Sagardoaren lurraldea

Eskaintza zabala sagar eta sagardo kulturaz gozatzeko

Descripción

Aurtengo sagardoak "izaera handia" duela nabarmendu zuen Unai Agirrek 2021eko txotx denboraldiaren irekieran. Covid-19aren pandemiak utzitako ondorioei eta sortutako erronkei aurre egiteko sektoreak erakutsitako erantzuna ez da atzean geratu nortasun aldetik. Ez da egoerara moldatzeko egin duten lehen esfortzua izan eta nabaritu da. XIX.

astigarraga visita guiada coronavirus cultura museo patrimonio celebración sidra sagardoetxea aniversario

Ficha

  • Autor: Jon Agirre
  • Fuente: El Diario Vasco
  • Fecha: 2021-04-16
  • Clasificación: 3.0. Museo de la Sidra Vasca
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-014109

Texto completo

Aurtengo sagardoak «izaera handia» duela nabarmendu zuen Unai Agirrek 2021eko txotx denboraldiaren irekieran. Covid-19aren pandemiak utzitako ondorioei eta sortutako erronkei aurre egiteko sektoreak erakutsitako erantzuna ez da atzean geratu nortasun aldetik. Ez da egoerara moldatzeko egin duten lehen esfortzua izan eta nabaritu da.

XIX. mendean jada Astigarraga eta Hernani ezagunak ziren sagardotegiengatik eta ohikoa zen Donostiako jende asko tranbian gerturatzea. Aisialdirako gune ziren. Gaur egun arte sagardotegi kopurua asko hazi da -42 dira orain Gipuzkoan- eta ohikoa izan da urte luzez da txotx denboraldia hasi eta berehala lekua gordetzea sagardotegira familian zein lagun artean gerturatzeko. Aharik eta Covid-19ak bere agerraldia egin eta errotik dena eraldatzea ekarri duen arte.

Batetik, ordutegi murrizketak direla eta sagardotegiek bazkariak soilik eskaini ahal izan dituzte; bestetik, gehienez mahaiko lau pertsona bildu ahal izan dira eta edukiera ere mugatua izan dute; eta, gainera, ez da txotx egiteko aukerarik egon. Horren ordez, sagardo berria pitxer gardenetan dastatzeko aukera eskaini da. Testuinguru horretan, atzera begiratu eta iraganeko hainbat ohitura berreskuratzeko ahalegina egin du Sagardoaren Lurraldeak sagardoaren kulturaz gozatzeko eskaintza askoz ere zabalagoa dela erakutsiz.

«Urte mordoa daramagu eskaintza zabal honekin eta nabaritzen dugu aurreko urteetan etorri direnak egitarauko beste ekintzak egitera gerturatzen direla», adierazi du Leire Alkortak, Sagardoaren Lurraldeko komunikazio arduradunak. Sagardoaren inguruko eskaintza kultural hori, nola ez, bizi dugun egoerara moldatu behar izan dute. «Aurtengoa oso denboraldi berezia izaten ari da. 2019an esaterako 15 edo 20 laguneko taldeak gerturatzen ziren, baina aurten gehien bat familiak hurreratu dira, gurasoak seme-alabekin». Burbuilak mantendu direla uste du Alkortak eta bertaratu direnek osasun neurriak jarraituz egin dituztela planak.

Aldaketak bisitarien profilean
Bisitari profilaz gain jatorrian ere nabaritu da aldaketa. «Ia denak Euskal Herrikoak izan dira. Indarrean dauden neurriekin espero genuen». Gehiengoa bizkaitarra izan omen da, «%68 inguru. Ondoren gipuzkoarrak eta azkenik arabarrak». Pandemia dela eta bizitako itxierak eta ostean ezarritako neurri murriztaileek ohitura aldaketa ekarri dute. «Eskari orokorra aire libreko ekintzetara joan da. Aste Santuan eguraldiak lagundu du eta jendea gerturatu da. Inguruko paisaiak oso politak daude, loratzen hasi da eta familia ugarik aprobetxatu dute egun pasako plana egiteko». Ildo honetan, Alkortaren esanetan, «jendeak planak antolatuak ematea eskertu du».

