Sagardoaren lurraldea

Emakumeak sagardogintzan: Maria Labayen (1/4)

Descripción

Lourdes Odriozola, Historian Doktorea Sail honetan, lau emakumeren historia kontatuko dugu, elkarren arteko lotura bakarra sagardoa dela kontuan hartuta. Guztiak izan ziren ausartak, ekintzaileak eta buruargiak; batzuek, gainera, oso ongi ezagutzen zuten negozioen mundua. Gure lehen protagonistak Maria Labayen du izena. Haren historia sagardoaren eta itsas abenturen garai oparoenetako batean kokatzen da.

ballenero emakume ekintzaileak sagardogintzan mujer exposiciones historia pasaia sidra

Ficha

  • Autor: Lourdes Odriozola
  • Fuente: Elkano Fundazioa
  • Fecha: 2021-02-17
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Blogs
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-012705

Texto completo

Sail honetan, lau emakumeren historia kontatuko dugu, elkarren arteko lotura bakarra sagardoa dela kontuan hartuta. Guztiak izan ziren ausartak, ekintzaileak eta buruargiak; batzuek, gainera, oso ongi ezagutzen zuten negozioen mundua. Gure lehen protagonistak Maria Labayen du izena. Haren historia sagardoaren eta itsas abenturen garai oparoenetako batean kokatzen da.

XVI. eta XVIII. mendeen arteko emakume langileen historia egitea zaila da, ia denek era anonimoan jarduten baitzuten, etxeko pribatutasunean eta senarraren, aitaren edo anaien itzalpean. Agirietan ikusten denez, egoera jakinetan soilik egiten ziren ikusgarri: dolareak errentan ematean, auzi edo demandak tarteko zirenean, ezkonsarietan edo testamentuetan.

Hala ere, jakin badakigu Aro Modernoan emakumeek lan asko egiten zutela, eta ohikoa zela ordainsari eskasen truke lan gogorrak egiten ikustea. Gainera, zenbat eta beherago egin gizarte-mailan, orduan eta gehiago ziren lan egiten zuten emakumeak. Haien ordainsaria gizonek kobratzen zutenaren erdia eta laurdena bitartekoa zen, eta gizonek baino eskubide gutxiago zituzten. Hala eta guztiz ere, paper garrantzitsua izan zuten Gipuzkoako herri batzuetako ekonomia-, portu- eta nekazaritza-jardueretan, hala nola sagardoa ekoitzi eta saltzen zutenek, Pasaiako portuko batelariek, Donostiako portuko zamaketariek eta mahastietako jornalariek.

Hortaz, emakume gipuzkoar haietako lauren historiak kontatuko ditugu; eta esan daiteke sagardoa dela haien arteko lotura bakarra. Guztiak izan ziren ausartak, ekintzaileak eta buruargiak; batzuek, gainera, oso ongi ezagutzen zuten negozioen mundua. Oztopoei aurre egiteko erakutsi zuten ausardiari esker, arrakasta izan zuten, eta kendu nahi zizkieten eskubide batzuk defendatzeko aukera izan zuten.

Maria Labayen, Lezokoa, emakume ekintzailea, irmoa eta ausarta

Gure lehen protagonistak Maria Labayen du izena. Haren historia 1565. urteko udaberrian kokatzen da, sagardoaren eta itsas abenturen garai oparoenetako batean.

Gutxi dakigu haren bizitzaz, baina zalantzarik ez dago negozioen mundua ezaguna zuela, eta ekintzailea, irmoa eta ausarta zela. Lezoko emakume hura Miguel de Arrieta kapitainarekin ezkondu zen, eta harekin bi alaba izan zituen: Isabela eta Catalina. Dirudienez, dolare-etxe baten jabea zen, eta bere uztako sagarrekin egiten zuen sagardoa bertan.

Garai zailak izango ziren harentzat, diru-kontuetan behintzat; alarguntzean senarraren diru-iturririk gabe gelditu zen, eta bere kabuz bilatu behar izan zituen bizibide berriak, bi alabak aurrera ateratzeko.

Senarra zenaren bidez itsas negozioen mundua ezagutzen zuenez, bazekien sagardoaren eskaria handia zela merkatuan eta ontzi-bazkidetzetan moneta gisa erabil zitekeela. Beraz, pentsatu zuen une egokia zela hura, Juanes de Illumbek “Saint Nicolas” ontziarekin Ternuko bidaia egiteko eratu nahi zuen bazkidetzan sartzeko. Eta hala egin zuen. Itsasontzia tresnaz eta jan-edanaz hornitzeko 190 dukat baino gehiago behar izan zituzten, eta Maria Labayenek kopuru horren zortziren bat jarri zuen, hau da, 23,75 dukat inguru. Bere partea, ordea, ez zuen dirutan jarri, baizik eta sagardotan: "bere etxeko eta uztako" 24 upel jarri zituen, zehazki. Beste bazkide batek, Martin de Acordak, proportzio berean parte hartu zuen, gure protagonistari erositako beste 24 upel jarrita. Bidaiaren gastuen laurdena sagardo-upeletan jarri zuten! Argi dagoenez, garai hartan sagardoa oso baliotsua zen, eta merkatuan oso preziatua.

