Sagardoaren lurraldea

Zapiain sagardotegiak irabazi du XIX. Sagardo Lehiaketa

Descripción

'XIX. Sagardo lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak' txapelketaren sari-banaketa gaur eguerdian egin da Gipuzkoako Foru Jauregiko Tronu aretoan, eta bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako jarduneko diputatua, eta lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztietako ordezkariak.

euskal sagardoa concurso de sidra de la diputación foral de gipuzkoa ganador concurso marca sidra premiado cosecha sidrería zapiain

Ficha

  • Fuente: Orain Gipuzkoa
  • Fecha: 2020-06-19
  • Clasificación: 5.6. Concursos
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-011220

Texto completo

‘XIX. Sagardo lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak’ txapelketaren sari-banaketa gaur eguerdian egin da Gipuzkoako Foru Jauregiko Tronu aretoan, eta bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako jarduneko diputatua, eta lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztietako ordezkariak. Astigarragako Zapiain sagardotegia izan da 17 sailkatuen artean irabazlea eta epaimahaiak sagardoetxe honek egiten duen sagardoaren kalitate analitiko eta organoleptikoa jarri ditu balioan.

XIX.edizioa honetan, azpimarratzekoa da parte hartzaile kopurua nabarmenki igo dela. Lurralde historikoko 27 sagardogile lehiatu dira XIX. edizio honetan eta iaz bezala, aurten ere, lortutako puntuazioaren arabera hiru kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea 72 puntutik gora, zilarra 65 eta 72 puntu artean, eta brontzea 60 eta 65 puntu artean. Jarraian, urre kategoria lortu duten sagardoen artean bigarren dastatze-fase bat egin da eta txapelduna aukeratu da. 60 puntuko minimoa lortu ez duten sagardotegiak dominarik gabe geratu dira, eta txapelduna berriz, bigarren dastatze-fasean aukeratu da, urrezko kalifikazioa lortu duten sagardotegi horien artean.

Hori horrela, Sagardo Lehiaketako 2020ko edizioan 17 izan dira 60 puntutik gora lortu dituzten sagardoetxeak: brontzezko kalifikazioa lortu du Petritegi sagardotegiak. Zilarrezkoa Iparragirre, Oiharte, Alorrenea, Gurutzeta eta Etxeberria sagardotegiek. Eta urrezkoa, berriz, Itxasburu, Gartziategi, Akarregi, Urdaira, Isastegi, Zapiain, Izeta, Altzueta, Lizeaga, Aburuza eta Zelaia sagardotegiek. Txapeldunetan txapeldun, ordea, Zapiain sagardoetxea gailendu da. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko sailkapena erakutsiko duena.

Bertako produktua kontsumitzeko deia

Markel Olanok azpimarratu du lehiaketa honen helburu nagusia dela bertako sagarrarekin egindako sagardoa, Euskal Sagardoa jatorri-izendapena, balioan jartzea, sustatzea eta saritzea: “Duela 3 urte ia ez zegoen sagastirik Gipuzkoan, eta sagardo gehiena kanpotik ekarritako sagarrekin ekoizten zen. Hala ere, sagardogintza tarte honetan asko aldatu da. Egun, Gipuzkoan ekoizturiko sagardoaren % 33 bertako sagarrarekin eginda dago eta Euskal Sagardoa deitura duen sagardoa egitera bideratzen da.” Horrez gain, Aldundiak sagardogintzaren sektorea sustatzen jarraituko duela gaineratu du Diputatu Nagusiak, “dirulaguntza lerroari jarraipena emanez jarraituko dugu, sagardoa % 100 sagar autoktonoarekin ekoiztera iristea baita helburua, izan ere asko dira onurak: bai prozesu guztiaren kalitate kontrola gauzatzeko, bai lehiakortasun handiagoa sortzeko eta baita Kilometro 0ren aldeko apustuarekin jarraitzeko ere”.

Diputatu Nagusiak aukera baliatu du herritarrei dei egiteko, “tokiko produktuari” lehentasuna eman diezaioetan beraien kontsumo jokabideetan, ez bakarrik “elikadura osasuntsu eta ingurugiro aldetik jasangarriaren berme” delako, baita “gure baserritarrei babesa eskaintzeko keinu gisa ere, gaur egungo une zailotan”. “Ez dezagun ahaztu garaiotan ikasitakoa, alegia, lehen sektoreak gure eknomiari egiten dion ekarpena. Aurre egiten ari garen errealitate berri horretan, gure baserritarron kalitatezko produktuak askoz ere protagonismo handiagoa izan behar du gure bizitzetan. Aldundiak bere gogo guztia jarriko du helburu horretan laguntzeko”, hitzeman du.

Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak Covid-19 ak sagardogintzari egin dion kaltea izan du gogoan eta azpimarratu du 15,5 milioi euroko krisi plana jarri dutela martxan, lehen sektoreari laguntzeko. “Krisiaren aurkako plan horretan, pandemiak gehien zigortutako azpisektoreak hartu ditugu kontuan. Horien artean dago sagardogintzak. Hori dela-eta, azpisektore horretarako dirulaguntza zuzen bat bideratzea erabaki du, egoera zail honetan babesa eskaintzeko. Oraindik xehetasun guztiak lotuta ez badaude ere eta sektoretik ekarpenak jasotzeko aukera irekia badugu ere, aurreratu dezakegu Gipuzkoan duden 70 sagardogileei zuzendutako dirulaguntza berria jarriko dugula martxan. Horren zati bat modu linealean banatuko da, kopuru finko batekin, eta bestea, berriz, Euskal Sagardoa egiteko ekoizten duten sagar kopuruaren arabera.”

Urtero bezala, Aldundiko Fraisoro Laborategiko dastatzaileek osatutako epaimahaiak egin du sagardoen lehen aukeraketa, eta haiek izan dira lehen sailkapenean urrea, zilarra eta brontzea esleitzearen arduradunak. Aurrez, aurkeztutako sagardo guztiei egin zaie aurrez analisi fisiko-kimikoa, dastatze organoleptiko fasera pasatzeko proba hau gainditzea ezinbesteko baldintza baita. Bigarren fasean urreen artean txapelduna aukeratzeko, aldiz, sagardotegiek beraiek proposatutako hiru pertsonek, Mikel Rodriguez, Andoni Eizmendi eta Mikel Garaizabal eta Fraisoroko dasta-paneleko hiru dastatzailek osatu dute epaimahaia. Txapelduna aukeratzeko, lagin guztien alderdi analitikoa eta organoleptikoa aztertu dira, eta dasta-panelak sagardoaren dastatze panelaren zentzumenezko analisiak egiteko metodoa jarraitu du.

3,2 milioi litro Euskal Sagardo

Sari banaketan 2019ko kanpainako datuak ezagutarazi ditu Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri-deiturako koordinatzaileak. Jakinarazi duenez, uzta handia izan da kopuruan, guztira 3,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira bertako 5,5 milioi kilo sagarrekin. “Sagardo lurrintsu eta orekatuak lortu dira, aurreko uztakoekin alderatuta arinagoak ahoan eta alkohol graduazio baxuagokoak orokorrean”.

Agirrek gaineratu jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela, sagarraren eta sagardoaren sektoreak eta erakunde publikoek elkarlanean egina. Aurten, berrikuntza gisa, Euskal Sagardoaren lehen katalogoa argitaratu da, sagardotegiek aurkezten dituzten Euskal Sagardo guztiak biltzen dira bertan, xehetasunez, eta gainerako oinarrizko informazioa ere bai. Katalogo bizia da, beraz, urtez urte eta uztaz uzta aldatzen joango dena.