XXXV Sagardo Eguna en Astigarraga
Descripción
Sagardun / publicaciones / boletín / Herri baten erroak / historia del Sagardo Eguna de Astigarraga / XXXV Santa Ana / Astigar Kultura impulsor / Zipotza
publicaciones boletín herri baten erroak sagardun zipotza
Ficha
- Autor: Lourdes Odriozola
- Fecha: 2010-09-01
- Clasificación: 3.6. Publicaciones
- Tipo documento: Revistas
- Procedencia: K151-12
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-001041
Texto completo
Sarrera Aurtengo Santa Ana Egunean, Astigarragak Sagardo Egunaren 35. urteurrena ospatzen du. Urteen joan etorriarekin, herritar askorentzako ohitura eta derrigorrezko hitzordua bilakatu da Sagardo Egun hau, beroren izpiritua belaunaldi batetik bestera helarazi delarik. Halere, gauzak asko aldatu dira 1976ko uztailaren 26a hartatik! 1976. urteko Sagardo Egunak sagardoaren inguruan antolatzen ziren jaien lehena eta geroa ezarri zuen, bai Astigarragan, bai Euskal Herrian ere. Lehena, lehendabizikoa izan zelako eta honenbestez, gainerako guztien eredu izan delako neurri handi edo txikiagoan; eta geroa, honen arira, “sagardoaren jaia”, sagardo munduko kulturaren dibulgazioa eta sagardoaren komertzializazioa beste ikuspuntu eta ulerkera batetik antolatzen hasi zirelako. Sagardo Egunaren sortzaile eta bultzatzailea, hamahiru-hogeita bederatzi urte bitarteko gazteez osaturiko Astigarragako talde bat izan zen, euren ezinegon eta kultur sentsibilitateak bultzata, “Astigar, Euskal Ohitura Sale Elkartea” delako kultura-elkartea sortu zutelarik. Urte batzuk geroago, Zipotza izan zen antolatzailea eta 2003. urtean, Sagardun Partzuergoaren eskuetara pasa zen jaia antolatzeko ardura. Astigar, kulturaren bultzatzailea Astigar taldeak 1976. urteko otsailean hasi zuen bere ibilbidea. Garai hartako kultur mugimendu ezaren aurka altxatzeko ahalegina egiten zuten gazte talde gisa sortu zen, Euskal Herri osoan zehar mobilizatzen hasi berri zen aurrerabide kulturalari bultzada bat emateko helburuz. Hori bai, beti ere alderdi politiko edo sindikatuetatik at. Hasieran oso baliabide gutxi izan zituen taldeak; ez zuten elkartzeko tokirik ere, baina kideen artean poza eta lan egiteko grina oso handia zen. Lehendabiziko egunetik, taldea osatzen zuten ehun kideak, Euskal Kulturaren baloreetan kontzientziazioa eta kulturizazioa sustatzen saiatu ziren –lehendabizi elkarteko kideengan, eta gero, herriko gazteri guztiarengan-, beroren berpizkundea lortzeko. Helburu honekin jarduera ezberdinak sortu zituzten, besteak beste: euskal dantza, solfeo, txistu, akordeoi eta euskara ikastaroak; esku pilota eta pala txapelketak; “Kultur asteak” eta gure historia, ohiturak, arbasoen bizimoduak eta sagardoaren kultura ezagutzera ematen zituzten hitzaldiak; mendi irteerak; argazki erakusketak; Olentzeroa eta Astigarragako Jaiak. 1984. urtean Astigar taldeak “Sagardogintzaren Museoa”ren sorrera bultzatu zuen, baina babes instituzionalik ez zuenez, ez zuen aurrera egin proiektuak. Ia hogei urte geroago, ordea, bere ateak ireki ahal izan zituen “Sagardoetxea, Sagardoaren Museoa” izenpean. Gaur egun, jarduera hauek guztiak ez dira elkarte honetan burutzen eta herriko beste erakunde batzuek hartu dute beren ardura. Besteak beste, sagardoaren kulturaren difusioa Sagardun-ek hartu du, Musikarena Musika Eskolak eta kirolarena Mundarrok. Aurrekariak Hala, eta Astigarragako Jaiei erreferentzia eginez, Astigarragako koadrilek utzitako testigua Astigar elkarteak hartu zuen eta 1979. urterarte, bertako beste erakunderen laguntza eta parte-hartzerik gabe antolatu zituen jaiak. 