Sagardoaren lurraldea

"Sagardo zaletasuna gorantz doa: gero eta jende gehiago dator sagardotegira"

Descripción

Tolosako Aldabatxiki auzoan (Gipuzkoa) dago Isastegi sagardotegia. Inguru lasai batean, naturaren erdian. Giro atseginean, lagunekin edo familiarekin, otordu eder bat egiteko toki ezin hobea da. 20...

sidrería isastegi marca sidra sidrería cosecha

Ficha

  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2024-01-31
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016655

Texto completo

Entzun
00:05:40
Tolosako Aldabatxiki auzoan (Gipuzkoa) dago Isastegi sagardotegia. Inguru lasai batean, naturaren erdian. Giro atseginean, lagunekin edo familiarekin otordu eder bat egiteko toki ezin hobea da. 2023ko sagar uzta oparoa izan dute, eta oso gustura daude ekoitzi duten sagardo berriarekin, sagardo bikaina baita.

Zer moduzko sagardoa egin duzue 2023ko uztan bildutako sagarrarekin?
2023koa uzta oparoa eta kalitatezkoa izan da guretzat. Urrian izan ziren tenperatura altuek esfortzu gehigarri bat eskatu zuten, bilketa azkartu behar izan baikenuen sagarraren kalitatea mantendu ahal izateko. Oso gustura gaude aurtengo emaitzarekin. Azken batean, sagar barietate bakoitzak bere nortasuna ematen dio edango dugun sagardoari, eta hortxe dago giltza: errezeta edo nahasketa horrekin asmatzean.

Gorenak sagardoa, Euskal Sagardoa sor-markako sagardoa eta sagar ozpina ekoizten dituzue. Latako sagardoa ere bai. Harrera ona izaten ari da latakoa?
Duela pare bat urte hasi ginen sagardoa latan eskaintzen, eta harrera ona izaten ari da, bereziki esportazioan. Euskal bezeroek harriduraz hartu bazuten ere, gero eta gehiago dira formatu honetara jotzen dutenak. Erosoa da, espazio gutxiago behar du etxean, eta Isastegi sagardoaren nortasuna berdin berdin mantentzen du.

Sagardoa eskaintzeko modu berri bat da. Baduzue beste proiektu berritzailerik?
Badugu, bai, guretzat oso garrantzitsua den beste proiektu bat. Duela lau urte hasi ginen itsas mailatik 650 metroko altuerara dagoen lursail batean sagastia landatzen. Zazpi hektarea landatu ditugu gune horretan, Euskal Sagardoa jatorri izenpean. Proiektu honen helburu nagusiak bi dira: sagar horiek emango dioten ukitu bereziarekin sagardo esklusiboak sortzea eta, noski, bertako sagarraren aldeko apustu sendo bat egiten jarraitzea.

Azpimarragarria da iaz hainbat sari irabazi zenituztela. Urrezko dominak, apirilean Cider World nazioarteko sagardo lehiaketan Frankfurten (Alemania), ekainean Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen duen Sagardo Lehiaketan eta irailean Rigan (Estonia) egin zen Nordic International Cider Awards lehiaketan. Isastegi sagardoaren kalitatearen seinale? Urte askoan egindako lanaren fruituak?
Iruditzen zait azken urte hauetan sagardo estiloarekin asmatzen ari garela. Hori, dudarik gabe, urtez urteko lanaren emaitza da, eta sari horiek lan hori azaleratzen eta goraipatzen dute. Esan beharra dago gure sagardoek ez dutela ez sulfitorik eta ez beste kontserbagarri artifizialik eta horrek lan-dinamika oso zorrotzak exijitzen dituela.

Jende asko espero duzue aurtengo txotx garaian?
Pasa den urtean bezero asko izan genituen, eta aurten ere antzeko kopurua espero dugu gutxienez. Jendearengan sagardo zaletasuna gorantz doala esango nuke, eta, asteburuetako ospakizun eta jai giroaz gain, gero eta gehiago dira aste barruan sagardoak dastatzera datozenak.

Sagardotegira joaten zaizuen jendea Tolosaldekoa izaten da? Tolosaldetik kanpokoa ere bai?
Gehienbat inguruko eskualdeetako bezeroak izaten dira, baina beste probintzietatik ere etortzen dira gurera. Gure sagardoa ezagutzen duten atzerritarrak ere iristen dira sagardoaren sorlekua ezagutzera.

Sagardoak Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere banatzen dituzue?
Bai. Gure merkatuak %85 nazionalak dira, eta %15 esportazioak.

Sagardoa sagardotegian bertan saltzen duzue, online ere bai, eta taberna eta jatetxe ugaritan eskaintzen dute. Horrez gain, saltokietan ere eskura daiteke, Eroskiren saltokietan, besteak beste. Noiztik ari zarete Eroskirekin lan egiten? Gustura elkarlan horrekin?
Bai, noski. Badira 30 urte baino gehiago Eroskirekin lanean hasi zela gure aita. Orduan, Eroski markako sagardoaren sorrera izan zen Isastegi eta Eroskiren arteko elkarlanaren lehen emaitza, eta, horrenbeste urteren ondoren, Eroskik guregan konfiantza izaten jarraitzen du bere markako sagardoa egiteko.

Aipagarria da Isastegi enpresa txiki bat dela, eta familia izaera duela. Miguel Mari aita jubilatu zenetik, semeak arduratzen zarete sagardotegiaz.
Belaunaldi berria ari gara sagardotegian: anaia Mikel eta ni gara arduradunak duela hiru urtetik. 1983an sortu zen familiako negozio txiki bat da gurea.