Sagardoaren lurraldea

Errezilgo erregina, liburu egina

Descripción

Ibarbi Sagarraren inguruko liburua aurkeztu dute gaur Errezilen. Alvaro Bermejo idazleak azaldu duenez, Errezilgo identitate ikurra da sagarra, eta harreman horretan jarri dute arreta. Xebero Agirretxe alkatearen arabera, "Errezilgo etxe guztietan egon beharreko produktua" da liburua. Ibarbi Errezil sagarra. Sagarren erregina izeneko lana aurkeztu dute gaur Errezilgo frontoian.

manzana errezil ibarbi cultura libro manzana

Ficha

  • Fuente: Urola Kostako Hitza
  • Fecha: 2021-04-11
  • Clasificación: 6.0. Cultura
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-014137

Texto completo

barbi Errezil sagarra. Sagarren erregina izeneko lana aurkeztu dute gaur Errezilgo frontoian. Bertan izan dira Luis Berrondo Ibarbi Sagarraren Elkarteko lehendakaria, Xebero Agirretxe Errezilgo alkatea, Alvaro Bermejo liburuaren idazlea, Iñaki Labaka Nekazaritza eta Lurralde Orekako aholkularia eta Landagipuzkoa egitasmoaren arduraduna eta Joseba Urretabizkaia argazkilaria. Dozenaka herritar ere bertaratu da aurkezpenera.

Tolosako Xibarit argitaletxeak kaleratu du liburua, Soroa bildumaren barruan, Errezilgo Udalaren eta Aldundiaren laguntzarekin. Urretabizkaia da argitaletxe horren arduraduna, eta hura izan da proiektuaren ideia izan duena. “Betidanik neukan kapritxoa Errezil Sagarrarekin zerbait egiteko. Gure etxean beti egon izan da Errezil Sagarra. Liburuaren ideiari bueltaka hasi ginenean, Errezilera etorri ginen, eta konturatu ginen Ibarbi Sagarraren inguruan sekulako lana egiten ari den elkarte bat existitzen zela. Oso erraza izan da elkartearekin eta errezildarrekin lan egitea”, azaldu du Urretabizkaiak.

Errezilgo alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei. “Proiektu hau gauzatzea ezinezkoa litzateke zuen laguntzarik gabe. Zenbait kasutan, zuen sukalderaino sartu behar izan dugu, zuen bizipenak, istorioak, jasotzeko. Ibarbi Sagarraren Elkarteari ere eskerrak eman nahi dizkiot, lan bikaina egiten ari direlako. Uste dut liburu txukuna eta kalitatezkoa dela argitaratu berri dena. Uste dut Errezilgo etxe guztietan egon beharreko produktu bat dela”.

Labaka ere pozik agertu da gaurko aurkezpenean. “Txikitasunetik, umiltasunetik, lan ugariren ondoriozko loraldia iritsi dela esateko eguna da gaur. Gauzak aurrera ateratzea asko kostatzen da orokorrean, eta zer esanik ez pandemia garaiotan, eta lorpen horiek are zailago izaten dira txikitasunetik abiatzen direnean. Horregatik alaitasun hori; alde batetik, liburua argitaratzearen helburua bete delako, eta, bestetik, txikitasunetik lan egin delako”. Haren arabera, Aldundiak ehun urtetik gora daramatza sagarraren bueltan ikerketak egiten. “Orain, Ibarbi Sagarraren liburuaren bidelagun izan da Foru Aldundia, eta aurrerantzean ere antzeko egitasmoak bultzatu nahi ditugu”.
Sagarra, Errezilen identitate ikur

Era berean, liburua idazteko prozesua nolakoa izan den azaldu du Bermejok: “Gure lana izan da nik ia-ia pasaeraz bakarrik ezagutzen nuen leku batera, Errezilera, hurbiltzea. Ez nekien asko Errezilek sagarrarekin zuen harremanaz, eta niretzako deskubrimendu bat izan da hori. Herri oso polita da Errezil, paradisiakoa, berdea, eta sekulako balioa du horrek. Zoragarria da. Dena den, gai honi heldu nionean, ez nekien nondik hasi. Artxibo lan bat egin behar izan dugu, herriaren eta sagarraren arteko harreman horretan sakontzeko. Baina haratago joan nahi izan dugu; ez genuen folklorismoa bakarrik kontatu nahi, baizik eta niretzako garrantzitsuena dena: herri honek nola jakin duen eboluzionatzen, jasangarritasunaren aldeko apustua eginez, eta identitatea aldatu gabe. Hau da, Errezilek nola egin duen urteetan aurrera, ezaugarri baliotsu hori galdu gabe: sagarrarekiko harremana, hain zuzen ere. Zergatik da gaur egun sagarra herriaren identitate ikurra? Horretan jarri dugu arreta, testuekin eta argazkiekin etengabe dantza eginez”.

Bestalde, Berrondok Ibarbi Sagarraren Elkartearen ibilbidea azaldu du. 2014an sortu zen elkarte hori, produktu hori sustatzeko beharra nabaritu zutelako. Ordutik, hainbat ikerketa egin dituzte, marka bat sortu ere bai, eta hark azaldu duenez, aurrerantzean ere gogor lanean jarraituko dute Ibarbi Sagarra bultatzen jarraitzeko.

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi dute liburua, eta zuri-beltzean daude argazkiak. Inguruko dendetan erosi ahal izango da lana.