Sagastian sagarrak biltzeko aukera du bisitariak.
Sagastian sagarrak biltzeko aukera du bisitariak. / SAGARDOAREN LURRALDEA

Eskaintza zabal horretatik hautatuena Sagardoetxea Museoa izan da. 2006an ireki zituen ateak eta aurten 15. urteurrena ospatuko du. Ordubeteko bisita gidatuan sagastia, museo-gunea eta dastalekua ikusteko aukera dago sagardoaren kulturako bitxikeriak ezagutzeaz gain. Sagastian sagarraren kultura «modu dinamiko eta pedagogikoan» ezagutu daiteke, baita sagar barietateak eta hauek txikitzeko eta prentsatzeko moduak. Museo-gunean azalpen-panel, material interaktibo, argazki eta joko bidez sagardoaren historia azaltzen da. Azkenik, dastalekuan sagardoa txotxetik dastatzeko aukera eskaintzen da bisita guztietan: edalontzia hartzeko modua, ikusmen azterketa, kolore ezberdinen esanahiak eta zapore ezberdinen bereizketa.

Gainera, sasoiaren arabera jarduerak antolatzen dira. Esaterako, Aste Santu honetan «Sagardoetxeak ondo uztartzen duten bi produktu gastronomikoen dastaketa» eskaini da, adin guztietara moldatutakoa. Udazkenera begira sagar muztioaren elaborazio tailerrak hauta daitezke «elaborazio prozesu osoan parte hartzeko». Tresneria berezia erabiltzen da eta amaieran norberak egindakoa dastatu. Ez da arorako aukera bakarra. Urrian haur eta helduek «familian sagarrak bil ditzakete kizkiarekin, pisoiekin txikitu, prentsatu eta sagar muztioa egin», nahi izanez gero etxera eramateko.

Aurrez deituta hizkuntza ere hauta daiteke: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Goizez zein arratsaldez egin daitezke, banaka zein taldean. Eta eskaintza berezi modura ikastetxe zein euskaltegiko lagun taldeentzako bisitak ere egiten dira. Hamar pertsonatik gorako taldeen kasuan urte sasoiaren araberako bisita bereziak erreserbatzeko aukera dago.

Gainerako eskaintza ere ez da atzean geratzen: Chillida eta sagardoaren kultura, Historiadun herriak, Sagardoa eta gazta, Sagartrekking, Sagardoa eta itsasoa eta Sagarbike. Guztiei buruzko informazioa Sagardoaren Lurraldea webgunean kontsulta daiteke.

Denboraldia luzatzeko asmoa
Ostalaritzako sektoreko negozioek bezala, sagardotegiak asko nabaritu dituzte neurriak. Edukiera murriztea eta mahaiko gehienez lau pertsona biltzeaz gain, ordutegiak egin die mina. «Bazkariak eman ahal izan dituzte soilik». Alkortak nabarmendu duenez ohikoa da museoa ikusi ostean sagardotegian bazkaltzea eta horrek jendea zertxobait animatu. «Egia da Aste Santuko jai egunetan beteta egon direla, baina asko nabaritu dute».

Mahaian eta
Mahaian eta / FELIX MORQUECHO

Hala ere zenbakiak aurreko urteetatik oso urrun daude. Astean zehar «mugimendua asko gutxitu» da sagardotegien arabera erabiltzaileek «aste-bukaeraren aldeko» apustua egin dutelako. Hori dela-eta, aukera gehiago eskaintzeko asmoz, denboraldia «hilabete gehiago, maiatza amaiera arte» luzatzea aztertzen ari dira.

Gurutzeta sagardotegian jendea «beldurrarekin» nabaritu dute, Covid-19ak eta neurriek atzera bota dituztela uste dute. «Soilik eguerditan etor daitezke eta astean zehar gero lanera joan behar badute, ez da erraza plana egitea». Haien ustetan, gainera «nahiago dute gauetan etorri», baina egungo murrizketekin ezinezkoa da. Astigarraga gorrian egonda itxita daude orain zein pausu eman da zalantza. «Asmoa denboraldia maiatza amaierara arte luzatzea zen, baina orain aztertzen ari gara».

Egoera hain aldakorra izanda, epe laburrera soilik dute argi etorkizuna. Antzeko egoeran daude Barkaiztegi sagardotegian. «Guk ere hilabete gehiago luzatuko dugu, jendeari denboraldiaz gozatzeko aukera gehiago emateko». Hortik aurrera, ordea, zalantzak. «Ikusiko dugu nola doan egoera. Orain astelehen eguerdirako larunbata betea dugu, baina edukiera mugatuta dugunez erraz betetzen da». Zailagoa da gainerako egunetan.