Sagardoaren lurraldea

Kuela, sagardogintzari loturiko ontzi berezia, aztergai Igartubeitin

Descripción

Musealiak proiektuaren baitan, bigarren pieza bat ikusteko aukera eskaintzen die bisitariei Igartubeiti Baserri Museoak. Duela hilabete batzuk 'Kafe jokoa' ikusgai izan bagenuen, oraingoan kuela da interpretazio zentroko protagonista. Kono-enbor formako zurezko ontzia da kuela, bertikalki elkartutako oholez osatua dagoena.

caserio museo igartubeiti tonel museo patrimonio sidra elaboración de la sidra

Ficha

  • Autor: Miryam Galilea
  • Fuente: El Diario Vasco
  • Fecha: 2021-02-19
  • Clasificación: 6.5. Museos
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-012981

Texto completo

Musealiak proiektuaren baitan, bigarren pieza bat ikusteko aukera eskaintzen die bisitariei Igartubeiti Baserri Museoak. Duela hilabete batzuk 'Kafe jokoa' ikusgai izan bagenuen, oraingoan kuela da interpretazio zentroko protagonista.

Kono-enbor formako zurezko ontzia da kuela, bertikalki elkartutako oholez osatua dagoena. Ohol hauek berriz burdinazko hiru uztairen bidez bermatuta daude: goiko ertzaren ondoan lehena, erdialdean bestea eta azkena oinarrian; alde bakoi-tzean bi helduleku ditu.

«Kupel edo barrika bat dirudi baina ez da. Sagardogintzari lotuta dagoen pieza da, noski, baina ez zen sagardoa gordetzeko erabiltzen. Baserritar eta sagardogileek sagarraren inguruko tratua egiteko orduan erabiltzen zuten», azaltzen dute Igartubeitikoek.

Hortaz, sagar kantitate zehatza jakiteko neurgailua da kuela. Ontziaren edukiera 50-55 kilo ingurukoa da, sagar-zaku batekoa gutxi gora behera. Sagarraren kantitatea neurtzeko modu zehatza zegoen, kargaka edo karro edo gurdikaraka neurtzen zen hain zuzen ere. Sagar karga bat gaurko 300 kilo sagar lirateke. Beraz, sei kuelek sagar karga bat osatzen zuten.

XX. mendekoa, Orendaindik ekarria
Kuela hau jatorriz Orendaingo Jauregi baserrikoa da, Tolosako eskualdean. «Historikoki zonalde hau Beterri bezala ezagutu izan da, Goierri eskualdearen hegoaldeko zati bezala alegia», diote antolatzaileek.

Igartubeitin ikus daitekeen pieza XX. mendekoa da, asko jota 100 urte izango omen ditu; sagardoaren historiari begiratuta ez da, beraz, hain pieza zaharra. Baina, «leku zehatz bateko historia eta kultur ondarea hobeto dokumentatzen laguntzen du. Hau da, bizimodu baten lekukoa litzateke, gaur ondare bihurtuta», diote baserritik.

2020ko urtarrilaren 8an, Jauregi baserriko jabeak kuela hau Gordailuari eskaini zion, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroari alegia, eta honek 150 eurotan erosi zuen. Ordutik beraz Gipuzkoako ondare bildumaren parte da.

Sagardogintzaren bilakaera
Kuela honek sagardogintzak Gipuzkoako beste zonalde batzuetan izan duen ibilbidea hobeto ulertzen laguntzen digu. «Azken hamarkadetan sagardoaren munduaren inguruan eraiki den iruditeriak Donostia, Astigarraga, Hernani eta Usurbil inguruetara mugatu du sagardoaren jarduera. Baina hori bilakaera historiko baten ondorio dela esan liteke, izan ere sagardogintzaren historia ez da eremu horretara soilik mugatu», azaltzen dute Igartubeititik.

Kuela hau XX. mendeko pieza bat dugu, eta esan liteke sagardoaren munduaren bi aldi edo muturrak lotzen diren garaiko pieza dela: sagardoaren industria krisialditik irten eta bide berrietan barrena murgiltzen hasi deneko garaiak lotzen ditu. Sagardoaren eta bere atzean dagoen historia balioan jarri da azken hamarkadetan, produktu soil bat izatetik atzean oinarri kultural bat duen elementu bat izatera pasa baita. Hala eta guztiz, oraindik orain ere erronka ugari ditu aurretik. Izan ere gaur egun, sagardoaren kontsumo eta eskaria handitzen doa, baina probintziako sagasti kopurua ez ordea.

Pieza honen inguruko xehetasun guztiak ezagutzeko Igartubeitiko Interpretazio Zentrora gerturatu besterik ez da egin behar. Bestela ere, museoko web orrian (www.igartubeitibaserria.eus) honen inguruko informazio idatzia, audioa eta bideoa ere aurki ditzazkegu. Informazio gehiagorako 943 72 29 78 telefonora deitu daiteke.