Sagardoaren lurraldea

Sagardo Berria aurkeztu dute Astigarragan

Descripción

"Gure Sagador Berria" oihupean, Ander Gonzalez sukaldari eta "A Bocados" saioko aurkezleak 2020ko uztako sagardo berria aurkeztu du Astigarragan, XXVIII. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunarekin bat. Aurkezpenaz gain, sagardoaren kulturako esperientzien sustapenerako bideoa ere aurkeztu dute, sagardiaren kulturako aisialdiaz gozatzeko proposamen ugarirekin.

ander gonzalez astigarraga euskal sagardoa coronavirus marca protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx cosecha

Ficha

  • Fuente: Noaua.eus
  • Fecha: 2021-03-24
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-013413

Texto completo

"Gure Sagador Berria" oihupean, Ander Gonzalez sukaldari eta "A Bocados" saioko aurkezleak 2020ko uztako sagardo berria aurkeztu du Astigarragan, XXVIII. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunarekin bat. Aurkezpenaz gain, sagardoaren kulturako esperientzien sustapenerako bideoa ere aurkeztu dute, sagardiaren kulturako aisialdiaz gozatzeko proposamen ugarirekin.

Erribera Astigarragako Kulturgunean egin dute prentsaurrekoa eta Xabier Urdangarin herriko alkateaz gain, Ander Gonzalez sukaldaria eta beste hainbat ordezkari bildu dira. Urdangarin alkateak Aste Santuan ospatzen den sagardo berriaren dastaketa eta aisialdiak duen garrantzia azaldu du: "XIX. mendean eta XX. mendearen hasiera arte, Astigarraga eta Hernani modan zeuden beren sagardotegiengatik. Herritarren aisialdirako guneak ziren eta ohikoa zen bertan bertsolariak zein kanpoaldean tokan edo bolotan jolasten zebiltzan koadrilak topatzea. Tranbia erabiliz, Donostiako jende asko gerturatzen zen Aste Santuan eskualdeko sagardotegietara eta sagardo berria kupeletatik dastatzen hasten ziren". Modu horretan, Sagardoetxea Museoak Aste Santu honetan sagardoaren kulturaz gozatzeko prestatu dituen esperientzien bideoa aurkeztu du: Museoa eta sagardotegia, Sagardoa eta Itsasoa, Sagarbike, Sagartrekking, Astigarragako bisitak bizikletan, Chillida eta sagardoaren kultura... horiek dira besteak beste, sagardoaren kulturaz gozatzeko proposamenak.

Euskadiko Turismoari babesa emateko, Eusko Jaurlaritzak turismo bono sistema bat jarri du martxan. Javier Hurtado Sailburuak adierazi duenez, bono horiei esker herritarrek sagardoaren kulturaz nahiz beste turismo jarduerez gozatzeko aukera izango dute eta sektorea indartzen lagunduko dute. Sagardoaren kulturako aisialdiko eskaintzari babesa ematen dion beste erakundeetako bat da Gipuzkoako Foru Aldundia. Iker Goiria Turismo zuzendariak honakoa esan du: "Sagardotegira joatea esperientzia gorena da eta benekotasuna daukan esperientzia ere bada". Horretaz gain, Sagardoetxeak sagardoaren kulturaz familian gozatzeko duen eskaintza azpimarratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lan gogorra egin du azken urteetan bertako sagarrondoaren alde. Xabier Arruti zuzendariak esan du sagardogileen beharrak entzun ostean, beraien erronka zen hemengo sagarrarekin egindako sagardoa lortzeko diru laguntzak bideratu dituztela, gure paisaian sagarrondoak ugarituz. Josu Garaialde zuzendariak sagardoa bezalako bertako produktuak sustatzeko martxan jarri berri duten "On egin" ekimenaren berri eman du. Ekimen horren helburu nagusia botilako sagardoaren salmenta indartzea da, besteak beste. Bestalde, Unai Agirrek, Axier Lizeagak eta Oihana Gaincerainek aurtengo ekoizpenaren inguruko datuak eman, aurkeztu den sagardo berriaren ezaugarriak azaldu eta sagardotegietako protokoloaren berri eman dute.
2020ko sagardo uzta auzitan
2020eko uztarekin 8 bat milioi litro sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian, horietatik 2 milioi litro inguru bertako sagarrarekin. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin 1.200.000 litro sagardo ekoiztu dira. Guztira 48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: Gipuzkoako 42k, Bizkaiko 4k eta Arabako 2k.

Honako hauek dira sagardoaren ezaugarriak:
- Aurtengo sagardo berria izaera eta gorputz handiko sagardoa da.
- Kolore horixka eta fruta usaina duen sagardoa da.
- Txinparta fina du eta ahoan biribila da.
- Konplexutasun handiko sagardoa da, bilakaera ahalmen handikoa.