Sagardoaren lurraldea

Música de manzanas

ocio arizkun elizondo kirikoketa besta cultura fiesta de la manzana manzana

Ficha

  • Autor: Iñigo Astiz
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2009-10-22
  • Clasificación: 5.3. Fiestas de la manzana
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-000276

Texto completo

Arizkun. Garai batean egiten zen moduan egin ahal izango da sagardoa larunbatean, Kirikoketa bestan. Hamargarren urtez ospatuko dute Kirikoketa besta larunbatean Arizkungo Gamioxarrea dolaretxean, Nafarroan. 11:00etan hasita, XVIII. mendean egiten zen bezala egin ahal izango dute sagardoa bertaratzen diren guztiek. Eskura izango dituzte horretarako beharrezko tresna guztiak, eta nork bere izerdiz lorturiko zukua dastatzeko aukera ere izango da gero, gainera. Garai hartan sagarrak jotzeko erabiltzen zen tresnaren izena da kirikoketa, eta horregatik jarri zioten izen hori bestari. Ez lan tresna hutsa delako soilik, ordea, musika tresna gisa ere erabiltzen baita kirikoketa. Hala, larunbateko festak ere bi alor horiek batzen ditu, eta goizez sagardoa egiten aritu ondoren, arratsaldean musikaren tartea izango da nagusi. Lana lehenik, eta kanta ondoren, sagarren musika ezagutzeko. Lan eta kanta artean, baina, bazkaria izango da herriko pilotalekuan. Zikiro jatea izango da 14:30ean, eta gaztainak eta pintxoak ere jan ahal izango dira sagardo lanak bukatzean. Musikaren tartea helduko da gero, bazkalondoan. Baztango Kirikoketariak ariko dira, lehenik, eta baita Amaiurko eta Iparraldeko txalapartariak ere. Ondoren fanfarrea izango da MiFa eta Haizegoa taldeekin. Mikelats dantza taldearen ikuskizuna izango da gero, eta ikustearekin aski ez eta dantzatzeko gogoz direnek herri dantzak izango dituzte Mikelatsekoek bukatzean. Gau aldera kontzertuak izango dira, Komando Kastaña eta antolatzaileek sorpresa gisa utzi nahi izan duten beste talde batekin. Gamioxarrean, bosgarrena Festa antolatzen hasi zirela hamar urte badira ere, bosgarrenez ospatuko da Arizkungo Gamioxarrea dolaretxean. Elizondon izaten zen lehenago festa, baina 2005ean dolaretxea auzolanean konpontzearekin, festa Arizkunera eramatea erabaki zuten antolatzaileek, eta han ospatzen da orduz geroztik. Egun oraindik erabiltzen den gisa horretako dolaretxe bakanetariko bat ezagutzeko aukera izango dute larunbatean bertaratzen direnek. KIRIKOKETA BESTA Non. Arizkunen (Nafarroa). Noiz. Larunbatean, goizeko hamaiketan hasita. Zer. Sagardo egitea, kirikoketa jotzea, kontzertuak, fanfarrea…