Sagardoaren lurraldea

Beste kupeleko sagardoa

Descripción

Poz iturria lehortuta dauka aspaldian bere zorion burbuilatik burua atera eta inguruan zer pasatzen ari den jakin nahi duen hiritar orok. Kezkak, egonezinak, zantzu ezkorrak eta zalantzaz betetako hodei ilunak besterik ez zaizkio etorriko. Hobe berriz ere punpuila barrura sartu eta bizipoza ematen duten gauza txiki horiei begira jarraitu.

tonel patrimonio sidra manzana

Ficha

  • Autor: Gaizka Lasa
  • Fuente: El Diario Vasco
  • Fecha: 2020-10-31
  • Clasificación: 6.0. Cultura
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-012424

Texto completo

Poz iturria lehortuta dauka aspaldian bere zorion burbuilatik burua atera eta inguruan zer pasatzen ari den jakin nahi duen hiritar orok. Kezkak, egonezinak, zantzu ezkorrak eta zalantzaz betetako hodei ilunak besterik ez zaizkio etorriko. Hobe berriz ere punpuila barrura sartu eta bizipoza ematen duten gauza txiki horiei begira jarraitu. Behin Bernardo Atxagari Greziako poema arkaiko bat entzun nion: «Azeriak tranpa guziak ezagu-tzen ditu, baina trikuak jakin behar den egi bakarra». Babestu zure burua eta atera bizirik, esan nahi zuen. Bereaz ari zen, noski, kultura babesteaz, futbola bezalako pizti menderatzaile batetik. Ez zaio arrazoirik falta, nahiz eta niri futbola gustatu. Baina gera gaitezen trikuaren irudiarekin. Izan ere, azeria hor dabil. Ez da ikusten, baina hor dabil gure osasuna lapurtzeko prest. Izan gaitezen triku.

Arantzaz betetako bola horren barruan, zorionez, oraindik ere gauza dezente egin daitezke gure inguruan globalizazioaren mugikortasunaren behar handirik gabe. Sagardoa, esaterako. Honezkero sagasti gehienetako sagarrak bilduta daude, bakarren bat oraindik lan horretan badabil ere. Eta sagarraren bueltan zenbat hitz goxo eta bizipen pozgarri, Anjel Mari Peñagarikanok maisutasunez Tolosaldeko Atarian, 'kale kantoitik' erakutsi zuen moduan. «Heldu ziran sagarrak, bai gauza ederrak, hala zion amona zaharrak: umeak, onak bildu ta bota txarrak, utzi ustelak ta utzi tatarrak, bestela nola bete pitxarrak. Lan egin zuen tolareak, bai gauza dotoreak, bai zapaldu ere aleak ta lan ugari taldeak, hango zer-tzak ta hango baldeak. Hasi zen txorroa, txorroak bete txarroa, txarroan apar arroa, ta parrillan dago katxarroa, kiloko txitxarroa. Hona hemen sagar mama, gure elikaduraren ama, ona dauka behintzat fama. Jendez bete Hernani, zenbat juerga ta armoni, haien tartean ni, ez al zaigu ba komeni, goxotasuna eman behar bizitza honi».

Azeriak tranpa guztiak ezagutzen ditu baina trikuak jakin behar den egi bakarra. Babes gaitezen gu ere

Orain inoiz baino gehiago, Anjel Mari. Burumakur eta noraezean gabiltza. Beldurrez. Sagar pixka bat ondo etorriko zaigu. Duela hogeita hamar urte hara zer idatzi zuen Jakoba Errekondok. «Sagardo hitza gaur egun ez da edari baten izen hutsa. Sagardoa aipatzeak joera zahar eta berriak dakar-tzagu… Sagardoa ohitura zaharrak dira; txalapartaren oihar-tzunen buelta. Sagardoa, bertsozale guztiak ase eta freskatzen dituen iturria izateaz gain, bertsoa da. Sagardoa azti, sorgin pitargile eta modernoen edaria da. Sagardoa kaletarren inbidia eta baserritarren gutizia ohoretsua da. Sagardoa magia da».

Baina garai-garaikoa dugun gai honek badu esamolde bat bereziki estimatzen dudana. «Beste kupeleko sagardoa». Gauza bat bestelakoa, seko desberdina dela adierazteko modu dotore askoa. Esango nuke ezberdintasuna baino gehiago iradokitzen duela. Norbaiti jaten aparte eman behar zaiola esaten dugunean bezala, baina modu finean eta beste distira batekin. Argibide neketsuetan sartu gabe, hitz gutxitan zenbat azaltzen duen «hori beste kupeleko sagardoa da» esaldiak. Beste izaera edo kategoria bateko zerbaiti aipua egiteko erabiltzen da. Deskribatzen den horren ezaugarriak zehazten hastea baino indar handiagoa dauka beste kupeleko sagardoa dela esateak. Sagardogintzaren bueltan zebilen norbaitek emango zion bada erabilera hori hasiera batean. Bejondeiola!

Hemen da jada sagar mama, gure elikaduraren ama, ona dauka behintzat fama, aurretik baina lana

Nahi adina adibide aurki di-tzakegu. Pandemia garaian Jaurlaritzak neurriak hartzea gauza bat da, baina epaitegiak sartutakoan... hori beste kupeleko sagardoa da. Norbaiti zahar-etxean dagoen bitartean arreta eskaintzen dion senideak beste kupeleko sagardoa probatzen du adineko hori etxean hartu behar duenean. Auzoko elkarteren batean bizilagunen mesederako kudeaketa lanean aritzea gauza bat da, eta Madrilgo Kongresuan alderdi politiko baten bozeramaile izatea, beste kupeleko sagardoa. Gure ogibide honetan ere, informazioa ematen dutenak daude eta baita 'klik' bakoitzaren atzetik eduki lizunak saltzea helburu dutenak ere. Azken praktika hau ez da kazetaritza, beste kupeleko sagardoa baizik.

Eta egun bizi dugun egoera? Zein ezaugarri aukeratu? Nola azaldu? Ez nekatu, hau beste kupeleko sagardoa da eta.