Sagardoaren lurraldea

Abian da sagardotegi denboraldi berria

Descripción

Josu Aburuza Aburuza sagardotegia, Aduna Zer moduzko sagardoa dator aurtengoa? Zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke? Urtero ona esaten dugu guk, baina egia da jendea oso gustura dagoela; izan ere, aurten sagardo aurreratuagoak baitatoz. Azkarrago irakin dute eta garai honetarako, beste urteetan baino borobilagoak daude sagardoak, orekatuagoak.

sidrería aburuza ocio gastronomía sidra sidrería temporada del txotx

Ficha

  • Fuente: Aiurri.eus
  • Fecha: 2012-02-01
  • Clasificación: 2.4. Txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-014492

Texto completo

Kupeletik bertatik, sagardorik berriena dastatzeko aukera zabaldu da berriki. Sagardo denboraldi berriaren harira eskualdeko hiru sagardotegitako kideek hartu dute hitza: Adunako Aburuza eta Zabala nahiz Asteasuko Sarasolako kideek.
Josu Aburuza
Aburuza sagardotegia, Aduna

Zer moduzko sagardoa dator aurtengoa? Zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke?
Urtero ona esaten dugu guk, baina egia da jendea oso gustura dagoela; izan ere, aurten sagardo aurreratuagoak baitatoz. Azkarrago irakin dute eta garai honetarako, beste urteetan baino borobilagoak daude sagardoak, orekatuagoak. Aurtengo sagardoa jeneralean etorri da goizago: bai gure etxean eta baita beste sagardotegietan ere eta jendeak gustukoago du hori, azken batean sagardo hori ezagutzen baitute batik bat.
Ezaugarrien artean, gure etxeko sagardoak zaporez fruta dezente daukala nabarmenduko nuke. Sagardoa aurreratuago etortzearen arrazoietako bat sagar uzta aurreratuago etorri izana da eta lehenago hasi ginen sagar biltzen: iraila hasieran ekin genion uztaren kanpainari, urri amaiera arte. Garrantzitsua da sagarra bere garaian bildu eta ez gehiegi heltzen uztea. Bestela, fruta eta usain edo zapore gutxiago izaten baitu sagardoak.

Zein izan da uzta goiztiarraren arrazoia? Zer nolako uzta izan da? Eta sagardoa egiteko prozesua?
Arrazoi nagusia eguraldia izan da. Epela egin zuen eta nahikoa lehorretik joan zen urtea. Dudarik gabe, horrek aurreratu zuen uzta. Kolore argiko sagardoak ere badira eta, oro har hartuta, garai honetarako oso kolore polita dutela esan daiteke. Garai honetan, oraindik guztiz eginda ez daudenean, kolore gorriztagoa izaten dute gehienean, baina aurten, kolore argia hartu dute dagoeneko. Gainerakoan, prozesuari begira urteroko pauso berdinak jarraitu ditugu sagardoa egiterakoan.

Noiz zabaldu duzue sagardotegia? Hasiera ona izan al duzue harreraren aldetik?
Urtarrilaren 13an zabaldu genuen sagardotegia. Hasiera ona izan da, nahiz eta urtarrila nahikoa hilabete aldapatsua izaten den. Dudarik gabe, otsaila eta martxoan zehar sortzen da mugimendurik gehien, Aste Santua bitarte. Krisi garaiaren eraginez, denok gaude kezkatuta, baina jendeak erantzungo duela pentsatzen dut. Kaldereroak nahiz Inauteriak ere laster datoz eta jende asko erakartzen dute antzeko jaiek.
Janari dagokionez sagardotegiko menu finkoa eskaintzen dugu eta postrearekin Tolosako teila eta zigarrotxoak. Sagardotegia urte guztian zehar zabalik izaten dugunez, sagardotegi denboralditik kanpo, –maiatzetik aurrera–, menua zabaldu eta aukera berri pare bat eskaintzeko asmoa dugu.

