Sagardoaren lurraldea

Astigarraga eta Hernanik bisitariei zuzendutako mezua: "Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura!"

Descripción

Aurreko astean hasi zen txotx denboraldia Astigarragan eta Hernanin. Sagardoena sektore garrantzitsua da bi herrietan, ekonomikoki eta kulturalki. ...

ocio astigarraga proceder hernani sidra sidrería temporada del txotx

Ficha

  • Fuente: naiz:
  • Fecha: 2024-01-25
  • Clasificación: 2.4. Txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016686

Texto completo

Astigarraga eta Hernaniko udalek arduraz jokatzeko eskaera bateratua egin dute, txotx denboraldiaren harira. Gipuzkoako foru Aldundiari eta Lakuako Gobernuari bilera bana egiteko eskatu diete ere egoerari aurre egiteko martxan jar daitezkeen ekimenak aztertzen hasteko.
Aurreko astean hasi zen txotx denboraldia Astigarragan eta Hernanin. Sagardoena sektore garrantzitsua da bi herrietan, ekonomikoki eta kulturalki. Izan ere, udalek aitortzen dutenez, aintzat hartzeko jarduera ekonomikoa izateaz gain, «nortasun berezi bat ematen digu sagardoak, eta horri garrantzia ematen diogu».

Alabaina, udalerriko agintariek ostegun honetan nabarmendu dutenez, «azken urteotan jende andana bat iristen ari da bi herrietara, eta hori alboko kalteak sortzen ari zaizkigu. Askotan, kudeatzeko zailtasun handiak ematen dizkigu bisitarien presentzia masibo horrek, eta hori dela-eta, idatziz eskatu diegu bai Gipuzkoako foru Aldundiari eta baita Eusko Jaurlaritzari ere, bilera bat egin dezagun egoerari aurre egiteko martxan jar daitezkeen ekimenak aztertzen hasteko».

«Gogoratu behar dugu sagardotegi garaiko larunbatetan, bereziki otsail erditik apiril bukaera arte, gure herrietara datorren jendetzak bizikidetza arazoak sortzen dituela. Horri aurre egiteko, beraz, berriz ere martxan jarri dugu kanpaina berezi bat, aurtengo kasuan, bi herriek elkarrekin», gaineratu dute. Izan ere, iaz Hernanik bakarrik jarri zuen kanpaina hau indarrean. Aurten Astigarragak ere bat egin du berarekin.

Kanpaina honen bidez gogorarazi nahi dietu txotx garaiaren aitzakian bi herriak bisitatzen dituztenei, ez dutela jarrera matxistarik eta arrazistarik onartzen, eta horien aurkako protokoloa martxan izango dutela. Kanpainaren leloa, iaz bezala, honako hau da: ‘Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura!’.

«Ardura hartzeko eskatu nahi diegu bai erasoak egiten dituztenei, eta baita erasoak egiten dituztenei planto egiten ez dietenei», adierazi dute, eta horren baitan, iaz baliatu zituzten hainbat lelo indarrean izango dituztela ohartarazi dute : ‘Zu lololo eta bitartean bizilagunak lo egin ezinda’, ’Erasoak eraso dira, baita zure lagunak egiten dituenean ere’, ‘Txinita, moro, beltza...ez da inoren izena, baina izena du: arrazakeria’, ‘Guk sinisten dizugu. Kontaiguzu’, ‘Zenbat aldiz esan behar dizut ezetz bakean uzteko?’, ‘Gozatu nahi beste, beste inor gogaitu gabe’.