Sagardoaren lurraldea

Emakumeak sagardogintzan: Maria Echeverria (2/4)

Descripción

Lourdes Odriozola, Historian Doktorea Maria Echeverria dugu sagardogintzaren negozioari lotutako emakumeen inguruko artikulo sorta honetan ezagutuko dugun bigarrena. Haren garaia eta testuingurua ez dira, ordea, Maria Labayenek bizi izandako berak, oso bestelakoak baizik. Hala ere, Lezokoak egin zuen bezala, bere eskubidek erreklamatu zituen eta, hari bezala, epaileek arrazoia eman zioten.

donostia emakume ekintzaileak sagardogintzan mujer exposiciones historia sidra

Ficha

  • Autor: Lourdes Odriozola
  • Fuente: Elkano Fundazioa
  • Fecha: 2021-03-08
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Blogs
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-012844

Texto completo

Maria Echeverria dugu sagardogintzaren negozioari lotutako emakumeen inguruko artikulo sorta honetan ezagutuko dugun bigarrena. Haren garaia eta testuingurua ez dira, ordea, Maria Labayenek bizi izandako berak, oso bestelakoak baizik. Hala ere, Lezokoak egin zuen bezala, bere eskubidek erreklamatu zituen eta, hari bezala, epaileek arrazoia eman zioten.

Maria Echeverria donostiarra zen, eta sagardoa saltzen egiten zuen lan XVII. mendeko lehen hamarkadetan, Antonio Oquendo senarrak utzitako zor guztiak ordaindu ahal izateko. Alarguna eta bost seme-alabaren ama izanik, familiaren etxeko bodegan hasi zuen negozioa; zehazki, senarrak Donostiako Poyuelo –egungo Fermin Calbeton– kalean zituen etxeetako batean.

Donostiako barruti harresituan Poyuelo zen kale garrantzitsu eta zabalenetakoa. Barruti harresitu hura Urgull mendiaren oinean zegoen, eta lauki-sare itxurako trazadura zuen, bai eta plaza publiko txikiren bat edo beste ere. Kaleak estuak eta nahasiak ziren, lurrezkoak, eta tarteka zenbait ohol izaten zituzten, hau da, saltzaile, artisau eta harakinen oholak. Osasungaitzak ere baziren kale haiek. Jendez eta animaliaz beteta egoten ziren, hala nola ahuntzez, txerriz eta etxeko hegaztiz. Ur zikinak kalera botatzen zituzten, baita mota guztietako zikinkeria eta janari-hondarrak ere.

Ilustrazioa: Jokin Mitxelena

Argi dago hiriguneko biztanleen bizi-baldintzak nahiko prekarioak zirela, bai zikinkeriagatik eta garbitasun faltagatik, bai gaixotasun nahiz epidemiengatik, bai eta janari eskasiagatik ere. Horrez gainera, suteek hondamendiak eragiten zituzten; hala gertatu zen, besteak beste, 1489an, 1512an, 1524an, 1630ean eta 1637an.

1489. urtera arte Donostiako hiriguneko ia etxe guztien egitura egurrezkoa zen, barrukoa zein kanpokoa, eta ez zuten ur-hornidurarik. Beraz, ur bila joan behar izaten zuten barrutiko lau putzuetako batera. Etxe haien ondoan eraikin handiago batzuk ere bazeuden, harrizko horma lodikoak, hiriko leinu nagusien jabetzakoak. Eraikin haiek izan ziren 1489ko urtarrilaren 28ko sute handitik salbatutako bakarrak. Harrezkero, suteek halako beste hondamendirik sor ez zezaten, Donostiako agintariek harrizko etxeak eraikitzea sustatu zuten; hainbat neurri onartu zituzten, substantzia eta material sukoiak etxean biltegiratzea debekatzeko; etxebizitzetan sutondoaren gelako zorua eta hormak buztinez eta karez estaltzera derrigortu zuten; eta arau berriak jarri zituzten indarrean, bai etxebizitzak eraikitzeko eta bai ur-horniketarako.

