Sagardoaren lurraldea

45. Santa Ana 2020 - Liburuxka

Descripción

Folleto publicado con motivo de la celebración de la 45 edición de Santa Ana, donde se relata la historia y la evolución de este Sagardo Eguna más antiguo de toda Euskal Herria.

ocio astigarraga degustación gastronomía deporte rural cultura sagardo egunak sidra santa ana

Ficha

  • Fecha: 2020-07-26
  • Clasificación: 5.2. Días de la sidra
  • Tipo documento: Documentos de la actualidad
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: DO-002800

Texto completo

Azken 45 urtetan Sagardo Egunak festa egun bihurtu dira. Herrietako kultur eta kirol taldeek sagardogileekin batera, sagardoa botilatik eta herriko kaleetan dastatzen ematen dute eta asko dira beren egutegian garrantzia berezia hartu dutenak.
1976an Euskal Herriko lehenengo Sagardo Eguna ospatu zen Astigarragan eta hemendik aurrera, Sagardo Egun asko ospatu dira Euskal Herria osoko herrietan, Astigarraga izan delarik denen aitzindaria.

1976, urte berezia izan zen, herria askatasun gosez zegoen. Astigarraga orduan Donostiako auzoa zen, eta 15 urtetik 20 urte bitarteko gazte kuadrilla elkartu zen hainbat jarduera egiteko asmoz. Orduan sortu zen Astigar Elkartea (Euskal Ohiturazaleen Elkartea) eta honekin batera, Euskal Herriko lehenengo Sagardo Eguna ospatu zen Astigarragan.
Hala, urte hartako festa egitarauak erabateko aldaketa izan zuen: parte hartze handiko danborrada, 40 lagunek osaturiko soka dantza, oilasko jokoa, sagardo dastaketa, erakusketa eta abar.
Hurrengo lerroetan, Astigar Elkarteak bizitako esperientzia kontatzen da.

1976
Santa Ana egunean aspaldiko urteetan zehar sagardo lehiaketa egiten zen, baita sagardo botatzaileen lehiaketa ere, azken urteetan. Laster konturatu ginen horrek aldaketa bat behar zuela, ez zela batere erakargarria, eta, gainera jendea aspertu egiten zela. Bestalde, herriko gazte batzuek, Errioxako zenbait herritan, upategiek ardoa herritarrei eskeintzen zietela ikusi zuten.
Hori dena kontuan hartuta abiatu ginen lehenengo sagardo dastaketa antolatzera; Astigarraga, Ergobia eta inguruko sagardotegietara joan ginen egitasmo berria azaltzera, eta nola ez sagardoa eskatzera. Batzuek oso ondo hartu zuten ekimena, beste batzuek muturra pixka bat okertu zuten baina azkenean sagardo kaja emanez bukatu zuten. Beste batzuek eman bai, baina alboko sagardotegiak zer egin zuen galdetu ondoren, eta izan zen haizea hartzera bidali gituenik ere.
Eguna iritsi zen, goizean prestaketa lanekin hasi ginen. Sagardoa Goiko Iturriko urarekin freskatzen zen bitartean, postuak muntatzen hasi ginen. Postu bakoitza honela osatu zen: mahai handi bat, Astigarragako upategi bateko upel txiki bat mahai gainean, sagardotegiaren izena hari itsatsita txuri-gorriz guk egindako kartel txiki batean, eta alboan hiru edalontzi; edalontziak garbitzeko ur ontzi bat, kortxo-kentzekoa eta eskuzatar bat.
Guztia primeran atera zen, mundu guztia poz-pozik geratu zen, bai jendea baita sagardogileak ere; “Festa polita asmatu duzue!”, esaten ziguten kalean.
Hala ere, denak ez ziren gorespenak izan; hurrengo egunean upategiko jabeak bronka ederra bota zigun upel guztiak zulatuak zeudela konturatu zenean.
Hurrengo urteetan sagardotegiaren izena postua apaintzeko jarri ziren kañabera batzuetatik zintzilik jarri zen.

1987-1991
44 urtez Donostiako Udalaren parte izan ondoren, 1987an berriro ere Astigarragako Udala herri independiente bezala eratu zen. Egitura berri honetan, aldaketa asko izan ziren, besteak beste, festak antolatzeko orduan.
1991n Goldea Elkartea eratu zen, eta Zipotza Elkartearekin batera Santa Ana egunaren antolaketaz arduratu ziren.
Sagardo dastaketara berrikuntzak heldu ziren: egun horretarako diseinatutako edalontziak erosteko aukera izan zen.
Eta sagardoarekin batera, txorizo pintxoak banatu ziren dohain. Jendeak arkupetik postura zerbitzaria txorizoarekin ikusten zuen bezain pronto, beregana hurbiltzen zen pintxoak hartzera, eta askotan postura ailegatu baino lehen, zerbitzaria txorizorik gabe gelditzen zen.

2004
2003ko ekainean, Astigarragako Udalak, herriko kultur taldeek eta Astigarraga eta inguruko sagardotegiek Sagardun Partzuergoa eratu zuten. 2004an antolatu zuen lehenengo Sagardo eguna. Hemendik aurrera, sagardogilea izan da bere sagardoa herritarrei zerbitzatzen diena.

2005
Astigarragako foru plazan egiten ari diren lanak zirela eta, Santa Ana eguneko sagardo eguna Kale Nagusian egin zen. 40 urte hauetan tokiz aldatu den urte bakarra izan da.

