Sagardoaren lurraldea

Sagardoaren iragana eta etorkizuna, 'Sagardogile' liburuan

Descripción

Gipuzkoako 19 sagardogileren testigantzak bildu dituzte Joxemi Saizarrek eta Joseba Urretabizkaiak liburuan, belaunaldi jakin bateko sagardogileen lana aitortzeko helburuarekin.

presentación fraisoro historia joseba urretabizkaia joxemi saizar cultura sidra sagardoetxea libro sagardogile sidrero sidrería

Ficha

  • Autor: Jon Miranda Labaien
  • Fuente: https://ataria.eus
  • Fecha: 2018-10-19
  • Clasificación: 2.6. Oficios
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • »
  • Código: NA-008140

Texto completo

Sagardo ekoizleek historikoki egin duten lana aitortu eta transmisiorako tresna izatea da liburuaren helburua. Sagardogile argitalpenean elkarrizketatu dituzten sagardozale guztiak 65 urtetik gorakoak dira, emakume bat eta 18 gizon. "Tradizioa eta modernitatea uztartuz, artisau izatetik profesional izatera pasatu dira denbora gutxian", esan du Joxemi Saizar egileak, Zizurkilgo Fraisoro laborategian egindako aurkezpen ekitaldian. "Azken 40 urteetan galtzear zegoen tradizio bat berreskuratu, indartu eta modernizatu dute. Instalakuntzak hobetu dituzte, hozte sistemak sartu dituzte eta elaborazio eta botilaratzeak mekanizatu. Baserritar izatetik, upategia kudeatzera, komertzial, enpresari eta ostalari izatera pasa dira, lanbide asko ikasi behar izan dituzte oso denbora gutxian".

Saizarrek aitortu duenez, XI. mendekoak dira sagardoaren lehen aipamenak eta 1931n Gipuzkoan zortzi milioi sagardo litro ekoizten zituzten 800 sagardotegitan. 1967an, berriz, 1,25 milioi litro ziren. "60ko hamarkadan ia desagertzear egon ziren sagardotegiak eta pertsona hauek egindako lanari esker XXI. mendeko kalitatezko edaria da gaur egun sagardoa, mundu osoan ezaguna".

Sagardogileei aitortza egin die, baita ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko nekazaritza zuzendari Xabier Arrutik: "Sagardogile hauen ibilbideari aitortza egiteko lan bat da". Foru Aldundiak lagundu du liburu hau eta Fraisoro Eskolarekin, Sagardo Mahaiarekin eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin elkarlanean ondu dute Saizarrek eta Urretabizkaiak. Elkarteko ordezkari Olatz Mitxelenak ere eskerrak eman dizkie sagardozaleei, "garai batean egindako lanagatik, gaur egun lanean segitzeagatik eta ondorengoei aukera emateagatik lan hau eta ofizio hau bizitzeko".

Hain zuzen, Sagardo Mahaia eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin batera, bertako sagarrarekin egindako sagardoaren alde egiten ari diren lana nabarmendu du nekazaritza diputatuak. "Eusko Jaurlaritzarekin batera ari gara elkarlanean bertako sagarrarekin egindako sagardoa sustatzeko", aipatu du Arrutik.

Tolosaldekoak tartean

Liburuan 19 sagardogile beteranoren testigantza jaso dute eta tartean dira Adunako Aburuzako Juan Jose Aburuza, Ikaztegietako Begiristaingo Jose Gregorio Begiristain, Tolosako Isastegiko Jose Mari Lasa eta Tolosako Eguzkitzako Rufino Cipitria. Liburuaren egile, Saizarrek aipatu duenez, liburuaren sarrera historikorako, beste tolosar batek, Jose Uria Irastorzak duela 40 urtetik gora idatzitako liburua hartu du oinarri.

Xibarit argitaletxeak eman du argitara Sagardogile liburua, 258 orrialde dituena eta argazkiz ederki hornituta datorrena. Joseba Urretabizkaia edizio arduradunak aipatu duenez, "euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dugu eta hasiera batean mugatua izango da tiraldia, 500 ale baino ez ditugu atera".

Liburu dendetan eta Astigarragako Sagardoetxean egongo da salgai, eta hain zuzen, larunbatean toki horretan bertan egingo dute jendaurreko aurkezpena 12:00etan. Liburuan elkarrizketatu dituzten 19 sagardogileak eta haien ingurukoak gonbidatu dituzte ekitaldira eta interesa duten herritarrek ere bertaratzeko aukera izango dute.