"Sagardoaren prezioa igotzea erabaki behar izan du sektoreak"
Descripción
Aurtengo sagardoa "izaera handikoa" izango dela iragarri du Olatz Mitxelenak (Astigarraga, 1991), Euskal Sagardoa sektoreko teknikariak, eta sagardotegiak "espazio seguruak" direla nabarmendu du. Protokolo bat baino gehiago dituzte prest dagoeneko, etxeko lanak eginda izateko eta sektoreari ziurtasuna emateko.
ocio astigarraga coronavirus precio sidra temporada del txotx
Ficha
- Fuente: Berria
- Fecha: 2022-01-19
- Clasificación: 2.4. Txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa
- Signatura: P39-9 »
- Código: NA-014383
Texto completo
Aurtengo sagardoa “izaera handikoa” izango dela iragarri du Olatz Mitxelenak (Astigarraga, 1991), Euskal Sagardoa sektoreko teknikariak, eta sagardotegiak “espazio seguruak” direla nabarmendu du. Protokolo bat baino gehiago dituzte prest dagoeneko, etxeko lanak eginda izateko eta sektoreari ziurtasuna emateko. Iaz bezeroek erakutsitako babesak ere ematen die indarra: “Duela hiru urte esan izan baligute zutik kontsumitu gabeko sagardotegi garai bat edukiko genuela, ez genukeen sinetsiko, baina jendearen erantzuna sekulakoa izan zen”.
Nolako sagardotegi garaia dator?
Berezia. Orain dela pare bat aste pentsatzen genuen zutik kontsumitzea posible izango zela, baina urtarrilaren 28ra arte behintzat horretarako aukerarik ez da izango. Zenbait protokolo ditugu prestatuak, lanak aurreratuta edukitzeko, eta egoeraren arabera bat edo beste bat aktibatzeko. Ziurtasuna eman nahi diogu sektoreari. Hasieran, kontsumoa eserita izango da, eta sagardoa mahaira ekarriko dugu. Funtzionamendua iazkoaren oso antzekoa izango da: sagardotegi batzuek botila gardenak erabiliko dituzte, eta beste batzuek, pitxerrak; kasu batzuetan bezeroak altxatu ahal izango du upeltegira betetzera, eta beste batzuetan sagardogileak ekarriko du; etxe bakoitzak ikusiko du zein duen berarentzat lanerako modurik errazena eta seguruena.
Esan duzu hasieran behintzat iazkoaren antzekoa izango dela funtzionamendua. Zer moduz moldatu zineten iaz?
Oso eskertuta gaude jendearen erantzunarekin. Duela hiru urte esan izan baligute zutik kontsumitu gabeko sagardotegi garai bat edukiko genuela, ez genukeen sinetsiko, baina jendearen erantzuna sekulakoa izan zen. Animo asko jaso genituen, eta asko eskertu ziguten sagardo berria dastatu ahal izateko aukera ematea eta ilusio hori bizirik mantentzea.
Nola bizi da sektorea gaur egungo egoeran?
Neke puntu batekin. Ulertzen dugu geure aldetik ere jarri behar dugula kutsatzeak ekiditeko, baina uste dut jada asko samar jartzen ari garela, oso ondo ulertu gabe zer momentutan erabaki den kutsatzeak ostalaritzan gertatzen direla. Guk argi daukagu gure protokolo guztietan sagardotegiak espazio seguruak direla, bai mahaika altxa daitekeenean, bai zutik talde txikitan kontsumi daitekeenean, beti bermatzen dugulako 1,5 metroko distantzia eta musukoaren erabilera.
Zein ezaugarri izango ditu aurtengo sagardoak?
Izaera handiko sagardoa dator, urtetik urtera sagardogileek lan handia egiten dutelako aurreko urteko markak hautsi eta sagardo hobeak izateko.
Sagar urtea izan da 2021a, baina ahal zen guztia ekoitzi da, edo, jakinda agian sagardotegiek eta ostalaritzak ezingo zutela ohi bezala funtzionatu, neurtu egin da ekoizpena?
Neurtu egin da. Hala ere, nabarmenduko nuke ekoizpen neurtu horretan bertako sagarraren erabileraren alde egin dutela gehienek. Kopuruz, bertako sagarra dexente sartu da sagardotegietan.
Orain hasiko da sagardotegi garaia. Hala ere, gero eta gehiago dira urte osoan zabaltzen dutenak, ezta?
Bai, gero eta gehiago dira urtean zehar zabaltzen duten sagardotegiak, eta eskaintza zabalagoa ematen dutenak ere bai. Adibidez, eskaintza horri lotuta, hainbat bisita eta irteera mota dauzkagu, eta, hemengo bezeroek eskatuta, beste produktu bat estreinatuko dugu aurtengo sagardotegi sasoian: dastatze gidatuak sagardotegietan.
Zer eskainiko duzue?
Etxe bakoitzak dituen produktuak dastatu ahal izango dira, eta oinarria izango da jatorri izena. Jatorri izenaren bereizgarriak ezagutzeko, sagar barietateak ezagutzeko eta hemengo bezeroei bestelako eskaintza bat emateko balioko dute dastatze gidatuek. Sagardotegira joandakoan, otorduaren aurretik egingo dira dastatze gidatuak, botilatik, edo, ahal denean, upeletik.
Bost urte dira Euskal Sagardoa jatorri izena sortu zenetik. Zer balorazio egiten duzue?
49 sagardotegi egongo dira aurten jatorri izenaren barruan. Lehen bost urteak bete ditu, eta sektorea gero eta ilusio handiagoz dago horrekin, lortzen duelako sektorearentzat inportanteena dena: bertako sagarraren kalitatea eta profesionaltasuna. Lortzen du lehen sektore bateratu bat izatea, lehen sektore profesional bat edukitzea eta ekonomia zirkularra ixtea.
Zer erronka nagusi ditu?
Aurten sagardo sektoreak plan estrategikoa sortu du, hiru oinarri nagusiren gainean: sagarra, sagardoa eta sagardotegia. Plan estrategiko horretan atal bakoitzerako eginkizunak markatu ditugu, eta sektore osoak hiru atal horietan aurrera egiteko konpromisoa hartu du. Helburua da sektore osasuntsu bat izatea hemendik urte luzeetara.
Lehen sektorearen egoera larriaren berri ematen ari dira nekazarien sindikatuak. Zuei ere eragin al dizue ekoizpen kostuak igo izanak?
Bai, erabaki batzuk hartu behar izan ditugu, eta, tartean, sagardoaren prezioa igotzea erabaki behar izan du sektoreak: produkzio kostuak igo egin dira, eta sagardoaren prezioa ere %10-%20 artean igoko da. Prezioen igoera bat planteatzen da, edo ito egingo da sektorea. Marjina eskaseko produktuak dira gureak, oso prezio merkea dutelako, eta horrek, azkenean, ez dizu aukerarik ematen profesionalki aurrera egiteko. Elementu guztiak garestitu dira: kartoia, plastikoa, kortxoa…