Sagardoaren lurraldea

Belaunaldi berriei bidea zabalduko die Sagardo Egunak

Descripción

Arramendin aurkeztu zuten atzo arratsaldean Sagardo Egunaren 30. aldia. Larunbatean egingo dute egun osoko sagardoaren festa handia, eta 39 sagardotegik hartuko dute parte. Goiz partean, Gorena markaren sagardoa dastatzeko aukera izango da, eta arratsaldean, berriz, Gipuzkoako sagardo Egileen Elkarteeko sagardotegiek eskainiko dute sagardoa: Aburuza, Araeta, Astarbe, Iparragirre, Bereziartua, Lizeaga, Petritegi eta Oiarbidek, zehazki.

degustación asociación de sidra natural de gipuzkoa gorenak orereta sagardo egunak sidra

Ficha

  • Autor: Ikerne Zarate
  • Fuente: Oarsoaldeko Hitza
  • Fecha: 2018-04-25
  • Clasificación: 5.2. Días de la sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • »
  • Código: NA-007855

Texto completo

Betiko agertokian aurkeztu zuten Sagardo Eguna, zapiak lepoan orain arte bezala, baina berritasunik bada. Atzo bertan jakinarazi zuen erreferente bihurtu den jaia antolatzeko batzordean orain arte aritu den lan taldeak, antolakuntza utziko duela. Agur esango dute, eta 30. ekitaldia borobila eta egokia iruditu zaie horretarako, eta belaunaldi berriei lekukoa pasatzeko. Zirraraz deskribatu dute Sagardo Eguna 30 urte hauetan jai handia posible egin dutenek, “eguerditik lehertzen den egun zoragarria da, jendea gustura ikusten da elkarrekin berriketan, sagardoa eta pintxoak dastatzen”.

Atzera begira ere jarri dira, sustraietarako bidaia ezinbestekoa baita etorkizunari begiratzeko, eta gogora ekarri dute hasierako “festa txiki hura, boluntario eskuzabalen lanari esker egi bihurtu dena urtez urte”. Herriak herriari eskainitako festa, horrela definitu dute antolatzaileek Sagardo Eguna, “sagardoaren bueltan handitzen eta sendotzen joan den festa, beti ere elkartasunaren izpiritu berberarekin”.

Jendea, hori omen da gakoa, baita Sagardo Egunaren alderik inportanteena, “pertsona talderik gabe, ez baitago ezer antolatzerik, eta helburuak hutsaldu egiten baitira”. Sagardo egunaren meritua taldearena dela beraz, argi dute, elkarte, kuadrilla, komertzio, sagardo egile, musika eta dantza talde eta bakarkako boluntarioena, “hor dago Sagardo Egunaren gakoa”.

Ziklo bat amaituta, belaunaldi berri bati lekukoa emateko garai dela diote, “lan batzorde sendoa, berritzailea, eta gogotsu bat behar du Sagardo Egunak. Hala bedi”. Hiru hamarkada luze eta emankorretan Sagardo Egunaren antolaketaren bueltan aritutako guztiei esker ona azaldu diete, “ahaztezina izango baita guretzat Oreretako Sagardo Eguna barrutik bizitzea zer den”.

Ez daudenak omentzeko sagarrondo bana

Antolatzaileek larunbateako festaren gaineko xehetasunak aletu zituzten Goizeko saioari 12:00etan ekingo diote Foru plazan. Goizean Gorena markaren sagardoa eskainiko dute postuetan. Arratsaldean, 18:00etan Zumardia hartuko du sagardoaren festa handia. 18:00etatik aurrera, txalapartari, irrintzilari eta giro apartarekin, Aburuza, Araeta, Astarbe, Iparragirre, Bereziartua, Lizeaga, Petritegi eta Oiarbide sagardotegietako zukuak dastatzeko aukera izango da.

Atzoko agerraldian, Sagardo Eguna posible egin eta aurten zendu diren hiru lagun omendu zituzten. Lore sorta jaso zuten Joxe Angel Parada, Paco Sanz eta Paki Perezen senideek, hiruren omenez sagarrondo gazte bana aldatu zuten Arramendiko magalean dagoen herri sagastian, eta bertsolariak ere eskaini zien saioa. Iparragirre sagardotegiko hil berri den Antoniori ere egin zioten aipamena. Haren senideek ere lore sorta jaso, eta sagarrondo gaztea landatu zuten.

Sagardo Egunaren laguntzaileak ere omendu dituzte aurten. Lasarteko Otegi Sagardotegia eta Oarsoak-Birlagun izan dira omenduak eta Antton Mendizabalen eskultura eta lore sorta bana jaso zuten.

Txalaparta doinuek zabaldu zuten agerraldia aurreskuak itxi zuen, txalo artean.