berriaren finantzaketan Astigarragako Udalak eta beste administrazioek parte hartuko dute; Sagardoetxe berriaren proiektua estrategikoa da Astigarragarentzat eta herriaren ondarea balioan jarriko du.
Sei puntuko proposamen hau Astigarragako hainbat eragile eta norbanakok osatutako Hausnarketa Taldeak 2021eko udaberrian egindako hausnarketa prozesuaren ondorioa da.
Noiz eta non
Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, herri galdeketa otsailaren 6an, igandea, izango da. Goizeko 9.00etatik arratsaldeko 20.00etara eman ahalko da botoa Erribera Kulturgunean kokatuta egongo diren galdeketa mahaietan.
Aurretiaz bozkatzeko aukera ere zabaldu dute, Udaletxeko Idazkaritzan, urtarrilaren 19tik otsailaren 1era bitartean, hurrengo ordutegian: egunero 9.00etatik 13.30era eta astearte eta ostegunetan arratsaldez ere bai, 16.00etatik 19.00etara.