Presentación del diccionario de la sidra (EUS)
publicaciones diccionario miel joxe astarbe museo sagardoetxea urkiri salaberria
Ficha
- Fecha: 2008-06-02
- Clasificación: 3.6. Publicaciones
- Tipo documento: Documentos de la actualidad
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: DO-000329
Texto completo
Sagardoetxea Museoak hiztegi bat kaleratu du, sagar eta sagardo munduko bostehun hitz ingururekin “Sagardoaren Hiztegia”, euskara eta sagardoa Sagardoetxea Museoak “Sagardoaren Hiztegia” argitaratu berri du, herri jakituriatik bildutako sagar eta sagardo munduko bostehun hitz ingururekin. Miel Joxe Astarbe izan da urte luzetan lan isil eta garrantzitsu hau egin duena, eta euskal herriko kultur ondarean eta usadioan zegoen hutsune bat betetzen du. Miel Joxe Astarbek sagardo munduko hitzak berreskuratu eta gordetzeko duen kezka aspaldikoa da, bera sagardo munduan hezi baitzen Mendiola baserria eta Astarbe Sagardotegian. 1983an, Astigar elkarteak argitaratutako Astigarraga aldizkariak eman zuen argitara bere lehen lana: ehun hitz dituen hiztegia, bere aitonak, Manuel Astarbek, eta bere aitak Jose Mª Astarbek, erakutsitako hitzekin batetik, eta bere esperientzia eta azterketek erakutsitakoekin, bestetik. Lan hau etengabe egin izan du bere bizitzan eta Sagardoetxea Museoa sortu izanak urte guzti horietako lana argitara ateratzea ahalbidetu du. Museoaren helburua da sagardo kulturaren inguruko gauzak berreskuratu, zaindu eta zabaltzea, kasu honetan hizkuntzari lotutakoak, generazioz generazio guganaino iritsi diren hitzak. Museoko Hezkuntza eta Ondasun Saileko Urkiri Salaberria lankide estua bihurtu da eta hiztegiaren proiektuko bultzatzailea, bere ideietako batean betez bete jotzen baitu: euskara sagardo munduan. Sagardoetxea Museoak euskaltegiekin hasitako bidetik sortu da Hiztegiaren egitasmoa, euskal kultura eta euskara sustatzeko helburuarekin. Hasierako pauso haiek bide egin dute eta herritar guztiei zuzendutako hiztegi bat argitaratzera iritsi gara, sagar eta sagardo mundua eta euskara maite dutenei bereziki. Bertan biltzen diren hitzak Miel Joxe Astarberen jakinduriatik eta artikuluetatik atereak dira, herriko ondarea, liburu tekniko eta espezializatuak, hemerotekak, web orriak... azken hamalau hilabeteetan lan handia eskatu duten iturri ugari. UZEI, Terminologia eta Lexikografia Euskal Zentroak, eman digu aholkularitza teknikoa, eta hiztegian bildutako hitzen zuzenketa egin du, elkarlanerako akordioari esker. Sagardoaren Hiztegiko edukiak Euskalterm Terminologia Banku Publikoko datu basera pasako dira. Hiztegia gaika bereizitako bost ataletan dago banatua, sagardoaren produkzioarekin zerikusia duten atalak guztiak, eta sagarraren lorearen bost petaloak irudikatu nahi ditu. Lehen lau ataletan hiztegiak gune bat, gauza bat eta ekintza bat aipatzen ditu, eta azken gaian Sagardoetxea Museoko leloa aipatzen du. Lehenengoaren izenburua da “Sagastia, Sagarra, Biltzea”, hurrengoa “Dolare, Patsa, Zanpatzea”, hirugarrena, “Upela, Muztio, Irakitea”, laugarrena “Ahoa, Sagardoa, Edatea” eta azken kapituluak “Herri baten erroak”. Sagardoetxea Museoak eskerrak eman nahi dizkie Sagardoaren Hiztegia egiten lagundu duten guztiei, publikazioan bertan agertzen diren horiei. Eskerrak eman nahi dizkie bereziki babesleei: Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua, Tolosako Laubide SL Mekanizatuak, Hernaniko Mitxelena S Coop Tailerrak eta Donostiako Alambre Estudioa. Sagardoaren Hiztegia. Datuak Argitaratzailea Sagardun Partzuergoa Egileak Miel Joxe Astarbe, Urkiri Salaberria Terminologia aholkularitza UZEI, Terminologia eta Lexikografia Euskal Zentroa Ilustrazioak Antton Olariaga Hitzak 495 Orrialdeak 84 Formatua A5 Ale kopurua 5.000