Sagardoaren lurraldea

Sagarra izan zen protagonista Errezilen

Descripción

Herriko zortzi baserrik parte hartu zuten sagardultze lehiaketan eta Basabeko Maria Luisa izan zen garaile. Ohitura den bezala, goizean zehar sagardoa nola egiten den erakutsi zuten frontoian jarritako tolarearekin

ocio feria caserío errezil gastronomía concurso mosto dulce de manzana feria de la sidra sidra manzana

Ficha

  • Autor: Yarza
  • Fuente: El Diario Vasco
  • Fecha: 2017-12-04
  • Clasificación: 5.4. Ferias
  • Tipo documento: Prensa
  • Procedencia: Gipuzkoako Foru Aldundia - Iñaki Larrañaga
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P33-95
  • »
  • Código: NA-009789

Texto completo

Elurrari eta hotzari aurre eginez herritar eta bisitari ugari gerturatu ziren atzo goizean Errezilgo frontoian ospatu zen Sagardo Azokara. Herriko Ibarbi sagarra izan zen protagonista nagusia azokan, Errezil Sagarra elkarteak urtero antolatzen duen ekitaldian, baina sagarraz gain, fruitu horiekin egindako hainbat produktu ere erosi ahal izan ziren. Besteak beste, muztioa, sagar-dultzea, tartak edota likoreak, saldu ziren bertan.

Herriko hamabi baserriek osa-tzen dute Errezil sagarraren elkartea eta atzokoan horietatik bostek parte hartu zuten azokan: Basabe, Irure, Lizarreta Errota, Mugarrieta, Aranguren eta Errezilgo Azokako emakumeak.

Ohitura den bezala, goizean zehar sagardoa nola egiten den erakutsi zuten frontoian bertan jarritako tolarearekin. Lehenengo sagarrak zanpatu zituzten, ondoren guztia tolarean sartuz muztioa egiteko. Edaria gero bertaratuen artean banatu zen arrakasta handiarekin. Txikienek kixkiarekin sagarrak biltzen ere jardun ahal izan zuten, garai batean sagarrak nola jasotzen ziren ikasiz.

Era berean, goizean zehar sagar-dultze lehiaketa antolatu zen. Herriko zortzi baserrik parte hartu zuten etxean egindako sagar-dultzeekin. Azokako bisitariek denak dastatzeko aukera izan zuten, gustukoenari botoa emanez. Amaieran boto guztiak zenbatu ondoren, Basabe baserriko Maria Luisak egindako sagar-dultzeak eraman zuen Errezilgo Azokako produktuez osatutako saria.

Gainera, pintxoak eta gaztaina erreak dastatu ahal izan ziren eta artisautza postuak ere izan ziren, besteak beste Lourdes Urrestarazuk egindako lore lehorrak eta Islandiako artile ekologikoarekin egindako txanoak, Iñaki Agirrezabalaren saskiak, Ezamako egur tailak edota Chernobilgo lagunek Ukrainiatik ekarritako artisautza produktuak, eta Jakoba Errekondo ere izan zen, baratzeari buruzko liburuekin. Agirrezabalaren postuan haurrek etxera eramateko saskiak egin ahal izan zituzten, azokako oroigarri bezala.

Bestalde, frontoiaren kanpoaldean Albaola Itsas Kultur Faktoriako kideek Pasaian eraikitzen ari diren San Juan itsasontzirako piezak egiten aritu ziren antzinako erremintak erabiliz, bertan egiten duten lana aurkezten eta bisitariei gerturatzen zieten bitartean. Hauen ondoan, Urretxu-Zumarragako ikastolako gurasoek Kilometroetako produktuak saldu zituzten goiz osoan.