Sagardoaren lurraldea

Euskal Sagardoak "tentuz eta arduraz" aurrera egin nahi du

Descripción

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardotegiek Euskal Sagardoa zigilupean 1.200.000 litro ekoitzi dituzte. Aurten bildutako sagar kopurua iazkoaren herena izan da eta horrek litroak ere herena izatea eragin du. Uzta txikia izan arren, bildutako sagarra "izaera handikoa" izan dela nabarmendu zuten, "azukrean eta taninoetan oso aberatsa".

euskal sagardoa característica coronavirus marca sidra cosecha

Ficha

  • Fuente: Gara
  • Fecha: 2020-12-17
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-012531

Texto completo

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardotegiek Euskal Sagardoa zigilupean 1.200.000 litro ekoitzi dituzte. Aurten bildutako sagar kopurua iazkoaren herena izan da eta horrek litroak ere herena izatea eragin du. Uzta txikia izan arren, bildutako sagarra «izaera handikoa» izan dela nabarmendu zuten, «azukrean eta taninoetan oso aberatsa».

Iazko uzta handiaren ondoren, aurten txikiagoa zetorkiola aurreikusi zuen Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak, baina ez zuen «hain uzta txikia espero». Azaldu dutenez, iazko uzta handiak, negu ez hain hotzak eta uda lehorrak eragin dute uzta txikia.

Zonaka eta sagastiz sagasti datuak desberdinak dira, baina gehienean izan da uzta txikiagoa. Guztira ia 2 milioi kilo sagar bildu dira Euskal Sagardora bideratutako sagastietan eta 1,2 milioi litro ekoitzi dira.

Aurrerantzean uztatik uztara horrelako aldeak egoteak asko kezkatzen ditu Euskal Sagardoa Jatorri Deitura osatzen duten sagargile eta sagardogileak eta hainbat proiektu jarri dituzte martxan egora hobetzeko.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak atzo jakinarazi zuenez, martxoan txotx garaia erdiz erdi etetera behartuta egon zirenez eta udaberri eta udazkenean ostalaritza itxita egon denez, galera handiak izan ditu sagardogintza sektoreak. Guztira, 15 milioitik gorako galerak kalkulatu dituzte.

Horregatik, ostalaritzaren irekierak eta datorren urteko txotx garaiak asko kezkatzen du sektorea, diru sarrera eta sagardo salmenta handienak horren baitan daudelako.

Egoera zail horri aurre egiteko helburuz, euskal sagardoak sarean lortzeko plataforma berria jarri dute martxan: www.euskalsagardoa.eus webgunearen bitartez, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 53 Euskal Sagardo desberdin daude eskuragarri. «Kontsumitzaileek klik baten bidez etxean lortzeko aukera izango dute, Euskal Herri osoan, baita munduko lekurik gehienetan ere», azaldu zuten. Sagardotegiek dituzten online salmenta plataformen osagarri bat da, plataforma bateratua.

Hurrengo txotx garaia

Aurtengoa urte berezia izan da, eta datorrena ere halakoa izango dela aurreikus daiteke. Horregatik, «tentuz eta arduraz, erabakiak hartzeko garaia» dela nabarmendu zuen Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak.

Urtarrilean egingo dute egoeraren balorazioa, sagardogintzaren sektoreak pandemiaren datuak ikusi, jarritako neurriak baloratu eta erabaki egokienak hartzeko; besteak beste, txotx garaiari buruz.

Aurreratu dutenez, sagardotegien txotx irekierari dagokionez, sektoreak elkarturik garatu duen protokolo bat prest dago, garaian garaiko egoerara moldatzeko aukera ematen duena. «Alde horretatik, aurtengo udak balio izan du pandemia egoeran espazio seguruak nola sortu eta kudeatu ikasteko», jakinarazi zuten.