Kantu liburuxkak, harrera beroa
Aiurriko kantu liburuxkak bezeroen aldetik harrera ona izaten duela jakinarazi du Josu Aburuzak, “sarrerako mahaian uzten ditugu eta jendeak bertatik hartzen ditu. Laster bukatzen dira. Batzuek bertan abestera ere animatu izan diren arren, jendeak etxera eramaten ditu gehienetan.

Zerbitzuak eta ordutegia
Afariak: Astearte, asteazken, ostegun, ostiral eta larunbatetan 20:00-22:15.
Bazkariak: Larunbatetan 13:30-15:00.
* Igande eta astelehenetan itxita.
Tokia: 300 lagun, eserita.

Inaxio Sarasola
Sarasola sagardotegia, Asteasu

Zer moduzko sagardoa dator aurtengoa? Zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke?
Oso kolore oneko sagardoa da, garbia. Eguraldi beroa dela eta, aurreko urteetan baino lehentxeago etorri da, baina aitzakiarik gabeko sagardoa da. Ohikoa dena baino hilabete lehenago datorrenez, gozo handirik gabekoa da. Bezeroei gustatu zaie eta hori da garrantzitsuena.
Iazko denboralditik hasita, Gorenak markaren barnean sartuta gaude eta horrek, hainbat kontrol pasatzea eskatzen digu. Sagardoa botillaratu baino lehen eta ondoren, Fraisoroko laborategietara eramaten dugu analisiak egitera eta bertan lagin bat geratzen da beti. Horrek, gure sagardoaren kalitatea bermatzen dio bezeroari. Sagardoari merezi duen garrantzia aitortzea ezinbestekoa zela iruditzen zitzaigun eta horregatik erabaki genuen Gorenak markaren barnean sartzea. Gustura gaude hartutako erabakiarekin.

Zein izan da uzta goiztiarraren arrazoia? Zer nolako uzta izan da? Eta sagardoa egiteko prozesua?
Iazko sagar uzta oso ona izango zela zirudien, baina ale asko galdu zen. Hala ere, urte polita izan zela esan behar da; bereziki Tolosaldean. Guk etxean oso sagarrondo gutxi dugu eta inguruko herrietako baserrietatik ekartzen digute. Dena batera ez dago egiterik eta oso zaila izango litzateke sagar biltzen eta sagardoa egiten, denean aritzea. Hilabete inguru pasatzen dugu sagardoa egiten.
Gure sagardoa egiteko erabilitako sagarraren %60a bertakoa da eta gainerakoa Frantziatik eta Galiziatik ekarri dugu. Ona da sagar mota ezberdin asko nahastea, horrek sagardoari kalitate hobea ematen diolako. Esaterako, Frantziatik etortzen den sagarra motelagoa izaten da eta Galiziakoa berriz biziagoa. Proportzioa zainduz gero, ondo etortzen da batetik eta bestetik nahastea. Hala ere, oso garrantzitsua iruditzen zaigu bertako sagarrari bultzada ematea. Izan ere, sagar mota asko dago hemen bertan, bakoitza bere izen eta ezaugarriekin.

Noiz zabaldu duzue sagardotegia? Hasiera ona izan al duzue harreraren aldetik?
Urtarrilaren 14an zabaldu genuen sagardotegia eta pozik gaude izandako harrerarekin. Urtarrila ez da hilabeterik onena izaten, baina dagoeneko ari zaizkigu otsailerako enkarguak iristen eta hori seinale ona da. Inguruko herrietako jendea ez ezik, Iparraldekoa eta beste zenbait tokitakoa ere etortzen da. Asko eta asko, urtero etortzen dira koadrilan edo familiartean.

Kantuan, tarteka
Jendeak kantu liburuxka oso gustura hartzen duela aipatu arren, sagardotegian kantatzera oso jende gutxi animatzen dela azaldu du Inaxiok, “garai batean oso ohikoa zen kupel artean kantari edota bertsotan aritzea, baina gaur egun, ohitura hori galtzen ari da. Hala ere, kantuan egiten duen koadrilaren bat etortzen da tarteka”.

