Sagardoaren lurraldea

Genesitik Zakilixutera

Descripción

Gure aitona-amonek egongelako paretan zintzilikaturik zeukaten bodegoi ilun xamar horretako sagarrek hamaika lehengusu daukate, bereziki –baina ez soilik– pinturan, fruitu honek artean eta oro har gure bizitzetan eta imajinarioan izan duen presentziaren lekuko. Sormen lan horietako batzuk ekarri ditugu orriotara, kondaira ezagunak abiapuntu.

arte emakume ekintzaileak sagardogintzan historia cultura mitología sagar arte sagardoetxea manzana aniversario

Ficha

  • Autor: Jon Torner
  • Fuente: Argia
  • Fecha: 2020-12-20
  • Clasificación: 1.3. Manzana
  • Tipo documento: Revistas
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • »
  • Código: NA-012275

Texto completo

Sagar bat protagonista duen elezahar edo zientzia fikziozko istorio bat aipatzeko eskatu, eta gutako gehienok hiruzpalau zerrendatuko genituzke. Suge hiztun batek limurturik, Evak eta Adanek jan zuten “debekatutako fruitua” dugu; Genesia liburuak sagarra denik aipatzen ez duen arren, askoren subkontzientean halaxe grabatua geratu da. Kristau doktrinaren arabera, hari hozka egitea izan zen jatorrizko bekatua.

Isaac Newton zientzialariari buru gainera erori zitzaion sagarra ere aipa genezake, grabitatearen teoria formulatzeko funtsezko gertakaria, nahiz eta kasu honetan ere ez dagoen frogatzerik benetan jazo zen ala, aitzitik, aipatu teoriaren asmakuntzari ukitu lurtarragoa emateko trikimailua izan zen.

Newton sagasti azpian liburu bat irakurtzen, eta arbolako sagar bat buru gainera erortzear. Hori da Apple multinazionalaren lehenbiziko logoan ageri den irudia. Ronald Waynek 1976an diseinatua, denbora gutxira hartu zion lekukoa haginkada duen sagarraren irudi ezagunak, lehen kolpean ezagutzeko jatorrizkoa baino nabarmen eraginkorragoa baitzen bigarren hori.
Semeak buru gainean zuen sagarra geziaz jo zuen Gilen Tell-ek, Suitzako independentziako heroiak, Altdorfeko jaun Hermann Gessler zitalaren hordagoari erantzunez. 1307ko azaroaren 18an gertatu zen, kondairak dioenez. Eta hain justu, egun horretan ospatzen dute Britainia Handian “Sagardoaren Eguna”. Berez, mundu zabalean ekainaren 3an ospatu ohi da, sagardo denboraldiaren hasiera sinbolizatzeko.

Greziar mitologiaren arabera, anabasa eragiteko beti gertu zegoen Eris jainkosak, gonbidatu ez zutelako amorru bizian, Tetis eta Peleoren arteko ezkontza-oturuntzara agertu eta urrezko sagarra jaurti zuen Hera, Atenea eta Afrodita eserita zeuden mahaiaren erdira. “Ederrenarentzat”, zuen idatzia. Hiru jainkosak borrokan hasi ziren orduan, tamainako fruitua nork mereziko. Amodio istorio katramilatsua tarteko, diskordiaren sagar hark eragin zuen Troiako Guda.

Bitxia da, baina esango genuke arte adierazpide diferenteetan, eta agian bereziki ipuin eta kondairetan, sagarraren figura eta haren sinbologia gehiago lotuta dagoela emakumezkoari, “gaizkia” –zentzu tradizionalean– irudikatzeko sarri, sorginkerien elikagai, Edurnezuri eta zazpi ipotxen istorioan bezala.

Jainkosak eta ekintzaileak

“Jainkosarik ederrenarentzako”. Izenburu hori du Paul Lataburu artistaren “Sagardoaren kondaira” ilustrazio-bildumako marrazkietako batek. Astigarragako Astarbe sagardotegiak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak bultzatzen duten Sagararte ekimenaren baitan egindako bilduma horrek greziar, erromatar edota zeltiar mitologiako hainbat pasarte jasotzen du, sagardogintzak gurean izan duen ibilbideari keinua eginez. 2019ko uztako irudiok Astarbe.eus webgunean dituzue ikusgai, gainerako edizioetako artelanekin batera.

