Sagardoaren lurraldea

Aurtengo sagarraren uzta urrezkoa da

Descripción

Euskal Sagardoak eta Sagardoa Routek aurkeztu dute sagar uzta berria. Urola Kostako sagarzaleak biltzen eta saltzen hasita daude. Uzta ona eta oparoa dute aurtengoan Errezilgo Basabe Barrena baserrikoek eta Ibañarrietako Irure Txikiko Ekain sagardoaren ekoizleek. Aurten bai, aurten sagarrondoak makur-makur eginda daude, adarrak fruituz beteta dituztela.

euskal sagardoa marca manzana manzanal cosecha

Ficha

  • Fuente: Urola Kostako Hitza
  • Fecha: 2021-09-08
  • Clasificación: 1.4. manzanal
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-014277

Texto completo

Aurten bai, aurten sagarrondoak makur-makur eginda daude, adarrak fruituz beteta dituztela. Iaz “ez urtea” izanda, aurtengoa bestelako uzta izaten ari da sagastizaleentzako: oparoa.

Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagastizale eta sagardogileek eta Sagardoa Routek 2021eko sagar uzta aurkeztearekin batera, lehen muztioa dastatu zuten atzo, Donostiako Trinitate plazan egindako ekitaldian. Aurtengoa “sagar urte oparoa” dela nabarmendu dute ekoizleek, sagasti gehienek sagar asko eta fruitu oso osasuntsua dutelako.

Bertako sagarra hil honetatik azarora bitartean bilduko dute. Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariek zehaztu dutenez, aurtengo udako eguraldiak sagasti askotan atzeratu egin du pixka bat fruituaren heldutasun garaia, baina beste zenbait sagastitan iazko erritmoan doa. Oraindik ere garaiz izan arren, aurten bost milioi kilo pasa sagar biltzea aurreikusten dute Euskal Sagardora bideratutako sagastietan.

Urola Kosta eskualdean ugariak dira sagastiak, sagarraren ekoizleak nahiz etxeko edota bertako sagarrarekin sagardoa, zukua, ozpina… egiten dituztenak.

Sagarraren ekoizleak
Errezilgo Ezama auzoko Basabe Barrena baserrian dagoeneko hasita daude aurtengo sagar uzta biltzen, baita jasotakoa azoketan eta sagardotarako saltzen ere. Astearteetako Azpeitiko azokan jarri ohi dute salmenta postua, eta atzo goizean hantxe zeuden sagar mota desberdinez betetako otarreez inguratuta Basabe Barrenako Maritxu Beristain (Errezil, 1945) eta haren biloba Adei Labaka (Errezil, 2007). Sagarrondoak etxe inguruan dauzkate, eta mota askotako sagarrak ekoizten dituzte bertako sagastietan Reina-Reineta, San Inazio sagarra, Errege sagarra, Goikoetxe, Ibarbi sagarra… Mahairako sagarrak nahiz sagardotarakoak dituzte.

Iazko sagarraren uzta “pattal samarra” izan zutela dio Beristainek, eta aurten, berriz, asko dutela, “gehiegi!”. Haren bilobak hala erantsi du: “Arbola asko pisuarekin okertu-eta dena egin dira. Baina lotuta jarri genituen berriro, eta orain ondo daude”.

Sagar bilketa eskuz egiten dute. Basabe Barrenako familia handia da, eta senideen artean biltzen dute uzta. Hala adierazi du Beristainek: “Nik zazpi seme-alaba eta hamabost biloba dauzkat, eta sagar biltzea familikoen artean egiten dugu”. Labakak sagar biltzea erosoago egiteko ibiltzen dituzten trikimailuak ere kontatu ditu: “Badugu belarra mozteko makina bat eta haren gainean plataforma bat jartzen dugu, hara gora igota sagar biltzen ere aritzen gara”.

Azpeitiko azokan bakarrik ez, larunbatero Tolosako (Gipuzkoa) azokan ere beren produktuak saltzeko postua jartzen dute Errezilgoek. Sagarraz gainera, baserrian ekoiztutako sasoian sasoiko bestelako produktuak ere saltzen ditu Beristainek: “Babarruna, intxaurrak, arrautzak…”.

Sagar uzta berriaren bilketa eta salmenta hasi dute. (Argazkia: Nerea Uranga)

Sagardotarako sagarrak
Errezilgo Ezama auzoan ekoiztutako sagarra sagardotegietara ere saltzen dute. Dagoeneko, aurtengo uztaren zati bat saldu dute sagardotarako. “Aurreko astean gure auzotik 12.000 kilo sagar eraman zituzten sagardotegirako; haietatik 8.000 kilo gure etxekoak ziren”.

Basabe Barrenan sagardoa ere egiten dute; guztira, 1.500 litro inguru. Edari hori etxerako eta senideen artean banatzeko egin ohi dute.

Zestoako Ibañarrieta auzoko Irure Txikin ere sagar biltzen eta sagardoa egiten murgilduta dabiltza hil honen hasieratik. Euskal Sagardoa jatorri izeneko Ekain sagardo ekologikoa, zukua eta ozpina ekoizten dituzte bertan.

Irure Txikin ere etxe inguruan dituzte sagastiak, eta bertan bildutako sagarrarekin bakarrik egiten dute Ekain sagardoa, Aitor Eizmendik (Zumaia, 1969) azaldu duenez. Sagarraren aurtengo uzta ziur asko “sekula baino hobea” dela adierazi du.
Ekain sagardoa zuzenean eta denden bidez saltzen dute Irure Txikikoek. Beraz, irailaren hasieratik azaroaren bukaera artean, lanak gehitu egiten zaizkie: “Sagardoaren banaketarekin eta salmentarekin jarraitzen dugu sasoi honetan, eta horrez gainera, sagarra biltzen nahiz bildu ahala sagardoa egiten aritzen gara. Sagar mota desberdinak ditugu, eta bakoitzak biltzeko bere garaia izaten du. Beraz, batzuk biltzeko moduan daude eta beste batzuk azaroaren erdi aldera arte jasotzen jarraitu behar”.