Sagardoa, ziririk gabe eseririk
Descripción
Sagardotegietan txotxeko denboraldia ezohikoa eta berezia izango bada ere, sagardo berria dastatzeko aukera izango da. Pitxarretan mahaira zerbitzatuko dute, ez ziritik Egokitzapenak egin behar izan dituzte sagardotegietan ere. Garai honetan hasiko zatekeen ohiko txotxeko denboraldia. Baina koronabirusak asko baldintzatu du egoera, herrietako itxierak, ostalaritzako mugak eta elkartzeko murrizpenak direla eta.
euskal sagardoa característica coronavirus marca sidra sidrería txotx cosecha
Ficha
- Fuente: Goierriko Hitza
- Fecha: 2021-01-19
- Clasificación: 2.4. Txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-012524
Texto completo
Egokitzapenak egin behar izan dituzte sagardotegietan ere. Garai honetan hasiko zatekeen ohiko txotxeko denboraldia. Baina koronabirusak asko baldintzatu du egoera, herrietako itxierak, ostalaritzako mugak eta elkartzeko murrizpenak direla eta. Albistea, ordea, zera da: sagardo berria dastatu ahalko da sagardotegietan. Oraingoz, sei laguneko taldeetan eta mahaitik altxatu gabe bada ere.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak atzo Donostian eman zituen 2021eko denboraldiaren xehetasunak. «Saiatu gara lanerako modu bat ezartzen. Ez gatoz urte erraz batetik, eta egoera zailean, erabakiak ere halakoxeak dira. Baina sektore honen bereizgarri bat da lanerako ahalmena eta egoera berrien aurrean ez kikiltzea da. Neurri orokorrak aintzat hartuta, ahal bezain sagardo sasoi erakargarriena eta egingarriena antolatzen saiatu gara», azaldu dio egunkari honi Olatz Mitxelena arduradunak.
Goierriko denboraldiaren aurkezpena, iaz, Andoni Aizpuruarekin.
Hala, iazko denboraldian ere ezarri behar izan zen arau bat izango da abiapuntua: sagardozaleek ezingo dute mahaitik altxatu, eta kupeletako sagardoa pitxarretan bertara aterako diete. Eserita egotearena, izatez, sagardotegietan antzinako joera da. «Historian zehar pitxarretan zerbitzatu izan da sagardoa gure sagardotegietan. Aurtengo urtean, egokitu eta findu nahi izan dugu teknika hori, bezeroari ahal bezain arreta onena emateko asmotan, produktua, informazioa eta irudia zainduta. Horregatik, pitxarra edo botila gardenari, sagardoaren informazioa ere jarriko zaio, kontsumitzaileak zein kupeletako eta zein sagardo mota dastatzen duen jakiteko», esan du elkarteak.
Ziurgabetasunean, aurrera
Gaur-gaurkoz, eta indarrean dauden legeak aldatzen dituzten arte, mahaian gehienez sei lagun eseri ahalko dira batera. Mahaitik mahaira tarteak ere handitu beharko dituzte, eta ostalaritzako edukieraren araua ere bete beharko dute: %50 barruan. Horrez gain, sagardotegiak 20:00etan itxiko dira. Bestetan hain ohikoak diren afari zerbitzuak galtzea ekarri du horrek.
«Egoera zaila da, eta ahal dutena egiten ari dira sagardogileak, aldi oro. Ezjakintasuna hor dago, herria itxita egongo den datorren astean ala ez. Ahal den neurrian, lanerako gogoa ez zaie falta», gaineratu du Mitxelenak.
Aurkezpenik ez Goierrin
Goierriri dagokionez, sagardotegi batzuk irekita daude dagoeneko, eta sagardo berria eskaintzen ari dira. Gipuzkoako elkarteak otsailaren 5ean jarri du 2021eko denboraldia irekitzeko eguntzat.
Goierriko zazpi sagardotegiekin azken urteetan aurkezpen bateratua antolatu izan du Goiturrek, ilbeltzean. Aurten ez dute egin. «Zerbait egiteko asmoa badago, baina otsail bukaeran edo martxoan, sagardogileek esaten dutenaren arabera. Oraingoz, egoerak ez du aukerarik uzten ezer askorik egiteko», zioen atzo Niko Osinaldek. Aurkezpena Olaberriko Etxezurin izatekoa da aurten, txandaka denetatik igarotzeko ohituran.
Ekoizpenari dagokionez, kontsumo txikiagoko garaietara egokitu behar izan dute egileek. 2019ko uztako soberakina asko dagoelako batetik, eta aurtengo aurreikuspen zehatzik inork ez dakielako, bestetik. «2020a sagar urte txikia izan da Euskal Herrian kopuruz, eta izaera handikoa edukiz», laburbildu du Gipuzkoako elkarteak.
Edari «oso berezia eta ona» datorrela ziurtatu dute. Euskal Sagardoa izendapenean, adibidez, 1,2 milioi litro sagardo egin dute EAEko 48 sagardogilek, 2 milioi kilo sagarrekin. Urteak esango du txinparta izaten duen ala birusak ozpintzen duen.