Ander Gonzalez sukaldariak sagardo berria aurkeztu zuen atzo, Erriberan
Descripción
Sagardo Berriaren Eguna ospatu zuten atzo, Erriberan. Ospakizuna bi hilabete atzeratu behar izan dute, egungo egoerak hala behartuta. Hala ere, bi hilabeteren ostean, lortu zen urteroko aurkezpena egitea. Ez zen ohiko moduan egin, baina bertan izan ziren sagardogileak, agintariak eta sagardoaren munduarekin lotura duten taldeen ordezkariak.
ander gonzalez astigarraga euskal sagardoa coronavirus marca protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx
Ficha
- Fuente: Kronika.eus
- Fecha: 2021-03-25
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa
- Signatura: P36-65 »
- Código: NA-013415
Texto completo
Sagardo Berriaren Eguna ospatu zen atzo, Erribera kulturgunean. 'A bocados' sukaldaritza saioko kideak izan ziren gonbidatu bereziak, eta Ander Gonzalez izan zen aurkezpenean, lantaldeko ordezkari gisa.
Sagardo Berriaren Eguna ospatu zuten atzo, Erriberan. Ospakizuna bi hilabete atzeratu behar izan dute, egungo egoerak hala behartuta. Hala ere, bi hilabeteren ostean, lortu zen urteroko aurkezpena egitea. Ez zen ohiko moduan egin, baina bertan izan ziren sagardogileak, agintariak eta sagardoaren munduarekin lotura duten taldeen ordezkariak. Aurten, A Bocados telebista saioko lantaldea izan da gonbidatu berezia. Atzo, Erriberan, Ander Gonzalez sukaldaria izan zen, saioko ordezkari gisa. Berak aurkeztu zuen sagardo berria, «hauxe da gure sagardo berria!» oihukatuz.
Gainera, Gonzalezekin batera, prentsaurrekoan izan ziren Xabier Urdangarin alkatea, Javier Hurtado (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Sailburua), Xabier Arruti (Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaria), Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria), Josu Garaialde (HAZIko sustapeneko zuzendaria) eta Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren gerentea.
Sagardo berria aurkezteaz gain, sagardoaren kulturako esperientzien sustapenerako bideoa ere aurkeztu zuten. Ikus-entzunezkoan hainbat proposamen plazaratu ziren, Sagardoetxeak sagardoaren kulturako aisialdiaz gozatzeko prestatu dituen ekintzekin. Hala nola, museoa eta sagardotegia, Sagardoa eta Itsasoa, Sagarbike, Sagartrekking, eta abar. Horren bueltan, Euskadiko turismoari babesa emateko, Eusko Jaurlaritzak bonuak martxan jarri dituela gogorarazi zuen Hurtadok. «Aukera zabala dago eta, gainera, orain, turistak pieza aktiboak izango dira», esan zuen. «Sagardotegiak horren adibide garbia dira». Bonuak erabili ahal izango dira apirilaren 13tik abenduaren 31ra bitartean.
«Lan haundia egin dugu bertako sagarrondoak izateko»
Gipuzkoako Foru Aldundiak bertako sagarrondoaren alde egin du azkeneko urteetan. Xabier Arruti zuzendariak azaldu zuenez, «sagardogileen beharrak entzun ostean, beraien erronka zen hemengo sagarrarekin egindako sagardoa lortzeko dirulaguntzak bideratzea, gure paisaian sagarrondoak ugarituz». Horixe izan da, beraz, apustua; alegia, sagasti gehiago izatea, ekoizpena haunditzea eta, horrekin batera, ekoizpena kalitatekoa izatea. Azken horretan Fraisoro laborategia lan haundia egiten ari dela zehaztu zuen Arrutik.
Bestalde, Unai Agirrek, Axier Lizeagak eta Oihana Gaincerainek aurtengo ekoizpenaren gaineko datuak eman zituzten, sagardo berriaren ezaugarriak azaldu zituzten eta sagardotegietako protokoloaren berri eman zuten. Aurtengo sagardoa «gorputz eta izaera haundikoa» dela aurreratu zuten. Halaber, sagardoaren sektorearen erronka «urtero uzta orekatua izatea» dela esan zuen Agirrek; eta, horrekin batera, hauxe da zabaldu zuen mezua: «hemendik urte gutxira ziurrenik dena Euskal Sagardoa izango da».
Azkenik, atzoko aurkezpenari Gonzalezek eman zion amaiera. «Sagardoaren sektoreak eboluzio haundia izan du eta sagardogileak erreferenteak dira sukaldarientzat». 2020 uztako sagardo berriarekin egin zuen topa, eta urtero egin ohi den moduan, oroigarria eman zion Urdangarinek Gonzalezi. Gero, sukaldariarekin batera, gainerako agintariak eta ordezkariak batu ziren topara.