Zerbitzuak eta ordutegia
Afariak: Iluntzero, 20:00etatik aurrera.
Bazkariak: Larunbat, igande eta jaiegunetan, 14:00etatik aurrera.
Tokia: 180 pertsona, eserita.

Martin Zabala
Zabala sagardotegia, Aduna

Zer moduzko sagardoa dator aurtengoa? Zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke?
Oso sagardo goxoa da aurtengoa. Garai honetarako, beste urteetan baino lehenago etortzen ari dena, eginxeagoa. Sagardo fina da, leuna: erraz edateko modukoa, tragotxo bat egin eta beste bat eskatzen duenetakoa. Orain artean, jendea oso gustura agertu da. Agian ez dira iaz bezain sagardo zaporetsuak, baina oso finak eta gustagarriak dira.

Zein izan da uzta goiztiarraren arrazoia? Zer nolako uzta izan da? Eta sagardoa egiteko prozesua?
Eguraldiak agintzen du sagarraren etorreran. Geroz eta bero gehiago egin, lehenago heltzen da sagarra eta, ondorioz, bildu ere lehenago egin behar da uzta.
Lehengo urtean baino sagar gutxiago izan da, baina azken hau sagar urtea ez zela kontuan hartuta, oso kopuru polita bildu dugu. Etxeko eta inguruko baserrietako sagarrekin osatu dugu %55a eta beste %45a kanpotik ekarri dugu: Frantziatik. Iaz dena bertakoa izan zen bezala, aurten ez da hala egokitu. Hurrengo urtean ere guztia bertako sagarra izatea espero dugu. Sagastiak geroz eta gehiago lantzen direnez, urtez urte gehiago ari da uzta parekatzen, ez da lehen bezainbesteko ezberdintasunik izaten.
Sagardoa egiteko prozesuan azkar ibili behar izan dugu, ohi baino azkarrago. Bero egiten zuenez, sagarrak lehenago bildu eta segidan egin behar izan genuen sagardoa. Izan ere, eguraldi beroekin, ezin baita sagarra bilduta eduki; egosi edo pasatu egiten baita bestela. Gau eta egun aritu gara lanean, sagarrak agindu bezala.

Noiz zabaldu duzue sagardotegia? Hasiera ona izan al duzue harreraren aldetik?
Urtarrilaren 4an zabaldu genuen sagardotegia eta momentuz lasai-lasai gabiltza. Hemen ere, orain urte batzuk hasita, krisia nabari da. Hala ere, susperraldia lortzeko esperantza badugu. Normalean, Inauteriak arte giro lasaia izaten da, hortik aurrera hasten da gehiago animatzen. Maiatza arte zabalik egongo da sagardotegia.

Kanturako ohitura gutxiago
Martinek azaldu duenez, gero eta jende gutxiago animatzen da sagardotegian kantatzera, “adin bateko jendea tarteka animatzen den arren, jende gazteari gehiago kosta ohi zaio kantuan hastea. Sagardotegiko giroa asko lasaitu da, ez dago lehen bezalako festarik: giro lasaiagoa sortzen da, jendea trankilago egoten da, gozo-gozo. Talde batzuk animatzen dira, bai, baina geroz eta gutxiago. Kantatzeko ohiturak galtzen ari dira, txikiteroena bezala, pixkanaka”. Hala ere, Aiurriko kantu liburuxkek harrera ona izaten dutela gaineratu du Zabalakoak, “liburuxkak hartu eta etxera eramaten dituzte bezeroek, kantuak ikasteko-edo. Jakin-mina behintzat sortzen dute; hemendik laster ezkutatzen dira”.

Zerbitzuak eta ordutegia
Afariak: Astelehenetik igandera, gauero. 19:30-23:30.
Bazkariak: Ostiraletik igandera. 13:30-17:30.
Tokia: 120 pertsona, eserita.