Sagardoaren lurraldea

Cosquillas

Descripción

Eventos / Sagarrondotik 2004 / Juan Gorriti / escultura / programa

ocio programa escultura cultura sagarrondotik

Ficha

  • Autor: Amagoia Mujika
  • Fuente: Noaua aldizkaria
  • Fecha: 2004-02-06
  • Clasificación: 5.8. Otros
  • Tipo documento: Revistas
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-002870

Texto completo

Sagarrondotik jaialdia. Zer da hori? Handik edo hemendik begiratu desberdina da. Kanpotik begiratuta, paretean dagoen kartelaren aurrean jarrita, sagardoaren inguruan antolatutako festa handi samarra da. Parrandarako aitzakia polita izan daiteke. Tripetatik begiratuta, kartel bihurtu behar den orri zuriari begira jarrita, izugarrizko erronka da, lana, endredoa askotan. Hamaika arazo, erantzun onena espero duten hamaika telefono dei, zapore gozoarekin bukatu nahi diren hamaika bilera, hamaikari hamaika mesede eskatu beharra, hamaika buruhauste… eta momentu gozoren bat tartean. Antolatu beharrak eta ondo antolatu nahiak urduritasuna dakar, urduritasunak kilimak sortzen ditu sabelean, kilimek azkazalak jaten dizkizute eta gerta daiteke egun batez gutxienez irribarre egiten ahaztea. Eta egun batez baldin bada gaitzerdi. Zurrunbilo horretan Juan Gorriti eskulturgilearen etxera joatea egokitu zitzaigun, Nafarroako Arribera, hain juxtu Sagarrondotik jaialdirako lantxo bat enkargatzera. Eginbeharren zerrendan geneukan apuntatuta: Gorritirekin hitz egin. Eta urduritasunaren kilimak bestelakoak bihurtu ziren orduan; umetan aitona zenak egiten zizkidan kilimen usaina hartu zuten. Gorritiren lehenengo bi muxuak hartzerako sentitu nituen bere bizarrak eginiko kilimak masailetan, gozogozo, eta ordurako susmatu nuen arratsalde hura berezia izango zela. Kilimak ez ziren gelditu, arratsalde guztian sentitu nituen bihotz ondoan eta sabelean. Bikaina da Gorriti. Nire kilimen usaina desberdina da ordu ezkero. Eta zereginen zerrendatik kendu dut. “Gorritirekin hitz egin” Sagarrondotik jaialdiak egin dizkidan oparien zerrendara pasatu dut. Horixe nahi luke Sagarrondotik jaialdiak, zuei denoi kilima gozoak egitea. Eta prestatutako egitaraua, antolatutako guztia, mimo izugarriz egina dago, Gorritik bere eskulturak egiten dituen moduan eta lagunak hartzen dituen eran. Sagardoaren kultura sustatzea da nahia, baina, urrutirago; gerturatzen diren denei eta gerturatzen den bakoitzari momentu on bat, gozo bat pasaraztea da erronka, kilima txikiak egitea. Sagarrondotik 2004 jaialdiko irudia kosk egindako sagarra da. Sagarra prest-prest izango duzue otsaila bukaerako. GOGOZ KOSK EGIN!