2020 uztan 1.200.000 litro Euskal Sagardo egin dituzte Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban
Descripción
Iazko uzta haundiari aurten txikiago bat zetorkiola jakinekoa zen, baina Euskal Sagardoa jatorri deiturak ez zuen hain uzta txikia espero. Iazko uzta haundiak, neguko hotz faltak eta udara lehorrak eragin dute uzta txikia.
araba bizkaia euskal sagardoa gipuzkoa marca manzana para sidra sidra cosecha
Ficha
- Fuente: Kronika.eus
- Fecha: 2020-12-22
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-013563
Texto completo
Iazko herena izan da uzta, txikia baina izaera haundikoa. Bestalde, Euskal Sagardoak online saltzeko plataforma bateratua jarri du martxan 'www.euskalsagardoa.eus' web orrian.
Iazko uzta haundiari aurten txikiago bat zetorkiola jakinekoa zen, baina Euskal Sagardoa jatorri deiturak ez zuen hain uzta txikia espero. Iazko uzta haundiak, neguko hotz faltak eta udara lehorrak eragin dute uzta txikia. Honen berri eman zuen Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak irailean egindako prentsaurrekoan, eta orduan esandakoa baieztatu dute uztako datuek: iazkoaren hirutik bat izan da bildutako sagar kopurua eta horrek litroak ere hirutik bat izatea eragin du. Uzta txikia izanik, izaera haundikoa izan da bildutako sagarra, azukrean eta taninoetan oso aberatsa.
2 milioi kilo sagar bildu dira
Zonaldeka eta sagastiz sagasti datuak desberdinak izan dira, baina gehienean izan da uzta txikiagoa. Guztira ia 2 milioi kilo sagar bildu dira Euskal Sagardora bideratutako sagastietan eta 1,2 milioi litro egin dira. Hain uzta txikia izateko urterik egokiena izan liteke aurtengoa, datorren urteko salmentak zenbatekoak izango diren ez baitago garbi, baina aurrerantzean uztatik uztara horrelako aldeak egoteak asko kezkatzen ditu Euskal Sagardoa Jatorri Deitura osatzen duten sagargile eta sagardogileak eta hainbat proiektu jarri dituzte martxan egoera hobetzeko.
Sektoreak 15 milioi eurotik gorako galerak oraingoz
Martxoan txotx garaia ixtera behartuta eta udaberri eta udazkenean ostalaritza itxia izanda, galera haundiak izan ditu sagardo sektoreak. Batetik txotx garaia erdiz erdi eten behar izan zen eta horrez gain, sagardo botila salmentak ere beherakada haundia izan du ostalaritzan. Sagardo sektoreak beti jakin izan du egoera berrietara egokitzen eta horretan ari da buru belarri, baina ostalaritzaren irekierak eta datorren urteko txotx garaiak asko kezkatzen du sektorea, diru sarrera eta sagardo salmenta haundienak bertan daudelako.
Guztira, 15 milioi eurotik gorako galerak izan ditu sektoreak, eta egoerari buelta emateko ahaleginetan ari da buru belarri.
Internet bidezko salmenta plataforma bateratua martxan 'www.euskalsagardoa.eus'
Gaur egun bizi dugun egoera zailaren aurrean, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak martxan jarri du Euskal Sagardoak on-line lortzeko plataforma berria, bere www.euskalsagardoa.eus web orri bidez.
Kontsumitzaileek klik baten bidez, Euskal Sagardo desberdinak etxean lortzeko aukera izango dute, izan Euskal Herri osoan, nahiz munduko lekurik gehienetan. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 53 Euskal Sagardo desberdin daude eskuragarri plataforma bateratuan.
Honenbestez, zerbitzu berri bat eskaini nahi izan du Euskal Sagardoak, bai kontsumitzaile edo sagardo zaleei eta baita sagardo sektoreari ere. Sagardoa Routen salmenta plataforma bera izango da Euskal Sagardoaren dendaren oinarria.
Iaztik garatzen ari zen plataforma izan da hau, baina gaur egun dugun egoerak bultzata, urtea bukatu aurretik martxan jarri nahi izan dena. Salmenta bide nagusietako batzuk etenda, sagardo sektoreak pausoak eman nahi ditu aurrera begira eta on line salmentetako plataforma berriarekin, jendeak sagardoaz gozatzeko aukera izango du eta sagardo desberdinak lortzeko aukera izango du, bizi den tokian bizi dela ere. Sagardotegi desberdinek dituzten on-line salmenta plataformen osagarri bat da, plataforma bateratua.
Geroz eta sagardotegi gehiagok dituzte on-line dendak beren web orrietan eta geroz eta gehiago dira beraz modu horretara saltzen dutenak. Plataforma honek beste pauso bat eman nahi du bide horretan, eta sagardotegi bakoitzaren on line salmentako orriak indartzen laguntzeaz gain, sagardo guztiak biltzen dituen plataforma bat eraiki du, kontsumitzaileari eta sagardotegiei zerbitzu berri eta osatu bat emateko. Jendeak Euskal Sagardo bakarra lortu beharrean, Euskal Sagardo desberdinak lortu baititzake, hala nahi bada, kaja berean nahastuta gainera. Plataformak Euskal Sagardoa bertako kontsumitzaileei eta munduko txoko gehienetakoei jartzen die eskura, klik bakarrean.
2021eko txotx garaia aztertzen
Aurtengo urtea berezia izan da, eta datorrena ere hala izango dela aurreikusi liteke. Tentuz eta arduraz erabakiak hartzeko garaia da. Hori dela eta, egoeraren ezegonkortasuna ikusita, urtarrilean egingo du egoeraren balorazioa sagardo sektoreak, pandemiaren datuak ikusi, jarritako neurriak baloratu eta erabaki egokienak hartzeko, besteak beste txotx garaiari buruz.
Sagardotegien txotx irekierari dagokion protokolo proposamena garatuta dago eta garaian garaiko egoerara moldatzeko aukera ematen du. Alde horretatik aurtengo udak balio izan du pandemia egoeran espazio seguruak nola sortu eta kudeatu ikasteko. Sektoreak elkarturik garatu du protokolo hori eta bateraturik emango du pausoa berriz ere, datorren txotx denboraldian. Urtarrilean emango du horren berri, egorak aurreikuspen errealagoak egiteko aukera ematen duenean.