Batetik, ekoitzitako sagardoaren parte bat saltzea lortu zuelako, eta, horrela, eskudirua lortu zuelako, likidezia izateko; bestetik, pleitamendu-kontratua sinatu zuenez, sainaren (gantzaren) salmentari esker irabazi handiak (125 eta 1.250 dukat bitartekoak) eman zekizkiokeen itsas negozio bateko bazkide zelako. Hala eta guztiz ere, gauzak ez ziren espero bezala atera, eta arazo handiei egin behar izan zien aurre.

“Saint Nicolas” ontzia aurreikusitako moduan eta epeen barruan prestatu eta hornitu zuten tresnaz eta jan-edanaz, azken unera arte. Dena prest zegoen 1565eko apirileko bigarren hamabostaldian itsasontzia Ternurantz abia zedin, Pasaiako kai eta amarralekuetan zeuden Gipuzkoako eta Iparraldeko beste ontzi askorekin batera. Bazkideek Pasaia aukeratu zuten, Kantauri itsasoko portuetatik onenetakoa zelako ontziak ekaitzetatik babesteko, bai eta portu-zerbitzu bikainak zituelako ere. Baina Pasaiak alde txar bat ere bazuen: Donostiaren, Errenteriaren eta Hondarribiaren jurisdikziopekoa zen. Egoera horrek hainbat auzi eragin zituen hiru herrien artean, eta armadoreei arazoak ekarri zizkien sagardoa ontziratzeko orduan; hala izan zen Maria Labayenen kasuan.

Maria Labayen ez zen emakume ekintzailea izan soilik; Donostiako Kontzejuari demanda jarri zion Gipuzkoako Korrejidorearen aurrean, 24 sagardo upel konfiskatzeagatik

Arazoaren oinarrian hau zegoen: Donostia kosta ahala kosta saiatzen zen Gipuzkoako eta Iparraldeko ontziek Donostiako jurisdikziopeko sagardoa bakarrik ontziratu zezaten, eta horretarako, Henrike II.ak 1376an berretsitako zamalanetarako pribilegioetan eta 1489ko udal-ordenantzetan oinarritzen zen. Hori ez zetorren bat Gipuzkoako ordenantzekin, haietan xedatzen baitzen Probintziako uztarekin sortutako sagardoa saltzea libre zela, eta, beraz, askatasuna zuten portuko ontzietan ontziratzeko.

Lezotar alargunak, pleitamendu-kontratuan hartu zuen konpromisoa betetzeko, Pasaiako kaietako batean kargatu zituen 24 sagardo upelak, eta itsasontzia portutik ateratzeko zain zegoela, Donostiako udal-agintariek konfiskatu egin zizkioten bere upelak. Maria Labayen ez zen kikildu, eta Donostiako Kontzejuari demanda jarri zion Gipuzkoako Korrejidorearen aurrean, sagardoa itzul ziezaioten.

Gastu judizial askori aurre egin ondoren (lehen epaia errekurritu egin baitzen) eta urtebete itxaron behar izan ondoren, epaileak arrazoia eman zion azkenean. Hain zuzen ere, konfiskatutako upelak itzultzera kondenatu zuen Donostiako Kontzejua, frogatuta geratu baitzen Pasaiako portuko bizilagunek bazutela ahala, usadioa eta ohitura beren uztako sagardo guztiak kai horietan kargatzeko eta saltzeko, bai beren ontzi propioetan, bai besteenetan, kargatuz nahiz tresnatuz edo beste edozein modutan.

Maria Labayenen garaipen handia izan zen epai hori, pertsona bakar batek Donostiako agintarien kontra irabazi baitzuen. Era berean, bidea urratu zuen beste sagardo-ekoizle batzuentzat.

Hurrengo atalean, Maria Echeverriaz hitz egingo dugu, eta Donostian sute bat itzaltzeko balio izandako sagardoaz.

Iturriak: “Emakume ekintzaileak sagardogintzan” erakusketa, eta ODRIOZOLA OYARBIDE, Lourdes: María Labayen: la valentía de una mujer sidrera del siglo XVI / Maria Labaien: XVI. mendeko sagardogile ausarta. Zelaia Sagardotegia, 2018.

Ilustrazioak: Jokin Mitxelena