2008-2009
Santa Ana eguna aste-bukaera tokatzen zela eta, Goldea eta Zipotza elkartekoek zenbait herri gonbidatzea erabaki zuten.
2008an Ezpeletako herria izan zen gonbidatua. Beraien produktu bereziena, Ezpeletako piperra, hainbat eratara dastatzeko aukera eskaini zuren, sagardoarekin batera. Arratsaldean, Iparraldeko herri kirol saioekin amaitu zen eguna.
2009an Zangozako herriaren txanda izan zen. Hauek musika, dantza, herri kirolak eta gastronomia uztartu zituzten. Hala, gazta, ogi-mamiak eta inguruko hainbat produktu dastatzeko aukera izan genuen, eta arratsaldean artzainak ardiei ilea mozten ikusi genituen.
Baina urte horretan bitxiena plaza erdian 10.000 litro inguruko upel bat eraikitzea izan zen. Goldeak antolatuta, Jose Manuel Sanchez upelgile asturiarrak etxetik dobelak eta uztaiak eginak ekarri zituen, eta goiza upela muntatzen igaro zuen.
Ikuskizun aparta goizekoa, ia galtzen ari den lanbidea bertatik bertara ikusteko aukera ederra izan genuen. Arratsaldean, upela enkantean atera zen eta azkenean Sagardun Partzuergoak eraman zuen, Sagardoetxean ipintzeko.

2010
Santa Ana eguneko XXXV. edizioa ospatu genuen eta festak parte-hartze handia izan zuen:15 sagardogilek parte-hartu zuten sagardo dastaketan, giro aparta izan den plazan eta 1.003 edalontzi saldu ziren.

2020
Santa Anaren 45. urteurrena ospatu eta jendearen parte-hartzea sustatzeko, aurten sagardo edalontzirako irudi lehiaketa antolatu dugu. 13 parte-hartzaile izan dira denera eta epaimahaiak erabakitako marrazki irabazlea Txemi Valdecantos-ena izan da.
Aurten koronabirusaren eraginez festa egoera berrira moldatuko da eta sagardo dastaketaz gozatzeko aukera izango da familiartean.
Historian zehar sagardogintzak urte gogorrak bizi izan ditu eta modu askotakoak izan dira sektoreak saihestu behar izan dituen arazoak, baina beti kreatibitatez eta berrikuntzaz gainditu ditu.
Sektorearen lehendabiziko krisi handia XVII. mendean iritsi zen artoa eta beste laborantza berrien sarrera eta zabalpena, ardozale kopuruaren handitzea eta balearen arrantzarako egiten ziren Ternuarako bidaien etenaldiaren ondorioz. Sagarrondoen landaketak alde batera utzi ziren eta sagardoa bertan kontsumitzeko produktua izatera pasa zen. Industrializazioak eta trenbidearen sorrerak ere beste kolpe gogor bat eragin zuen sektorean, familia askok baserria utzi eta hirigunera bizitzera joateko erabakia hartu baitzuen. Urumea bailaran kokatutako sagardotegiak izan ezik, ia denak desagertu egin ziren.
Zalantzarik gabe, koronabirusaren eraginez sortu den egoera hau erronka berri bat izango da sagardogintzaren sektorearentzat. Hala ere, zailtasunak zailtasun, argi daukagu sagardoaren sektorea, instituzio, kultur talde nahiz herritarren arteko elkarlanari esker egoera hau ere gainditzea lortu eta sagardogintzak aurrera egingo duela orain arte egin duen moduan.
Ezarritako segurtasun neurriak mantentze aldera, aurten ezingo dugu urteroko sagardo dastaketa Foru Plazan ospatu, baina horrek ez du Astigarragan hain berezia den egun hau ospatzeko aukera eragotziko, izan ere festa herritarren etxeetara gerturatu eta lagunartean zein familiartean Astigarragako 45. sagardo dastaketaz gozatzeko aukera emango duen pack berezi bat prestatu baitugu.
Bertan, sagardo dastaketaz gozatzeko beharrezko guztia aurkituko duzue:
- 2 sagardo botila.
- Santa Anako irudi lehiaketan irabazle suertatu den marrazkiarekin serigrafiatutako sagardo edalontzia.
- Santa Anako zapia.- Santa Anako liburuxka.
Festa etxeetatik haratago zabaltzeko asmoz, familiartean zein lagunartean gozatzen dituzuen sagardo dastaketen argazkiak zuen sare sozialetara igotzeko gonbidapena luzatzen dizuegu #santaana2020 traola erabilita eta argazki esanguratsuenak sari bat jasoko du. Argazki guztiak bildu eta bilduma bat argitaratuko dugu sare sozialetan herritarrek sagardo egun berezi hau nola ospatu duten ikusi ahal izateko.
Honetaz gain, Santa Ana egunean bideo bat argitaratuko dugu Astigarragako Udaleko webgune eta sare sozialetan Euskal Herriko Sagardo Egunik zaharrena denari omenaldi xume bat egiteko asmoz. Hemen izango duzue ikusgai:
- www.facebook.com/Astigarragako
- www.twitter.com/AstiarrakoUdala
- www.youtube.com/channel/UCY70QwHDRG4hPY_lXfUxNuA
- www.astigarraga.eus
Azken batean beti herritarrak izan dira sagarra eta sagardoaren sektorearekin batera eta Udalaren laguntzarekin sagardoaren kultura bizi izan dutenak eta ezagutzera emateko prest egon direnak. Bide horretan aurrera jarraituko dugu etorkizunean ere sagardoaren kulturak batu gaitzan.
Ondo pasa!