Sagardoaren lurraldea

Bizkaiko sagardogileak, pozik aurtengo uztarekin

Descripción

Bizkaiko sagardogileek ohiko ekoizpena berreskuratu dute eta 100.000 litro gainditu dituzte. Kopurua baino, bertako sagarraren aldeko apustua nabarmendu dute.

manzana local bizkaia sidra manzana cosecha

Ficha

  • Autor: J.S.
  • Fuente: Gara
  • Fecha: 2024-01-12
  • Clasificación: 1.3. Manzana
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016637

Texto completo

Bizkaiko sagardogileek ohiko ekoizpena berreskuratu dute eta 100.000 litro gainditu dituzte. Kopurua baino, bertako sagarraren aldeko apustua nabarmendu dute.

Bizkaiko sagardogileak itxaropentsu daude urtarrilaren 23an zabalduko duten denboraldi berriarekin. Iaz burumakur zeuden sagar uzta oso eskasa eta aldrebesa izan zelako, baina aurten gauzak hobeto joan direla diote.

Bizkaiko sagardogileen elkarteko lehendakari eta Zornotzako Uxarte sagardotegiko arduradun Jose Antonio Zamalloaren hitzetan, Bizkaian ere beste herrialdeetan izandako arazoak izan dituzte. «Hasieran, udaberriko loraldia ikusita, ematen zuen uzta espektakularra izango zela, baina gero ez da hala izan. Uzta hasi zenean, txingorra eta euria izan genituen eta sagar asko lurrera erori zen».

Horrekin batera, beroa ere egin zuela gogoratu du. «Horrek hezetasun handia sortu zuen. Sagarra batzen hasi ginenerako, asko usteldua zegoen; esan daiteke uztaren %20 inguru galdu genuela».

Arazo horiek kenduta, upategian sartu den sagarra «ona eta sanoa» izan dela nabarmendu du Zamalloak, eta horri esker sagardo bikainak egin ahal izan dituztela. «Fermentazioen ostean ikusi ahal izan dugunez, orokorrean kolore horixkako sagardoak dira, arinak baina orekatuak. Usain aldetik ez dute askorik, baina ahoan oso sagardo politak dira».

Kopuruari dagokionez, iazko ekoizpen eskasaren ondoren, aurten Bizkaiko sagardotegiek ohiko ekoizpena berreskuratu dute eta 100.000 litro baino gehiago egitea lortu dute. Hala ere, kopurua baino, kalitatea eta bertako sagarraren aldeko apustua nabarmendu nahi izan du Jose Antonio Zamalloak. «Azken urteetan bezala, aurten ere bertako sagarrekin osatu dugu Bizkaiko sagardotegietako ekoizpena. Kopuruak ez dira handiak, baina argi daukagu gure filosofia zein den, bertako eta kalitatezko produktua eskaintzea».

Bildutako sagarrarekin, sagardo naturalaz gain, zuku ekologikoa ere egin dute, urtetik urtera gorantz doan produkzioa. Horretaz gain, bi sagardo apardun egiten ere hasi dira, baina momentuz proba moduan eta aurten oraindik ez dituzte merkaturatuko. «Momentuz esperimentalki egin ditugu, baina itxura polita daukate eta espero dugu egunen batean merkaturatzea».

SAGAR ETA SAGARDO SARITUAK
Bizkaian gaur egun zazpi dira sagardogileen elkartea osatzen duten upategiak: Zornotzako Uxarte eta Etxerriagaz gain, Gatikako Etxebarria eta Eguskiza, Lezamako Erdikoetxe, Gizaburuagako Leartibai eta Markina-Xemeingo Axpe.

Ekoizle txikiak badira ere, kalitatezko produktua egiten dute eta gero eta gehiago dira jasotzen ari diren errekonozimenduak. Horrela, Bilboko santomasetako 2023ko edizioan, Axpe sagardotegiko Jose Antonio Bilbaok sagardo onenaren saria jaso zuen eta Gatikako Itziar Etxeberriak, sagar onenen saria.

Gatikako ekoizle honek urteak daramatza lehen sariak eskuratzen, bai sagarrekin, baita sagardoarekin ere. Bere aita Jose Etxebarria zen, orain dela 50 urte baino gehiago bertako sagar motak landatzen hasi zena, bai mahaikoak bai sagardotakoak. Gaur egun, Itziarrek eta bere senarrak jarraitzen diote aitak hasitako bideari eta herrialdeko azoka gehienetan parte hartzen dute.

Jatetxe moduan, hala ere, Zornotzako Uxartek bakarrik egiten du lan, eta Markina-Xemeingo Axpek taldeen esku uzten du jangela. Uxartek datorren ostiralean hasiko du denboraldia, baina urte osoan ere zabalik izango du.

Jose Antonio Zamalloak dei egin die sagardozaleei, urte osoan zehar sagardoa kontsumitzen eta bertako produktuei balioa aintzat hartzen jarraitzera.