Gipuzkoako herri askotako udal-ordenantzeen arabera, sagardoa suteak itzaltzeko erabili beharra zegoen

Hala eta guztiz ere, ez zen lortu suteen arazoa guztiz amaitzea. Sute horietako bat 1637ko azaroaren 30ean gertatu zen Poyuelo kaleko hainbat etxetan, hala nola Cigarroa eta Sebastian Arriolarenetan, biak ere Maria Echeverriaren etxearen parean. Sutea handia izan zen, eta putzuetako ura eta bizilagunek bildutakoa ez zen nahikoa izan hura itzaltzeko. Beste bide batzuk bilatu behar izan zituzten hondamendia geldiarazteko.

Beste kasu batzuetan egin bezala eta Gipuzkoako herri askotako udal-ordenantzetan jasota zegoen moduan –tartean Donostiakoan eta Hernanikoan–, sagardoaz kontrolatu eta itzali zen su hura. Su hartutako etxeetatik eta ingurukoetatik hartu zuten sagardoa, besteak beste Antonio Oquendoren alargunak bere bodegan zituen upeletatik. Lekukoen esanetan, sagardo asko behar izan zen sua menderatzeko; azkenean, gauean lortu zuten itzaltzea.

Ilustrazioa: Jokin Mitxelena

Ezbeharra gertatu zenean Maria Echeverriak 56 karga sagardo zituen bodegan, inguruko ekoizleei erosiak, gero saltzeko. Guztiak erabili ziren sutean, baina Donostiako Kontzejuak ez zion bat bera ere ordaindu Mariari, ordenantzetan hala egin beharra agintzen zen arren. Bidegabekeria horren aurrean, eta familia mantentzeko arazo ekonomiko larriak sortu zizkiotela tarteko, demanda bat aurkeztu zuen Gipuzkoako korrejidorearen aurrean, bere sagardoaren balioa ordain ziezaioten. Korrejidoreak, 1637ko abenduaren 23ko autoan, Mariaren alde erabaki zuen, eta Donostiako Erregimentuak hiru eguneko epean 1.014 erreal ordaindu behar zizkiola agindu zuen.

Kontzejuak ez zion Mariari sutean erabilitako sagardoagatik ordaindu; berak ordea korrejidorearen aurrean erreklamatu zuen, eta hark bitan eman zion arrazoia

Kontzejuak, ordea, ez zuen bete korrejidoreak emandako epaia. Maria Echeverriari zor zion kopurutik 750 erreal soilik eman zizkion, pentsatuz, agian, horrekin pozik geldituko zela. Ez zen hala izan.

1638ko otsailean emakume donostiarrak beste erreklamazio bat aurkeztu zuen auzitegi judizial beraren aurrean, eta hark, 1637ko abenduko epaia ikusita, beste auto bat eman zuen 1638ko martxoaren 4an. Bertan, oraindik zor zituen 264 errealak ordaindu zitzala agindu zion Donostiako udal-gobernuari, eta agindua betetzen ez bazuen, zigor gisa hiri-ondasunak kenduko zizkion Mariari ordaintzeko.

Emakume haren erabakitasun eta ausardiari esker –bai eta haren legezko ordezkariak ondo aholkatu izanari eta emakumearen interesak ongi defendatu izanari esker ere– isilarazi egin zen Donostiako Kontzejuak erakutsitako larderia. Berriz ere, Davidek Goliat garaitu zuen.

Hurrengo atalean, Ana Beroiz y Fagola izango dugu hizpide, sagardoa saltzea bizimodu izan zuen emakumea senarraren erasoetatik ihes egin ostean.

Iturriak:

Sagardoetxea Museoak antolatutako erakusketa “Emakume ekintzaileak sagardogintzan”;

Ilustrazioak: Jokin Mitxelena