Jarri freskatzen
Descripción
Botilako sagardoak jauzia egin nahi du «merkatu berrietara»: Euskal Herri osora zabaldu nahi du, eta, bereziki, gazteen artean. Sektorearen inguruan erreportaje serie bat kaleratuko du BERRIAk datozen egunetan.
producción economía euskal sagardoa gorenak denominación de origen consumo marca sidra sidrería txotx
Ficha
- Autor: Jokin Sagarzazu
- Fuente: Berria
- Fecha: 2020-03-19
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Procedencia: www.berria.eus
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-010401
Texto completo
Lehenengoetarikoak izan ziren euren negozioak ixten. Eta, besteek bezala, ez dakite noiz zabalduko dituzten berriro. Oraindik goiz da jakiteko koronabirusaren krisiak nola eragingo dien, baina kolpe latza jasoko dutela argi dute sagardogileen elkarteek. Haiena sagardoaren produkzioa gainditzen duen sektorea baita.
Izan ere, sagardogileek euren etekinen %60 inguru lortzen dute ostalaritza zerbitzuetatik, txotx garaian zein urte osoan eskaintzen dituztenak. «Hori da gure diru sarrera nagusia; hori gabe, sagardo ekoizle askok itxi egin beharko lukete», azpimarratu du Ibon Aburuza Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakariak. Oraingo etenak eragingo dien zulo handia nola bete aztertzen ari dira: botilen salmentarekin soilik ezinezkoa izango dutela badakite, baina, neurri batean, beste erremediorik ez dute. Botilari bultzada berri bat emateko ere baliatu nahi dute egoera berria.
Euskal Herrian produzitzen den sagardoaren %86 botilatzen da; bestea, zuzenean kupeletik kontsumitzen da; txotx garaian, bereziki. Aurtengo uzta kontuan hartuta, gutxienez, 10,5 milioi litro komertzializatu beharko dute; eta gehiago ere izan daitezke, sagardotegi garaiaren etena dela eta. Eta diru asko dago jokoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, botilako sagardoak 15 milioi euro fakturatzen ditu urtean; Euskal Herriko edari produkzioaren %15,7 da hori.
Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izenaren kudeatzaileak azpimarratu duenez, koronabirusaren krisiak «trantsizio garai batean» harrapatu ditu sagardogileak: «botila indartzeko garai batean». «Lehen, txotxa egiten zen botilan zer sartu erabakitzeko; hortik sortu zen egun dugun esperientzia gastronomikoa. Baina horrek egokitu behar du».
Gertatzen ari den edo egin nahi den aldaketarekin bat dator Aburuza. «1990eko hamarkadetan egin zen saltoa: ostalari bihurtu ginen. Baina ahaztu egin genuen botila, ez genuen landu; behar duen tokia ez genion eman. Orain, bigarren jauzi baterako garaia da: oreka bilatu behar dugu ostalaritzaren eta botilaren artean». Agirrerentzat, argi dago zein den gakoa: «Kontsumitzaile berriak lortzea. Eta, horretarako, sagardoa bera izan behar da ardatza. Botilara itzuli behar gara, eta jakin behar dugu merkatuan birposizionatzen».
Saltzera irten
Aburuzak azpimarratu duenez, azken urteetan sektoreak inbertsio handiak egin ditu helburu horri begira, eta «asko profesionalizatu» da, produkzioan eta kontserbazioan, bereziki. Komertzializazioaren alorrean ikusten du hutsune nagusia. «Asko aldatu da. Lehen, sagardotegian erosten zuen jendeak, eta urte osorako. Orain, ez. Barietatea nahi dute: aldatu, probatu...». Horrekin bat dator Agirre. Sagardo produktoreen erronka nagusia hori dela azpimarratu du. «Saltzera atera behar dugu: merkatuak nola funtzionatzen duen eta nola saltzen den ezagutzera. Ari gara horretan».
Agirrek esandakoaren harira, Aburuzak «aldaketa handi bat» nabaritu du urteotan; bereziki, 2017an Euskal Sagardoa sor-marka sortu zenetik, eta, horrekin batera, instituzioen laguntzak «handitu» direnetik. «Berpizten ari da botila. Prestigioa eman zaio produktuari, eta erraztu da komertzializazioa». Agirrek gaineratu du «aldaketa handiko urteak» izaten ari direla sektorean: sagarraren ekoizpenetik hasita, eta ikerkuntzan, produkzioan eta merkaturatzean ere bai. Hein handi batean, berak ere azpimarratu du sor-markaren sorrerak eragin duela hori. Instituzioen babesari dagokionez, Agirrek argitu nahi izan du laguntzak ez direla mugatu merkaturatzera soilik, produkzio prozesu osora zabaldu direla. «Eta horrek eragin handia izan du kalitatean. Gaur egun, kalitate handiko produktua ari gara ekoizten».
Aurrera begira, sagardogileek bi erronka dituzte, Agirreren arabera: merkatua zabaltzea eta prezioa «kalitateari egokitzea». «Bertako merkatua ondo landu da, baina gehiago egin daitekeela uste dugu: dendetako linealetan ondo posizionatu behar dugu, eta ostalaritzan gehiago sartu behar garea: sagardo kartak sortuz, azalpenekin-eta, adibidez». Agirrek uste du sagardoak baduela merkatua, «potentzialtasun handiko» produktua delako. «Gurea da, Euskal Herrikoa, arina da, graduazio txikikoa...».
Gazteak erakartzea
Aburuzak, baina, zailtasun ugari ikusten ditu oraindik Gipuzkoatik kanpo saltzeko. «Ari gara, baina erronka bat da oraindik Euskal Herri osora iristea, Euskal Herriko merkatua sendotzea». Geografikoaz gain, badute beste erronka bat, Aburuzaren ustez: kontsumoa «urte osora» zabaltzea. «Lortu behar dugu sagardoa ez izatea soilik txotx garaian edo ospakizun jakin batzuetan kontsumitzen den produktu bat».
Aburuzak gazteengan jarri du begirada. Azpimarratu du botilak saltoki handietan ikusgarri jarri izanak eta sagardoak Agirrek aipatu dituen ezaugarriak izateak kontsumoa handitu duela. Horren harira, Agirrek garagardo egileek gazteak erakartzeko egiten ari diren lana azpimarratu du. «Ispilu interesgarria da guretzat marketinaren alorrean, diseinuan, produktu aniztasunean eta beste egiten ari direna».
Upategiak ere aipatu ditu Euskal Sagardoa sor-markaren kudeatzaileak. «Lan handia egin dute ostalaritza eta produkzioa uztartzen, eta, bereziki, sor-marken alorra lantzen, mahatsen aniztasuna eta produkzio moduetan ikertzen....».
Agirreren ustez, kalitatean jauzia egiteak ekarri beharko luke sagardoaren prezioa «duintzea» eta sektoreko beste langileen lana ere; bereziki, sagar ekoizleena.