Sagardoaren lurraldea

Igartubeiti, baserriaren Urrezko Arora bidaia

Descripción

Bizimodu eta lan mota berrietara egokitzeko 1630ean eraberritu egin bazen ere, Igartubeiti Euskal Herriko baserririk interesgarrienetakoa bihurrtu da, garai hartako balore kultural, historiko, antropologiko, arkitektoniko eta sinbolikoak primeran islatzen dituelako. Igartubeiti Gipuzkoaren barne muinean dago, Santa Luzia haranean, Ezkion; Kizkitza mendiaren mazela erdian, zelaigune txiki batean, hegoaldera begira.

lagar historia caserio museo igartubeiti cultura museo patrimonio sidra

Ficha

  • Autor: Eguzki Agirrezabalaga
  • Fuente: naiz:
  • Fecha: 2021-02-13
  • Clasificación: 6.5. Museos
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-013591

Texto completo

Bizimodu eta lan mota berrietara egokitzeko 1630ean eraberritu egin bazen ere, Igartubeiti Euskal Herriko baserririk interesgarrienetakoa bihurrtu da, garai hartako balore kultural, historiko, antropologiko, arkitektoniko eta sinbolikoak primeran islatzen dituelako.

Igartubeiti Gipuzkoaren barne muinean dago, Santa Luzia haranean, Ezkion; Kizkitza mendiaren mazela erdian, zelaigune txiki batean, hegoaldera begira. Beraz, baserriak goiz-goizetik jasotzen du eguzki-argiaren berotasuna, zuzen-zuzenean, gainera. Akaso, argitasun horrek egiten du berezi bisitaldia.
PUBLICIDAD

Zorutik estalkiraino iristen diren pieza bakarreko zutoinak ikusi ahal izango ditu bisitariak eta, seguruenik, habe-dolarearen egitura ikusgarriak –habea, torlojuzko ardatza, azkoina, harria, pats-aska eta sobigainoak– bereziki liluratuko du, XVI. mendeko estalkiko gapirioak bezalaxe, pieza bakarrekoak direlako. Halaber, berniak ere –dolareko habea egokitzen duten erdiko zutabe bikoitzak– deigarriak dira, oso.

798 metro karratu

Guztira, 798 metro karratu ditu baserriak, bi solairutan banatuta. Beheko soilaruan, sukaldea, upategi batez hornituriko ukuilua eta gelak daude ikusgai. Sukaldean, jatorrizko su nagusia dago oraindik ere; baita antzinako zenbait kutxa ere. Halaber, zizeilua ere –hotzetik babesteko bizkar garaiko jarleku-mahaia– bertan dago.

Bestalde, sukaldeko atearen ondoan, dolareari kontrapisua egiten dion harria eta ganbararaino doan ardatzaren abiagunea daude. Eta, pare-parean, ganbarari sarrera ematen dion eskailera dago. Elementu horiek guztiak bitxiak dira, erabat, XVI. mendekoak direlako.

Gainera, bertan dago, sukalde ondoan, XVI. mendean zegoen logela bakarra; egun dauden gainerako logelak XVII. mendeko handitze lanetan eraiki baitziren.

Ondoren, ukuilua ikusteko aukera izango du bisitariak. Alde batean, abelgorrien askak daude, eta, beste aldea –biltegia–, berriz, erabiltzen zen sagardo upelak kontserbatzeko eta tamaina handiko laborantza tresnak –gurdia, goldea...– gordetzeko.

Dolarea, elementurik deigarriena

Ganbaran, berriz, elikagaiak bildu eta sagardoa egiten zen. Bertan dago, ganbararen erdi-erdian, Igartubeitiko elementurik garrantzitsuena: dolarea. Garai haietan nola funtzionatzen zuen ere deskubrituko du bisitariak: pats-askan pisoiez jotako sagarra ipintzen da eta, horren gainean, hamar metroko habea, zeinaren mutur batean ardatza ikusten den; zorua alderik alde igaro eta sukaldeko harriraino iristen da.

Egia da dolarea urtean behin baino ez zela erabiltzen, sagardoa egiteko, baina, orobat, jakina da dolarearen neurriek zehazten zutela eraikinaren tamaina; pisuari eutsi ahal izateko, beharrezkoak baitziren zurezko pieza handiak, besteak beste, zutoin osoak.

Hori bai, pats-askaren inguruko tarteak beste gauza batzuetarako ere erabiltzen ziren urtean zehar; batik bat, elikagaiak metatzeko, aziendarentzako belarrak idortzeko, babak gordetzeko, txerria hil ondoko jakiak ontzeko eta lanabes txiki eta ertainak gordetzeko.

Beraz, baserriko txokoetatik igaro ahala, garai haietako bizimoduaren berri izango du bertaratzen denak, batez ere altzariak eta tresnak kontuan izanik: sukaldean, adibidez, zeramikazko baxera xumea eta zenbait tresna elikagaiak ontzeko, suari eusteko edo lihoa lantzeko. Ukuiluan, berriz, laborantzari lotutako lanabesak zein sagardoa egiteko eta kontserbatzeko erabilitakoak. Eta, azkenik, ganbaran, besteak beste, dolarea martxan jartzeko tresnak, aroztegikoak eta zekaleak kontserbatzeko altzari handiak.

Interpretaziorako gunea

Interpretazio gunea ere badu Igartubeitik, informazio osagarria eskaintzen duena euskal baserriaz zein haren arkitekturaz, bizimoduaz eta biztanleez. Eraikina baserritik hegoaldera dago, bailarara begira dagoen lursailaren sestra azpian, baserriaren ikuspegia ez dezan oztopatu; baserria baita museoaren ardatz nagusia.

Interpretazio guneak, erakusketa iraunkorraz gain, aldi baterakoak eta tailer pedagokikoak eskaintzen ditu.

Erakusketa iraunkorrari dagokionez, teknologia berrienetan oinarritutako baliabide expografikoak erabili dituzte guneko arduradunek: zinema proiekzioak, antzerki birtuala, hologramak, argi eta soinu efektuak…, bisita esperientzia paregabe bihurtuz.

Erakusketa iraunkorrak bost gune handi ditu, zeinetan euskal baserriaren historia eta bertan bizi zirenen bizimudua azaltzen diren, Igartubeiti baserriko familia eta auzotarren ahotsen bitartez.

Eta aldi baterako erakusketei dagokienean, berriz, egunotan –uztailaren 31ra arte– «Emakume ekintzaileak sagardogintzan» dago ikusgai. XVI eta XVIII. mende artean bizi izandako lau emakume interesgarriren bizitza azaltzen du, denak sagardoari lotutakoak, Lourdes Odriozola historialariak egindako ikerketa oinarritzat hartuta.