Sagardoaren lurraldea

Fraisoro Gipuzkoako nekazal berrikuntzarako laborategia

Descripción

Fraisoron, Landa ingurunea eta ingurugiroaren alorrean, berrikuntza, garapena, kalitatea eta ebaluaketa analitikoko zerbitzuak eskaintzen dira.

análisis innovación laboratorio fraisoro diputación foral de gipuzkoa agricultura sidra

Ficha

  • Fuente: Gure Lurra aldizkaria
  • Fecha: 2020-02-01
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Revistas
  • Procedencia: Gure Lurra aldizkaria
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • »
  • Código: NA-012452

Texto completo

Gipuzkoa eta gipuzkoarren beharretara egokituz, “Fraisoro Ingurumen eta Nekazal Laborategia” izatetik, Laborategi, Kalitate eta Berrikuntzako Zerbitzua izatera pasa da Fraisoro. Horrenbestez, egun, Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzu publiko bat da eta, Landa ingurunearen garapenerako eta ingurugiroaren alorrean, berrikuntza, garapena, kalitatea eta ebaluaketa analitikoko zerbitzuak eskaintzen dira. Horretarako, nahitaezkoak dira analisi teknika aurreratuak, prestakuntza espezializatua eta instalazio egokiak. Laborategi, Kalitate eta Berrikuntzako Zerbitzuaren helburua, garai berrietara egokitzea da, bezeroen premia eta itxaropenekin bat eginez dena eta departamentutik sortzen diren berrikuntzako proiektuak bultzatuz eta aurrera eramanez dituena. Beraz, helburua, berrikuntzan, tresnerian eta instalakuntzen modernitatean liderrak bihurtzea da, ingurugiroarekiko errespetua eta lan zein gizarte arloko segurtasunaren kultura bertako ekintzen parte izango direlarik.

Nola lortzen dira kalitatea eta berrikuntza? Etengabeko hobekuntzarekin eta, teknologia zein berrikuntza laneko beste esparru bat gehiago direla barneratuz.

Fraisoron, Gipuzkoako Foru Aldundiaren nekazal berrikuntzarako laborategian, behi, ardi edota ahuntzen osasuna ikertzeko egiten diren azterketez gain, elementu ezberdinen egoera egokia eta kalitatea egiaztatuko duten beste hainbat kontrol burutzen dira:

• Europatik datorren txerri-izurri afrikarra saihesteko, zerri eta basurdeak aztertzen dira.
• Sagardoaren ekoizpenerako prozesu osoan zehar analisi fisikokimikoak burutzen dira, sagarretatik hasita eta azken hartzailearentzat sorturiko produktuarekin amaituz, zentzumen analisia barne. Analisi horiek, oro har, Gorenak edo Euskal Sagardoa bezalako kalitate-zigiluek eskatzen dituzte, osasun tekniko arautegia eta bakoitzaren barneko arautegiak bete behar baitituzte.
• Txakolinaren analisi fisiko-kimikoak burutzen dira. Analisi horiek, ekoizpenaren prozesu osoan zehar burutzen dira, muztiotik hasita eta azken hartzailearentzat sorturiko produktuarekin amaituz. Azken horrek, Getariako txakolina J. D. B.-ek ezarritako baldintzak bete behar ditu.
• Laborantza-lurrak aztertzen dira: emankortasuna kontrolatzeko, kutsadura, gabeziak eta edota edozein elementuren gehiegizko presentzia antzemateko.
• Gipuzkoako erreka eta iturburuak aztertzen dira.
• Mendian zein nekazaritzan izan, landareengan eragin dezaketen gaixotasun guztiak aztertzen dira.

Beraz, Fraisoroko berrikuntzarako laborategiaren helburuetako bat abereen osasuna egokia bermatzea da. Hala, bai salerosketak egin ahal izateko, abereak kanpora eramateko, Europatik datorren araudia betetzeko, eta beste hainbat gauza baimenduko duten bermea izatea guztiz beharrezkoa da. Horregatik, Gipuzkoako abereen osasuna nolakoa den ezagutzea oso garrantzitsua da. Azterketa horiek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fraisoroko laborategian egiten diren analisien bitartez gauzatzen dira, besteak beste, abereen araberako osasun kanpaina ezberdinak burutuz:
• Behiak aztertzeko kanpaina.
• Ardi eta ahuntzak aztertzeko kanpaina.

Oraingoan ardi eta ahuntz aziendaren txanda da eta, urtero bezala, urrian hasi zen aurtengo kanpaina. Gipuzkoako ardi eta ahuntzen osasun egoera eguneratzeko, lehenik eta behin, albaitari arduradunek eta haien laguntzaileek kanpainako lagin-bilketa egiten dute ustiategietan. Ondoren, analisiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Fraisoro laborategian burutzen dira. Bi ildo ezberdin jarraitzen ditu kanpainak:
• Alde batetik, Gipuzkoako ahari guztien birkontaketa egiten da, ustiategi bakoitzean aurkitzen diren ahariak erregistrokoekin bat datozela egiaztatzeko.
• Bestetik, osasun analisiak egiten dira, horretarako Gipuzkoako eremua 3 zatitan banatzen delarik. Gipuzkoan dagoen ardi kopurua urte berean aztertzeko gehiegizkoa denez, urtero eremu guztiaren heren bat egiten da. Horrela, hiru urtez behin ardi guztiak aztertzen dira (aharien kasuan, ordea, birkontaketa aprobetxatuz, animalia guztiei lagina hartzen zaie).

Aurten Tolosaldea-Goierri zonaldeen txanda da, eta bertan dauden ustiategietako ardi eta ahuntz guztiei Bruzelosi frogak egiten zaizkie (Bruzelosia nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da). Ahariei, Bruzelosiaz gain, Edidimitisaren analisi froga ere egiten zaie (hau ere nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da). Analisi horiek guztiak teknikarien trebeziari esker burutzen dira urtero. Gainera, aipaturiko kopuruei, laborategiaren emaitzen fidagarritasuna ziurtatuko duten kalitate kontrolak gehitu behar zaizkie. Izan ere, fidagarritasun hau ENAC (Entidad Nacional de Acreditación) erakundeak bermatzen du. Finean, Fraisoroko laborategiaren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kudeaketa Plan Estrategikoan jasotako hainbat helburu erdiesten dira: elikagai eta osasun kalitatea babestea, paisaia eta bioaniztasuna babestea edota errentagarritasunaren eta lehiakortasunaren areagotzea, besteak beste.