Sagardoaren lurraldea

Ohitura salbuespen

Descripción

Telefonoak jo du. "Ez, ez daukagu lekurik gaur eguerdirako; biharko bai", erantzun du Salome Portuk. Usurbilgo (Gipuzkoa) Aialde-Berri sagardotegiko leku guztiak hartuta daude larunbat eguerdirako. 110 lagunentzako lekua dute, baina gaur egun 56 har ditzakete gehienez. Zortzi edo bederatzi bazkaltiar sartzen diren mahai luzeetan lau lagunentzako platerak, mahai tresnak eta edalontziak jarriak dituzte, batetik bestera tarte nabarmenarekin.

sidrería aialde berri ocio gastronomía coronavirus usurbil

Ficha

  • Autor: Jakes Goikoetxea
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2021-02-07
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P36-22
  • »
  • Código: NA-012683

Texto completo

Telefonoak jo du. «Ez, ez daukagu lekurik gaur eguerdirako; biharko bai», erantzun du Salome Portuk. Usurbilgo (Gipuzkoa) Aialde-Berri sagardotegiko leku guztiak hartuta daude larunbat eguerdirako. 110 lagunentzako lekua dute, baina gaur egun 56 har ditzakete gehienez. Zortzi edo bederatzi bazkaltiar sartzen diren mahai luzeetan lau lagunentzako platerak, mahai tresnak eta edalontziak jarriak dituzte, batetik bestera tarte nabarmenarekin. Eta txarroak. Nahi dutenek kupeletatik betetzeko. Botilako edo txarroko sagardoa edan daiteke. Txarroa eskuan, «hau da COVID-19 garaiko txotx berria», esanez ireki zitekeen aurtengo sagardo garaia.

Herenegun abiatu zen sagardo garaia, baina sagardotegi gehiago daude itxita, irekita baino. Itxita baitaude Astigarragakoak eta Hernanikoak (Gipuzkoa), bi herriak eremu gorrian egoteagatik.

Usurbil ere eremu gorrian sartzear da. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 491,44 kasu zituen herenegun, 500eko langa gainditzear. Aialde-Berriko asteburu honetako bazkariak azkenak izan daitezke bolada batean. «Egunero begiratzen ditugu zenbakiak, eta hurrengo astean, ziurrenik, itxi egin beharko dugu», onartu du, etsipen apur batekin, Joxean Lazkanok.

Portu eta Lazkano senar-emazteek gobernatzen dute Usurbilgo Santuenea auzoko sagardotegia, iloba batzuen laguntzarekin. Familiako negozioa da.

Herrikoak, «ezagunak»

Usurbildarrak izan behar dute bazkaltiar guztiek, eta hala izango dira, «ezagunak». Gazteak. Horretan aldaketa eragin du izurriteak: «Gazteak mugitzen ari dira. Gaur etorriko direnen batez besteko adina 30 urte inguru izango da». Gazteak mugitzen diren seinale, gazteen lau kuadrillak laugarren larunbata izango dute jarraian Aialde-Berrin bazkaltzen. «50 urtetik gorakoak, ordea, desagertu egin dira», Lazkanoren esanetan. Beldurragatik, uste du.

Txotx garaian baino ez dute zabaltzen, urtarriletik maiatzera. Ostiral, larunbat eta igandeetako bazkariak ematen ari dira. Iazko itxialdia gogorra izan zen, sagardo garai bete-betean harrapatu zituelako eta, udan irekitzen ez dutenez, itxialdia urtarrilera arte luzatu zitzaielako. Aurten ohiko sagardo kantitatearen hiru laurden egin dute, badaezpada.

Lazkanok ez du iazko itxialdirik espero. Eskertuko luke mahaietan sei lagun elkartu ahal izatea: «Sekulako aldea litzateke. Izan ere, afariak kenduta, lana erdira jaitsi digute, eta bazkarietan edukiera erdira jaitsita, laurdenarekin ari gara lanean».

Portuk prest ditu tortillak egiteko arrautzak. Prest bakailao frijitua eta piperrak, mikrouhin labean berotu eta mahairatzeko. Lazkanok tontortua du ikatza, eta parrilaren ondoan daude txuletak, bilduta, epeltzeko.

Garbiñe, Imanol eta Aitor Zubimendi ilobak ere iritsi dira, laguntzeko. Aitor, amak egindako erroskillekin, egin berriak, oraindik epel, kafearekin banatzeko.

Txotxa faltan

14:00etan iritsi dira lehen bezeroak. Javi, Josu, Xabi eta Iñigo usurbildarrak: «Aspalditik esaten genion elkarri bazkaria egin behar genuela, eta azkenean gaur egingo dugu». «Pena» dute, txotxik egin ezin delako. Txarroko sagardoa probatuko badute ere, nahiago dute botilakoa.

Sukaldean berotu dute bakailao frijitua. Portuk irabiatu ditu zortzi arrautz, gehitu dizkie bakailaoa, tipula gorritua, gatza eta perrexila, eta bota du zartaginera. Urteetako eskarmentuarekin nahastu eta irauli du erretilura.

Lazkano ile lehorgailuarekin sua bizitzen hasi da. Minutu gutxian indartu da sua, eta lehen txuletak jarri ditu.

Bezero gehiago iritsi dira. Sukaldetik zarata entzuten da, eta izurriterik gabeko garaietako sagardotegia dirudi. Bezeroek, ordea, eskuak gel hidroalkoholikoekin garbitzen dituzte, lau laguneko mahaietan elkartzen dira, maskara janzten eta eranzten dute, eta ezin dute txotx egin.