Beste sagardotegi batek, Hernaniko Zelaiak, Maria de Labayen lezoarrari buruzko erakusketa ondu zuen kupel artean duela bi urte. Emakume hura bere uztako sagarrekin egindako sagardoa salerosten aritu zen XVI. mendean. Miguel de Arrieta kapitainarekin ezkondu zen; alarguntzean, dirurik gabe, ontzi-elkarte batean parte hartu zuen, bazkidetza ordaintzeko sagardoa diru gisa erabilita. Ontzietako bat Ternuara bidean irtetekoa zenean, Donostiako agintaritzak sagardoa konfiskatu zuen, bere kontrolpean zegoena soilik ontzira zitekeela argudiatuz. Foruek babesten zutenez, salaketa jarri eta epaiketa irabazi zuen Maria de Labayenek. Konfiskatutako 24 sagardo barrikak itzuli behar izan zizkion Donostiako Kontzejuak.

Emakume hura da, hain justu, Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketako lau protagonistetako bat. Maria de Echevarria, Ana de Beroiz y Fagola eta Maria Josefa de Orobio dira beste hiruak, sagardoaren inguruan lan egin zutenak guztiak, eta emakume izanagatik gutxietsiak izan zirenak. XVI-XVIII. mendeetako sagardogintzaren nondik norakoak ezagutzera ematen ditu erakusketa ibiltariak, Jokin Mitxelenaren ilustrazioak lagun. Lurdes Odriozola historialariak egindako ikerketa batean oinarritutako erakusketa da, Astigarragako Sagardoetxea museoarekin elkarlanean sortua. Ezkioko Igartubeiti baserrian izan da uda partean ikusgai, eta Eltziegoko kultur etxean abenduan.
15. urteurrena

2006an irekia, Astigarragako Sagardoetxea museoak 15 urte beteko ditu 2021eko irailean. “Sagardoaren Lurraldea” markak kudeatua, hamaika ekimen antolatzen du urte osoan, informazio-panelak, ikus-entzunezkoa, dolareen maketak eta sagardogileen lanabesak biltzen dituen erakusketaz gain: tailerrak, kultur ekitaldiak, sagardo-dastaketak, txangoak... Museoaren alboan sagastia dute, eta nahi duen orok edozein momentutan eman dezake osteratxoa arbola artean, bidean topatuko dituen informazio-paneletan geldialdia eginez. Sasoi bakoitzean sagarrondoak nola dauden ikusi eta sagardogintzari buruzkoak ikasteko aukera ederra ematen du guneak. Handik abiatuta, “Santiagomendiko sagardo bidea” 6,5 kilometroko ibilbide lau xamarra osa daiteke, sagardoa ekoizten zuten dolare baserrietan zehar.

Museoaren eskaintzari buruzko informazio gehiago sagardoarenlurraldea.eus webgunean topatuko duzue. Halaber, db.sagardoetxea.eus dokumentazio zentro eraberrituan dozenaka liburu, aldizkari, ikus-entzunezko eta dokumentu historiko kontsulta daitezke.
“Sagardo edalea”

Vincent van Gogh-en “Natura hila sagarrekin” edota William Sidney Mount-en “Sagarrak eztainuzko ontzietan” bodegoiak, errealismoaren ordezkari Gustave Courbet-en “Sagar gorriak arbola baten oinetan”, Vladimir Kush-en “Sagarrak, beldarrak eta tximeletak” surrealista, Réne Magritte-ren “Gizonaren semea” auto-erretratua... Sagarrak irudikatzen dituzten hamaika margolan aurki dezakegu. Gutxiago dira sagardoa bera gaitzat daukatenak, baina badira batzuk, George Henry Durrie paisajista britainiarrak egindako “Udazkena Ingalaterra Berrian, sagardogintza” esaterako. Edota Joaquin Sorolla y Bastidak 1910ean Euskal Herrira egindako bidaia batean margotutako “Sagardo edalea”, Lekeitioko ostatu bateko eszena islatzen duena.

Zinemari dagokionez, Telmo Esnalen “Dantza” filma (2018) etorri zaigu gogora, hainbat koreografiak sagarra duen heinean ardatz, Urkiolamendiko sagar dantzak eta Igartubeiti dolare-baserriko almute-dantza eta zortzikoak, adibidez. Esnalek berak eta Asier Altunak badute film labur berezi bat, Txotx, sagardotegietako alde ilunagoa azaleratzen duena. Kimuak egitasmoaren webgunean duzue ikusgai.

“Kaleko artean ere baduzu adibiderik”, esan digu lankide batek, “Usurbilgo ‘Sagardoaren monumentua’ iturria esaterako”. Antton Olariagaren tira grafikoak eta margolanak ere ezin aipatu gabe utzi. Zer litzateke sagardo denboraldia Zakilixut gabe!