'Emakume ekintzaileak sagardogintzan' erakusketa abian da Igartubeiti Museoan
Descripción
Igartubeiti Baserri Museoak, 'Emakume ekintzaileak sagardogintzan' aldi baterako erakusketa berria zabaldu du, historian zehar sagardogintzan emakumeen zeregina ezagutzera emanez. Aldi baterako erakusketa berri hau uztailak 31arte izango da ikusgai. Lourdes Odriozola historialariak burututako ikerketa lanei esker, XVI eta XVIII. mendeetan emakumeek sagardoaren munduan burututako eginkizunak jorratzen ditu zabaldu berri den erakusketa honek, eta baita garai hartako gizartearen egoera ere.
emakume ekintzaileak sagardogintzan mujer exposiciones historia caserio museo igartubeiti cultura patrimonio sidra
Ficha
- Autor: Miryam Galilea
- Fuente: El Diario Vasco
- Fecha: 2020-06-10
- Clasificación: 5.5. Exposiciones
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-011742
Texto completo
Igartubeiti Baserri Museoak, 'Emakume ekintzaileak sagardogintzan' aldi baterako erakusketa berria zabaldu du, historian zehar sagardogintzan emakumeen zeregina ezagutzera emanez. Aldi baterako erakusketa berri hau uztailak 31arte izango da ikusgai.
Lourdes Odriozola historialariak burututako ikerketa lanei esker, XVI eta XVIII. mendeetan emakumeek sagardoaren munduan burututako eginkizunak jorratzen ditu zabaldu berri den erakusketa honek, eta baita garai hartako gizartearen egoera ere. Bestalde, sagardogintzan lan egiten duten emakumeen testigantzek lanbide honen egungo ikuspegiari ekarpena egiten diote.
Erakusketa hau Igartubeitiren genero ikuspegiaren lan ildoan kokatzen da, «landa inguruneko emakumeen zereginari argia eta ikusgarritasuna ematen laguntzen du, giza dimentsio hurbil batetik», azaltzen dute baserri museotik. 'Emakume ekintzaileak sagardogintzan' lau emakume ekintzaileen irudian oinarritzen da. Laurak, ausartak, azkarrak, injustiziaren aurrean izutzen ez direnak: María Labayen, María de Echevarría, Ana de Beroiz y Fagola eta María Josefa de Orobio.Odriozolaren azterketekin batera, Jokin Mitxelenaren ilustrazioak daude ikusgai, Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroan burututako ikerketa proiektuaren emaitza direnak.
Lourdes Odriozola historialariak burututako ikerketa lanetan jasotakoa isladatzen du erakusketa honekSagardogintzan lan egiten duten emakumeen testigantzek lanbide honen egungo ikuspegiari ekarpena egiten diote
Itzalpeko lana
Bestalde, 'Emakume ekintzaileak sagardogintzan' emakumeek sagardoari lotutako jarduera guztietan, garraioan, gizonak Ameriketan merkataritza bidaietan zeudenean baserriak aurrera eramaten egindako lana jakitera ematen du.
Lourdes Odriozolak bere ikerketan tira egiteko erabili dituen hariak auziak eta epaiak izan dira. Hauetan jasotzen diren testigantzek garaiko moralitatea, gizarte ohiturak... xehetasun ugari ezagutzeko balio dutelarik. Horrela, «lau emakumeak ezagutarazteaz gain, haien historiak aitzakia ere badira bizi izan zuten garaiaren berri emateko eta sagardoari lotutako ondarea lantzeko», azaltzen dute Ezkioko baserri museotik.
Bestalde, Jokin Mitxelena ilustratzaileak lau emakumezko hauek irudikatu ditu lortutako informazioa eta diseinu zein modan aditua den Ane Albisuren aholkularitzaz, garaian garaiko janzteko moduak oinarri hartuz eta orain arte ezezagunak ziren emakumezko hauei aurpegia jarriz.
Igartubeiti Baserri Museoa
Igartubeiti Baserri Museoan bakarrik dastatu eta bizi daiteke sagardo esperientzia erabatekoa. Igartubeitin barneratzean XVI. mendeko baserri paregabean sagardoaren kultura, ohitura eta giza balioa ezagutzeko aukera eskaintzen da.
Bertan bizi izandako familiaren eskutik, bisitariak interpretazio zentroan garai hartako bizimodua ezagutuko du ikusentzunezko baliabideen bitartez. Bestetik, aldi baterako erakusketen bitartez, Igartubeitik arte garaikidea eta naturaren arteko harremanari buruzko gogoeta ere egitera gonbidatzen du.
Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoko ordutegia ondorengoa da: asteartetik larunbatera eta jaiegunetan, goizeko 10:00etatik 14:00ak arte eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00ak bitartean; eta igandetan goizez bakarrik dago zabalik, 10:00etatik 14:00ak arte.