Aitziber Garmendiak zabaldu du Goierriko sagardotegien denboraldia
Descripción
Aurtengoan ere eta zazpigarren aldiz eskualdean, Goitur-eko kide diren sagardotegien irekiera adierazteko ekitaldia antolatu da, ohiko datak baino beranduxeago izan bada ere; aurtengo honekin gainera zazpi sagardotegietan egin dira jada horrelako aurkezpen ekitaldiak. Olaberriko Etxe Zuri izango da aurtengoan aukeratua eta Aitziber Garmendia aktorea izan da denboraldi honi hasiera ofiziala eman dion gonbidatua.
sidreria etxe-zuri goierri coronavirus protagonista sidra apertura del txotx
Ficha
- Autor: A.E.
- Fuente: El Diario Vasco
- Fecha: 2021-03-16
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-013387
Texto completo
Aurtengoan ere eta zazpigarren aldiz eskualdean, Goitur-eko kide diren sagardotegien irekiera adierazteko ekitaldia antolatu da, ohiko datak baino beranduxeago izan bada ere; aurtengo honekin gainera zazpi sagardotegietan egin dira jada horrelako aurkezpen ekitaldiak. Olaberriko Etxe Zuri izango da aurtengoan aukeratua eta Aitziber Garmendia aktorea izan da denboraldi honi hasiera ofiziala eman dion gonbidatua. Irekiera hau, Goierriko nahiz inguruko eskualde eta herritako jendeari zuzendua dago, urte hasiera honetan Goierrin dauden sagardotegien berri eman eta etxetik gertu sagardoaren kulturaz disfrutatzeko aukera dutela gogorarazteko, beti ere segurtasun protokoloak eta osasun neurriak beteta.
Garmendia zaldibiarra harro agertu da aurten denboraldiari hasiera emateko aukeratua izateagatik, eta sagardoarekin identifikatua sentitzen dela ere azpimarratu du lehen tragoa hartu ostean: «Goxoa bainaiz, garratz puntua ere badaukat, eta graduazio altu samarra ere bai»
Goierri eskualdean, sagardotegiek garrantzi nabarmena dute. Aurten sei sagardotegik parte hartu dute denboraldi berriaren irekiera honetan: Altzagako Olagi, Ataungo Urbitarte, Legorretako Aulia, Olaberriako Etxe Zuri, Ordiziako Tximista eta Zeraingo Oiharte. 6 sagardotegi hauek ekoizleak dira eta beraiek egindako sagardoa eskualdean nahiz Euskal Herria eta Estatuan saltzen dute.
«Bestalde, Zeraingo Oiharte sagardotegiko Ama sagardo aparduna eta izotzeko sagardoa aipatu beharrean gaude, baita Ataungo Urbitartek ekoiztutako Saarte kriantza sagardoa ere», azpimarratu dute Goitur-etik. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren barruan daude sagardotegi guztiak Etxe Zuri ezik.
Kalitatezko eskaintza
Ekoizleak diren sagardotegi hauek ere, Basquetour-ek (Turismorako Euskal Agentzia) sustatutako Euskadi Gastronomika gastronomia klubeko kideak dira; klubeko kide izateak, kalitatezko sagardotegiak diren bermea ematen du, bai bertan ekoiztutako sagardoa edan daitekeelako, baita otorduetan ematen diren jakiak ere bertakoak eta kalitatezkoak direla bermatzen duelako.
Olaberrian egindako ekitaldian denek gogoan izan dute Jose Antonio Iparragirre sagardogilea, Zeraingo Otatzako nagusia otsailaren 17an hil zen eta sagardogintzan egindako lan guztia eskertuz oroitu dute. Otatzak ez du aurten sagardotegia zabalduko.
Gipuzkoako eta Euskal Herriko gastronomia identitatearen barruan garrantzi nabarmena dute sagardotegiek eta Goierrin bertan ere, sagardoak eskaintzen duen guztiaz gozatu daitekeela gogorarazten dute Goitur-etik. «Ezagutu ditzagun Goierrin bertan ditugun produktu eta errekurtso turistiko guztiak eta lagundu dezagun geurea dena mantentzen, gure establezimenduei eman diezaiegun momentu hauetan behar duten laguntza, kontsumitu dezagun bertan, sinistu dezagun bertan kontsumitzeko behar horretaz», diote.
Goierriko sagardotegien ordutegiak kontsultatzeko, www.goierriturismo.com webgunean sartu eta sagardotegien atala begiratu besterik ez dago.