Goierriko sagardotegietara joateko deia egin dute
Descripción
Sagardo denboraldia gaur aurkeztu dute eskualdeko sei sagardogilek, Olaberriko Etxezurin. Ohi baino bi hilabete beranduago bada ere, datozen jaiegun eta oporretan bertako produktua eta zerbitzu turistikoak kontsumitzeko eskatu du Goiturrek. Aitziber Garmendia aktoreak edan du lehen baso sagardoa. Goierriko sagardotegien irekiera-ekitaldia gaur goizean egin dute, Goiturrek antolatuta, Olaberriko Etxezuri sagardotegian.
sidreria etxe-zuri goierri coronavirus protagonista sidra apertura del txotx
Ficha
- Fuente: Goierriko Hitza
- Fecha: 2021-02-16
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-013389
Texto completo
Sagardo denboraldia gaur aurkeztu dute eskualdeko sei sagardogilek, Olaberriko Etxezurin. Ohi baino bi hilabete beranduago bada ere, datozen jaiegun eta oporretan bertako produktua eta zerbitzu turistikoak kontsumitzeko eskatu du Goiturrek. Aitziber Garmendia aktoreak edan du lehen baso sagardoa.
Goierriko sagardotegien irekiera-ekitaldia gaur goizean egin dute, Goiturrek antolatuta, Olaberriko Etxezuri sagardotegian. Ohi baino bi hilabete beranduago aurkeztu dute denboraldia, pandemiaren murrizpenengatik eta egoeragatik. Hala eta guztiz, sagardoa barriketan prest daukatela adierazi dute sei sagardotegik, eta, neurriak beteta, joateko gonbidapena egin dute.
Etxezuriko Garbiñe Garmendiak egin ditu anfitrioi lanak, eta hark azaldu ditu aurtengo sagardoaren ezaugarriak. Egoera orokorra bezala, sagar uzta ere ez da samurra izan. “Aurten uzta makala izan da, sagar gutxi eta gainera uda lehorra”. Hala eta guztiz, Goierriko sagardoaren kualitateak goraipatu ditu: “Kualitateak eta berezitasun batzuk baditu Goierriko sagardoak. Esan dezakegu barietate handia daukagula, aberastasun handia. Hemen eguzkiak gehiago jotzen duenez, sagarrak azukre gehiago izaten du; horren ondorioz, alkohol gehixeago. Beterriko sagardo eta sagardozaleek indar eta izen handia daukaten arren, Goierrin ere gu hemen gaude, gure sagardoa babesteko”.
Etxezuriko Garbiñe Garmendia, Goierriko beste bost sagardogileri sagardoa ateratzen, gaur./Aimar Maiz
Dei berezia egin du. Segurtasun protokoloak eta osasun neurriak beteta, sagardotegietara lasai joatera animatu ditu goierritarrak Garmendiak. Eserita eta lauko mahaietan jateko egokitu dituzte jantokiak. Sagardoa mahaira zerbitzatuko dute.
Aitziber Garmendia irekitzaile
Barrikako txotxa irekita beharrean, Etxezuriko Garmendiak zerbitzatutako botilatik hartuta edan du Goierriko sagardoaren lehenengo tragoa Aitziber Garmendia aktore gonbidatu zaldibiarrak. Hark izan du aurten ohorea, Madrilgo antzerki emanaldietatik eta ETBko grabaketetatik tarte bat hartuta. Gustura eta harro agertu da aukeragatik. “Zer identifikatuta sentitzen naizen hemengo sagardoarekin: goxoa banaiz, garratz puntua ere badaukat, eta graduazio altu samarra ere bai”, esan du, hitza hartutakoan, sagardogileek aipatutako ezaugarriei segimena emanez.
Aitziber Garmendia, lehenengo baso sagardoa eskaintzen./Aimar Maaiz
Irekiera ekitaldian izan dira, Etxezurikoekin batera, Ataungo Urbitarte, Zeraingo Oiharte, Legorretako Aulia, Altzagako Olagi eta Ordiziako Tximista sagardotegietako ordezkariak. Denak batu dira Aitziber Garmendiarengana, basokada bat sagardo hartzeko. Guztiek gogoratu dute, aitzitik, Jose Antonio Iparragirre sagardogilea, Zeraingo Otatzako nagusia, otsailaren 17an bat-batean hila. Iaz, hain justu, haien etxean izan zen irekiera ekitaldia. Sagardogintzan egindako lan guztia eskertuz oroitu dute laguna. Otatzak ez du aurten sagardotegia zabalduko.
Goiturren zuzendari Niko Osinaldek, bere aldetik, pandemia garaian turismo sektoreak eta ostalaritzak zenbat sufritu duten oroituz hasi du hitzaldia. Goierritarrei bertako jatetxeak, museoak, sagardotegiak, alojamenduak eta zerbitzu turistikoak erabiltzeko deia egin die, behin eta berriz: “Inoiz baino gehiago, sektoreak behar gaituela esan behar da. Bai ostalaritzak, alojamenduek eta industria turistikoan parte hartzen duten gainontzeko guztiek. Behar gaituzte, inoiz baino beharrezkoagoa da bertakoa kontsumitzea. Goierrikoa probatu, aukera asko daude eta. Gutako bakoitzetik hasita, Aste Santuan ez dago egunero kostaldera joan beharrik. Bertan ere gera dadila jendea”.
Goierriren “nortasunari” dei egin dio, orain ager dezatela goierritarrek erregututa. “Askotan esaten dugu balio erantsi hori, nortasuna badaukala Goierrik. Ez dakit egia ala gezurra den, baina orain da garaia demostratzeko. Mezu nagusia hau da: bertakoa kontsumitu, eta Goierriko zerbitzu turistikoetara –kasu honetan sagardotegietara– joan”.