Villa Ave Maria ingurua antolatzeko ideia lehiaketa deitu du Udalak
Descripción
VILLA Ave Maria inguruko eremua nola antolatu eta txukundu, honen bueltako proposamenak jaso nahi ditu Udalak. Hori dela eta, gai honetan adituak diren profesionalei zuzendutako ideia lehiaketa antolatu du eta lehiaketaren oinarriak duela gutxi jarri ditu www.hernani.net web orrialdean. Lehiaketara aurkeztu behar dena da Ave Maria ingurua txukuntzeko proposamena, alegia, ingurua paisajistikoki nola antolatu eta zein zuhaitz eta landare aldatu behar diren jasoko dituen proposamena. Aurkeztu beharreko guztia oinarrietan zehazten da, besteak beste: memoria, eskala zehatzean egindako planoak, eta gutxi gorabeherako aurrekontua.
hernani localización cultura concurso sagardo gunea sagardoetxea
Ficha
- Fuente: Urumeako Kronika
- Fecha: 2009-04-29
- Clasificación: 6.7. Pueblos
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-010434
Texto completo
Lehiaketaren epeak eta saria
Lanak entregatzeko epea ekainaren 22an bukatuko da, eta kontsultak eta informazio eskaerak egiteko maiatzaren 18an. Lanak udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira. Udalak inguruko plano topografiko originalak eta hirigintzako informazio osagarria utzi ditu Urbieta Kopiak dendan eta interesa dutenek kopia bat eskuratzeko aukera izango dute. Oinarriak betetzen dituzten lehiakideen artean, epaimahaiaren ustez lehiaketa honen helburuak eta irizpideak hobeto betetzen dituen lanari 6.000 euroko saria emango zaio. Beste bi sari ere banatuko ditu epaimahaiak, 3.000 eurokoak, interesgarriak iruditzen zaizkion beste bi ideientzat.
Parke publikoaren beharra
Inguru horretarako, 2007an, aurreko korporazioa udalean zela, Sagardogunearen aurreproiektua egin zen. Hernaniko Udalak azaldu duenez, orain, momentuz, ez da aurreikusten epe motzera Sagardogunea eraikitzea, baina inguru horretan parke publiko bat eraikitzeko beharra ikusten du. Oinarrietan bertan azaltzen denez, ingurua Hernani erdialdean dago kokatua, leku estrategikoan, eta Udalak uste du «espazio hori parke publiko gisa egokitzeko Obra Proiektu bat idatzi aurretik, Udalbatzak aztertu eta baloratu beharko lituzkeela dauden alternatiba funtzionalak eta ingurumenean eta paisaian esku hartzeko alternatibak. Horregatik, Udalak beharrezkotzat eta egokitzat jo du lehiaketa hau egitea». Lehiaketaren emaitza jakinda, Udalak egoki ikusten badu, parkea egokitzeko lana batzuk edo denak egiteko proiektua eskatu ahal izango dio lehiaketaren lehen saria eskuratu duenari.