1976. urtean, jaietako egitarau erakargarri eta partehartzaile bat prestatzea pentsatu zuten eta horretarako jarduera ugari pentsatu zituzten, besteak beste: herri kirol erakustaldiak, euskal dantza eta eskulangintza, dantzaldiak, marrazketa lehiaketa, trikitrixen diana eta sagardo lehiaketa eta dastaketa. Sagardo lehiaketa zein dastaketak Santa Ana egunean ospatu ziren eta aurreko urterarte antolatu zen sagardo botatzaileen lehiaketa ordezkatu zuten, parte-hartzeko aukerarik ematen ez zuenez, aspergarria suertatzen baitzen herritarrentzat. Lehendabiziko dastaketa honetan Astigarraga eta Ergobiko sagardogile guztiek parte hartu zuten. Sagardogile bakoitzak berrogeita hamar sagardo botila oparitu zituen, baina oraindik urte dezente igaro behar izan zuten sagardoa eurek zerbitzatzen hasteko, beraien produktua merkatuan komertzializatzen hasi artean ez baitzuten horrelakorik egin. Astigar taldeko bazkideak joan ziren sagardotegi bakoitzera sagardo botilak jasotzera eta euren egurrezko kaxetan sartuta, “Arruabarrena” lokalean gorde zituzten uztailaren 26a bitartean. Sagardo Egunaren historia Dastaketa egunean, sagardo bakoitza ardo kupel huts bat zuen banako mahai batean aurkeztu zuten. Kupel hauek, Astigarragako ardo biltegi batek utzitakoak ziren eta sagardotegiaren izena zeraman kartel bat zuten apaingarri. Halere, aurkezpen hau nahiko eskasa geratzen zela ikusita, hurrengo urtean Astigar taldeko gazteek ibaiertzean hartutako kanaberak gehitu zizkioten aurkezpenari. Sagardoa dastatzeko “erritua” ere bestelakoa zen. Gaur egun norberak bere edalontzia hartuta dastatzen ditu sagardo ezberdinak, baina 1976. urtean, sagardotegietako ohiturari jarraituz, erakusmahai bakoitzean hamabi edalontzi zeuden eta urez beteriko ontzi terreina batean garbitzen ziren sagardoa hurrengoari zerbitzatu ahal izateko. Lehendabiziko Sagardo Egun honek izandako arrakastak, sagardogileak euren produktua kalean egoteak zuen garrantziaz jabetzeko balio izan zuen, baita Euskal Herrian beste Sagardo Egun batzuk antolatzeko ere. Ia bi hamarkada ostean, “Zipotza Elkartea”k Astigar taldearen testigua hartu zuen eta Sagardo Egunaren antolaketaren ardura hartu zuen Udalaren eta gainerako erakundeen laguntzarekin. Aurreko antolatzaileak bezala, jaia arrakastatsua izaten jarraitzeko ahalegina eta saiakera egin zuen: edalontzien salmenta bultzatu zuen sagardoa dastatzerakoan nork berea izan zezan, pintxoa dastatzeko ohitura ezarri zuen eta sagardogileak animatu zituzten sagardoa beren postuan zerbitzatzera. Sagardun Partzuergoa Honela 2003. urtera iristen gara, “Sagardun Partzuergoa” sortu zen urtera, gaur egun Astigarragako Udalak, hamahiru sagardogilek eta zazpi kultur taldek osatua dagoena, horien artean Astigar eta Zipotza daudelarik. Urte honetatik aurrera, Sagardo Eguna antolatzeko ardura Sagardun Partzuergoak bere gain hartu du eta baliabide gehiago izanda, jaia erakargarriago eta ezagunagoa egiteko, eta identitate zeinu propioak emateko, dimentsio berri bat eman dio ospakizunari. Sagardun Partzuergoak sagardoaren kultura herritarrengan zabaltzeko buruturiko apostuak jarduera ugari habiarazai ditu, besteak beste: - Ekitaldiak: SBE, Santa Ana eta Sagar Uzta - Sagardoetxea Museoko dokumentazio zentrua eta artxiboa: albiste, argazki, liburu eta dokumentuen bilketa eta katalogazioa. - Ikerketak: tolare tradizionalen ikerkerta etnografi ko eta historikoa. - Publikazioak: Boletina, Hiztegia eta newsletterrak. - Formazio ikastaroak. - Urtaro ezberdinetan berezituriko Sagardoetxeako bisita gidatuak. - Jarduera bereziak sagardotegietan: dastaketa gidatuak eta afari tematikoak. Hogeita hamabost urte hauetan eginiko bidea luzea izan den arren, Sagardo Egunera gerturatzen den jendearen izpirituak berbera izaten jarraitzen du. Sagardo Eguna jendea, eskutan edalontzia hartuta, eskualdeko sagardogileek ekoizturiko sagardoa dastatzeko, baloratzeko eta gozatzeko biltzen den eguna da, herriko jaietaz gozatzeko aukera paregabea. Lourdes Odriozola Historialaria