Sagardoaren lurraldea

¡Txotx y potx!

ocio gastronomía cultura sidra sidrería manzana txotx

Ficha

  • Autor: Aitor Manterola
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2010-01-19
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-000422

Texto completo

Hasi da sagardo garaia. Urteroko erromesaldia Astigarraga eta Hernanira. Realak eman dio hasiera. «Gure sagardo berria!» bota zuen Aperribai presidenteak, Aranburu eta Lasarte alboan. Bizi-bizi atera zen likido horixka upeletik. Reala ere halaxe dabil. Real Unionekoak ostegunean joan ziren sagardotegira. Hango sagardo gozoak ez zien onik egin, baina. Berriro ere galtzaile igandean. Sagardotegian txotx eta futbolean pot. Athleticek sagardoa baino garagardoa nahiago du. San Miguel enpresa du babesleetako bat, eta ekimen berritzailea jarri du abian enpresak. Zaleak, klubaren historia eta publizitatea uztartuz. Larunbatekoa itzela izan zen. Zaleak dira Athleticen publizitate onena. Hainbeste sagardo, garagardo eta festa ondoren, Osasunarekin akordatu behar. Osasuntsu dagoela erakutsi zuen larunbatean. Azterketako emaitza ona izan zen. Kanpotik,ondo Nafarrak gaixo antzean zelairatu ziren larunbatean. Gaixo kolorez. Ahul eta indarge. Baina epaileak txistua jo eta kolore horixkak gorri jartzea, eta ahultasuna sendotasun bilakatzea bat izan ziren. Hori da hori hasiera. Camacho bera ere hegaletik gora igotzekotan egon omen zen, baloia hartuta, jokalaria zeneko aspaldiko garaia gogoan. Hori da hori sua. Aspaldiko partez, zaleak gustura eta pozik zeuden. Aspaldiko Osasuna onena ikusi zutelako. Osasuntsuaren itxura eman zuen. Sendatu ote da ba taldea? Azken asteetako buruko minik ez dauka, behintzat. Ikusmena ere ondo du, baloia atearen barrura botatzeko gai direla erakutsi baitzuten. Entzumena ere primeran, Camachok aurreko astean bota zien mezu gordina ederki entzun dutelako jokalariek. Baina gorputzaren organo funtsezkoak ondo dituen edo ez jakiteko, azterketa gehiago egin behar ditu. Gibela, giltzurrunak, bihotza eta beste ondo dituen edo ez datozen asteetan jakingo du Osasunak. Mozkortuta bezala Karpa batzuk jarriko ditu San Miguel enpresak San Mamesen datorren zapatuan eta igandean. Athleticeko zaleek izan duten unerik onena edota sentituena kontatu beharko dute, kameraren aurrean. Enpresak zale batzuk hautatuko ditu gero, eta klubaz eta bere buruaz egingo duen iragarkian aterako dira. Kontatuko dituzte Zarraren golak. Goratuko dituzte Iribarren geldituak. Gogoratuko dituzte tituluak. Larunbateko partida ere ahotan hartuko du norbaitek. Eta entzungo da Iraizozen izena. Atezainaren geldiketak eta urruntzeak kontatzeko beharko ditu ordu pare bat. Lan asko izan zuelako. Mingain zitalek diotenez, Real Madrileko izarrak San Miguel mordoa edanda baleude bezala aritu ziren futbolean. Mozkortutakoan dena bikoiztuta ikusten da, eta hauxe aitortu omen zioten entrenatzaileari: «Jauna, atera begiratu eta bi, hiru eta lau Iraizoz ikusten genituen. Ez genuen zulorik ikusten». Lan alferra Ostegun iluntzean, Real Unioneko jokalariek ez zituzten joan-etorri asko egingo Rezola sagardotegiko upeletara. Zaindu egin behar. Hortaz, upelak ireki eta itxi ibiltzen den langileari lan gutxi emango zioten. Pentsatzen jarrita, badute antzik Iruneko klubeko jokalarien lanak eta sagardotegiko langile horren jardunak. Hasi iluntzean eta gauean amaitu, beti gauza bera egiten du langileak. Upelak ireki eta itxi. Ordu batzuetan jende bera ikusten du. Hasieran gero baino serioxeago datozkionak. Aspergarri samarra lana. Futbolariena ere aspergarria izaten ari da sasoi honetan. Astea joan eta astea etorri gauza bera egiten dute. Diotenez, aste barruko lana oso ona da. Baina astebururo, kale. Sagardotegian, mahaitik upeletarako erromesaldia bezala, halaxe igarotzen ari zaizkie aurkariak jokalarien muturren aurretik. Partida hasieran gero baino serioxeago. Bukaeran pozarren. Hiru puntuen algara betean. Astebururoko jardun berbera etsigarri bihurtzeko arrisku handian dira jokalariak. Etsipenak konfiantza eza dakar. Konfiantza faltak ezintasuna. Ezintasunak porrotak. Eta porrotak Bigarren B Maila. Sagardotegiko langileak ziriarekin ziztatu beharko ditu jokalariak hurrengoan. Errazegi Reala sasoi honetan, bestela esanda. Astea joan eta astea etorri puntuak pilatuz. Gehienetan hirunaka. Aurkariak beldurrez begiratzen diote. Errukiz. Baina Realekoek ez dute gupidarik. Aise antzera irabazten ari dira, larunbatean zailtasun batzuk nozitu arren. Realak edan zuen sagardoa joan zen astean, baina ematen du aurkariak daudela mozkortuta. Halakoa da txuri-urdinen nagusitasuna! Ematen du aurkariak zeharo txarrak direla. Beste maila batekoak direla. Sagardotegi garaian, hondartzako futbol txapelketetan hau gertatzen da: talderen bat bezperan sagardoa mordoa edanda azaltzen da partidara, Astigarraga edo Hernani aldetik jira eginda, eta aurkariak aise irabazten dio. Partida jokatzen hasi orduko ikusten da zer gertatuko den. Lehenago edo geroago, sartuko ditu golak parrandan ibili ez denak. Realaren partidetan antzekoa da egoera: ikusi egiten da orain edo gero irabazi egingo duela. Batez ere, Anoetan. Mozkorraldi gozoan bizi da Reala. Txotx eta txotx! Pot ez egiteko ziurtasun osoz.